"Momentuak bitartekaritza gomendatzen du eta bitartekaritzak nazioartekoa izan behar du eraginkorra izateko". Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen hitzak dira. Puigdemontek Espainiako gobernuari eskatu dio bitartekaritza onartu eta baldintzarik gabeko elkarrizketari bide eman diezaiola.
Ordu batzuk besterik ez ditu behar izan Mariano Rajoyren gobernuak edozein bitartekaritza motari uko egiteko. Espainiako Atzerri Gaietarako ministro Alfonso Dastisek baztertu egin du aukera. "Ez dugu uste Europako Batasunaren bitartekaritzarako arrazoirik dagoenik. Hau ez da bi alderen arteko gatazka bat".
Europako Batzordeak berak ere uko egin dio ardura hori hartzeari. Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteordeak, ontzat eman du Espainiako Gobernuaren argudioa, eta estatuaren "barne arazoa" dela defendatu du. Europako Parlamentuan baina, ezkerreko alderdiek esku hartzeko eskatu diote Europari, gaur arratsaldean Kataluniako egoerari buruz egin duten eztabaidan.
Kataluniatik, bestalde, hainbat ekinaldi jakinarazi dira nazioarteko bitartekaritza sustatzeko. Ada Colau Bartzelonako alkateak Europako herrialdeetako kontsulak deitu ditu bilera batera, ostegunean, udaletxean. Europako estatu kideetako ordezkarien arteko iritzi trukea bultzatu nahi duela adierazi du, eta Europako erakundeen esku hartzearen beharra helarazi.
Kataluniako Sindic de Greuges —Arartekoaren pareko figura Katalunian— "baldintzari gabeko elkarrizketa" ahalbidetzeko prest agertu da. Adierazi duenez, "nazioarteko oso goi mailako erakundeekin" izan da harremanetan, bitartekaritza aukerak aztertzeko.
Iñigo Urkulluk bere burua eskaini dio Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari nazioarteko bitartekaritza errazteko Kataluniako eta Espainiako gobernuen artean, baina momentuz Europako exekutiboak ez du esku hartzeko asmorik agertu.
Espainiako Kongresuan, Podemos alderdia Kataluniako alderdi abertzaleetako ordezkariekin bildu da eta bileraren ostean dei egin die Generalitateari eta Espainiako Gobernuari bitartekaritzarako konfiantzazko kideak adostera. Madrilek baztertu egin du proposamena.
Azkenik, TV3k gaur jakinarazi duenez, Kataluniako presidenteorde Oriol junqueras Bartzelonako artzapezpikutzarekin eta Montserrateko abadetzarekin bildu da bitartekaritza lanak egin ditzatela eskatzeko. Hain justu, Mariano Rajoy Espainiako presidentea asteartean Bartzelonako artzapezpiku Juan Jose Omellarekin bildu zela argitaratu du La Vanguardia egunkariak. Omellaz gain, Madrilgo artzapezpiku Carlos Osororekin ere bildu zela ziurtatu du.
Momentuz, ez dirudi Espainiak nazioarteko bitartekaritzarik onartzeko prest dagoenik, eta, oraingoz, Europak onartu egin du jarrera hori. Ikusteko dago Generalitateak independentziarako bide orriarekin aurrera egiten badu —iragarri duen moduan— eta Espainiako Estatuak irtenbide politikorik eskaintzen ez badu —iragarri duen moduan—, tentsio egoeraren gorakada onartzeko prest egongo ote den Europa ala auzia baretzeko neurririk bultzatuko ote duen.