Europak Ukrainarako nazioarteko indar bat sortzeko konpromisoa hartu du; AEBek, menia gainbegiratzekoa

Behin su etena adostuta, Ukrainaren segurtasuna nola bermatu eztabaidatu dute Kieven aliatuek. Lehen aldiz AEBek parte hartu dute 'boluntarioen koalizioaren' bilkura batean.

'Boluntarioen koalizioko' herrialdeetako ordezkariak gaur, Parisen. LUDOVIC MARIN / EFE
'Boluntarioen koalizioko' herrialdeetako ordezkariak gaur, Parisen. LUDOVIC MARIN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 6a
20:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kieven aliatuek beste urrats bat egin dute behin gerra amaitu eta gero Ukrainari segurtasun bermeak eskaintzeko. Adostu dute nazioarteko indar armatu bat sortzea, behin menia indarrean sartuta hura errespetatzen dela bermatzeko. Europako herrialdeek tropak jarriko dituzte; AEBak arduratuko dira nazioarteko indar horri babesa emateaz eta menia gainbegiratzeaz. Parisen bildu da gaur boluntarioen koalizioa.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «aurrerapauso nabarmena» eman dutela adierazi du bilkuraren ostean emandako prentsaurrekoan. Gainera, Kieven aliatu guztien artean «bateratasuna» dagoela ere nabarmendu du. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, «ia-ia prest» dago Ukrainarako segurtasun bermeen «arkitektura».

Frantziak eta Erresuma Batuak konpromisoa hartu dute beren tropak Ukrainan hedatzeko, eta horretarako aukera mahai gainean jarri dute, besteak beste, Espainiak eta Norvegiak ere. Bestalde, Italiak ez duela soldadurik bidaliko esan du. Eta Alemania militarrak bidaltzeko prest agertu da, baina Ukrainaren mugako herrialderen batera.

Parisko Eliseo jauregian egin dute bilkura, eta arratsaldeko hirurak inguruan hasi da. Aurrez, Zelenski Macronekin eta AEBetako ordezkariekin batzartu da. Steve Witkoff Etxe Zuriaren mandatari berezia eta Jared Kushner Donald Trump presidentearen aholkularia izan dira ordezkaritza horren buru. Washingtonek lehen aldiz hartu du parte boluntarioen koalizioaren bilkura batean. Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak dute talde horren gidaritza.

Guztira, gaurko bileran koalizioa osatzen duten 35 herrialdeetako ordezkariek hartu dute parte. Estatuburu eta gobernuburuez gainera, Parisen izan dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Rutte, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Europar Kontseiluko presidente Antonio Costa.

Ukrainan su etena lortu ostean Kievi segurtasun bermeak nola eskaini zehaztu nahi izan dute bilkuran. Eliseoak zabaldutako programaren arabera, honako hauek izan dira gaur landu dituzten gaiak: su etena lortzeko eta bermatzeko moduak, Ukrainako armadari eman beharreko laguntza, nazioarteko indar baten eraketa, Errusiak berriz eraso egingo balu eman beharreko erantzuna, eta luzera begira Ukrainari defentsan laguntzeko konpromisoa.

Oraingoz, meniarik ez

Ukrainari segurtasun bermeak eskaini aurretik, ordea, beharrezkoa da su etena adostea. Eta gaur-gaurkoz, negoziazioak abian badira ere, aldeak ez dira asko hurbildu. Azken asteetan areagotu egin dituzte elkarrizketak. Abenduaren 28an, Zelenski Trumpekin bildu zen, Mar-a-Lagon (Florida, AEB). Bilera haren ostean, AEBetako presidenteak iragarri zuen AEBak prest daudela behintzat hamabost urtez Ukrainari segurtasun berme «sendoak» emateko. Ez zuen gehiago zehaztu, baina Kieven Europako aliatuak «inplikatuta» egongo zirela esan zuen.

Moskuren eta Kieven arteko adostasuna «inoiz baino gertuago» dagoela esan zuen Trumpek, baina hori esan eta esan ari da iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik. Halere, aitortu zuen oraindik airean daudela lurraldetasunari buruzko zenbait auzi «arantzatsu». Errusiak bere esku nahi ditu Donbassko bi eskualdeak, Donetsk eta Luhansk; Ukraina, berriz, prest dago tropak ateratzeko Donetsken kontrolpean duen gunetik —%20 ingururi eusten dio—, gune desmilitarizatu hori esparru ekonomiko berezi bat bihurtzearen truke.

Oraingoz, baina, akordiorik ez dago. Eta otsailean beteko dira lau urte Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Gaur bertan Kievek jakinarazi du Errusiatik 61 drone jaurti dituztela. Bestalde, Ukrainako armadak esan du Errusiaren arma biltegi bati eta erregai depositu bati eraso egin dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.