Europa da azkarren berotzen ari den kontinentea, mundua batez beste baino bi aldiz azkarrago

Europako Ingurumen Agentziak bost urtean behin lantzen duen txostenean jaso duenez, ingurumenaren narriadurak arriskuan jartzen du Europako bizimodua. «Premiazko» aldaketa baten beharra dagoela nabarmendu du erakundeak.

Bero bolada Bilbon, aurtengo uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bero bolada Bilbon, aurtengo uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko irailaren 29a
11:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berotegi gasen eta atmosferako kutsaduraren emisioak murriztu egin dira Europan, baina klima aldaketa, naturaren degradazioa, gehiegizko ustiapena eta biodibertsitatearen galera mehatxu larriak dira kontinentearentzat. Izan ere, Europa da azkarren berotzen ari den kontinentea, mundua batez beste baino bi aldiz azkarrago. «Klima erritmo kezkagarrian aldatzen ari da, eta hori arriskua da segurtasunerako, osasun publikorako, ekosistemetarako, azpiegituretarako eta ekonomiarako». Era berean, prezipitazioen larritasuna areagotzen ari da, eta hainbat uholde izan dira azken urteotan. 2023an Eslovenian gertatutakoak ekarri ditu gogora txostenak, baita iaz Valentzian gertatutakoak ere.

Hala ondorioztatu du Europako Ingurumen Agentziak, bost urtean behin argitaratzen duen txostenean. 38 herrialdetako datuak bildu dituzte azterlana ontzeko, eta Europako ingurumenaren degradazioaz ohartarazi dute. Klimari eta jasangarritasunari buruzko ebaluazioa egitea da txostenaren helburua, Europako, herrialdeetako eta tokiko erakundeek erabakiak har ditzaten.

Ingurumenaren narriadura horrek Europako bizimodua arriskuan jartzen duela esan dute. Gainera, gogoratu dute euroguneko ondasun eta zerbitzuen ekoizpenaren hiru laurden ingurumen zerbitzuen menpe daudela, eta banku maileguen %75 baliabide naturalean menpe dauden konpainiei dagozkiela.

Agentziak «kezkagarritzat» jo ditu ingurumen joera gehienetarako aurreikuspenak. Besteak beste, jakinarazi dute muturreko tenperaturen gorakadak gutxienez 70.000 heriotza baino gehiago eragin zituela 2022an. Horrez gain, Europako hegoaldean kontrolik gabeko suek, ur eskasiak eta lehorteek zuzenean eragiten diete elikagaien ekoizpenari, energiari eta ur hornidura publikoari.

Lurreko zein itsasoko biodibertsitatea ere arriskuan dago, «ekoizpen jasangaitzak eta kontsumo patroiek bultzatutako presioen» ondorioz. Joera horrek bere hartan jarraituko dutela uste dute, eta «ezinezkoa» izango dela 2030erako ezarritako helburuak betetzea.

Eremu babestuak

Txostenaren arabera, habitat babestuen %80 baino gehiago egoera txarrean edo pobrean daude. Agentziak iragarri duenez, nahiz eta Europako eremu babestuak gero eta gehiago izan, horrek ez du bermatzen biodibertsitatea modu eraginkorrean babestuta egongo denik. 2022ko datuen arabera, Europako Batasuneko lurzoru guztiaren %26,1 da babes eremua, eta itsasoen %12,3.

Ur baliabideak ere «presiopean» daude. Europako lurraldearen eta herritarren herenek ur eskasia dute. Nekazaritza da horren arrazoi nagusia:  «Pestizidek uraren kalitatea okertzen dute, algen gehiegizko hazkundea sustatu, oxigenoa agortu eta uretako bizitzan eragin».

Klima aldaketak eragindako egoerak eragina izan du ekonomian ere. 2020 eta 2023 bitartean, urteko galera ekonomikoak aurreko hamarkadako batezbestekoa baino 2,5 handiagoak izan ziren. 

Klima aldaketa arintzeko, hala ere, txostenak nabarmendu du «aurrerapen handia» egin dela. Esaterako, berotegi gasen isuriak %37 murriztu dira 1990etik. Erregai fosil gutxiago erabili izanak eta energia berriztagarrien kuota bikoiztu izanak eragin du jaitsiera hori. Izan ere, duela bi urte, energia berriztagarriak Europako Batasunaren energia kontsumoaren %24 ziren; erregai fosilak, berriz, %70 baino gehiago.

Horrez gain, industria sisteman ere behera egin dute gas kutsatzaileen isuriek. Hain justu, 2005 eta 2023 bitartean %35ekoa izan da jaitsiera. Mugikortasun eta elikadura sistemen emisioen murrizketa askoz txikiagoa izan da: denbora tarte berean, %6 murriztu da etxeko garraioan eta  %7 nekazaritzan. Atmosferako kutsadura ere nabarmen murriztu da. Partikula finei egotzitako heriotza goiztiarrak %45 gutxitu dira. Hala ere, oraindik ere urtean gutxienez 239.000 heriotza eragiten ditu atmosferako kutsadurak.

Europako Ingurumen Agentziaren txostenak adierazi du beharrezkoa dela ekoizpen eta kontsumo sistemetan «premiazko» aldaketa bat egitea, ekonomia deskarbonizatuz, eredu zirkularra sustatuz, kutsadura murriztuz eta baliabide naturalak modu arduratsuan administratuz. Hau da, Europako Itun Berdeak ezarritako ildoei jarraitu beharra azpimarratu du. Besteak beste, proposatu dute funtsezko sektoreak deskarbonizatzea —hala nola garraioa—, nekazaritzako emisioak murriztea eta trantsizio berde eta digitalean inbertitzea.

Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteordeak ohar bidez adierazi duenez, «txostena gogorarazpen triste bat da, Europak bere bideari eusteko eta klima eta ingurumen helburuak bizkortzeko». Haren hitzetan, helburu klimatikoak atzeratzeak kostuak handitu besterik ez luke egingo, eta desberdintasunean sakondu eta erresilientzia ahuldu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.