Europako Batasunak eta AEBek "terrorismoaren" kontrako estrategia bateratua jarraituko dute

"Nazioarteko mehatxuen eta batez ere herrialde musulmanetatik datorren terrorismoaren kontra" estrategia bateratua bideratuko dute hemendik aurrera AEBek eta Europako Batasuneko 27 herrialdeek. Datu eta ikerketei buruzko informazio trukaketa egingo dute, besteak beste.

2010eko ekainaren 3a
22:35
Entzun
AEBek eta Europako Batasuneko herrialdeek "estrategia bera izango dute, %100ean terrorismoaren kontrako borrokan, nazioarteko mehatxuen eta batez ere herrialde musulmanetatik datorren terrorismoaren kontra". Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eman ditu deklarazio horren xehetasunak Luxenburgon, Barne ministroek onartu ostean. "Deklarazio horren bidez mezu argi eta bateratua bidaltzen diegu herritar guztiei eta zoritxarrez indarkeria erabiltzea pentsatzen ari direnei". Testuak "terrorismoaren kontrako mezu sendoa" ematen du, eta era berean, "beste kulturekiko errespetua erakusten du".

Datu trukaketa, elkarren ikerketa polizial eta juridikoen berri izatea, eta sortzen ari diren eta dauden taldeen informazioa ematea izango dira elkarren arteko lankidetzaren asmoetako batzuk, eta talde horien finantzazio iturriak moztea. Horrez gainera, sinatzaile ororen herrietako segurtasun neurriak mugetan gogortzea izango da beste egitasmoetako bat.

Brusela eta Washington ados dira Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua "ezinbestekoa arma multulaterala" dela Al Kaedaren eta talibanen mehatxuari erantzuteko, eta horien erabakiak ezinbestekoak direla uste dute borroka horretan.

Tortura ez erabiltzeko konpromisoa

Deklarazioak, bestalde, herrialdeetako segurtasun neurriek tortura ez erabiltzeko "agindua" jasotzen du, eta baita erlijioan edo arrazan oinarritutako "estereotipo diskriminatzaileak ez bultzatzea" ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.