EB Europako Batasunak 28 enbaxadore berri izendatu ditu. Europako diplomaziaburu Catherine Ashtonek jakinarazi zituen postuak beteko dituztenen izenak herenegun. Guztira, EBk mundu guztian zehar 7.000 langile eta 150 ordezkaritza izateko lanean ari da Ashton. Enbaxadore horien helburua Indiari, Japoniari, Brasili eta beste hainbat herrialde garrantzitsuri Europako Batasunak 27 herrialdeen babes politikoa duela erakusten saiatzea da.
EBko presidente Herman van Rompuyren hitzetan, erakundearen «indar diplomatikoa» ez dago benetan duen indarraren maila berean. EBko 27 herrialdeetan 500 milioi lagun inguru bizi dira,eta munduko aberastasunaren %22 dute. Van Rompuyren iritziz, ez da nahikoa mezu bateratua bidaltzea, hori egoki iristen dela ziurtatu behar dute.
Baina hainbat herrialdek eta alderdik enbaxadoreen hautaketa kritikatu dute. Aukeratu dituzten 28en artean, Europa ekialdeko lau herritar eta sei emakume bakarrik daude. Polonia eta Eslovenia horren inguruan kexatu dira. Ashtonek erantzun die postu bakoitzerako onena iruditzen zitzaiona aukeratu duela, etaAfrikarakoherrialdeetan enbaxadoreak aurkeztu izan balituzte, postu gehiago lortuko zituztela. Esloveniako Atzerri ministro Samuel Zbogarrek jakinarazi du oso «desilusionatuta» dagoela. Haren hitzetan, Europan botere gutxien duten herrialdeak kontuan hartu beharko lituzkete. Esloveniak, adibidez, ez dauka ordezkaririk EBko nazioarteko erakunde bakar batean ere.
Beste batzuen artean, oraindik AEBetako, Brasilgo eta Irakeko enbaxadoreak izendatu behar dituzte. Herrialde horiek oso garrantzitsuak dira EBrentzat. Ashtonek jakinarazi du hurrengo asteetan enbaxadore gehiago izendatuko dituztela.
Europako Batasunak enbaxadoreak izendatu ditu
Munduko potentzia nagusien aurrean batasun politikoa erakutsi nahi du Europako Batasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu