Bilera berezia egin dute gaur Berlinen Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniako Atzerri ministroek Solanarekin eta bere programa nuklearra dela eta Iranen aurkako zigor ekonomikoak azter ditzan NBEko Segurtasun Kontseilura jotzea erabaki dute.
"Gure ustez NBEko Segurtasun Kontseilua tartean sartzeko ordua iritsi da", adierazi du Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak. Bestalde Solanak azpimarratu zuenez, Europako Gobernuei ez zaie beste aukerarik geratzen Segurtasun Kontseilura jotzea baino. Straw Erresuma Batuko Atzerri ministroak, aldiz, honakoa azaldu du: "Guztiok lan handia egin dugu gaia IAEAren esku uzteko. Baina IAEAren estatutuan arabera Iranek bere egitekoa bete gabe jarraitzen badu Segurtasun Kontseilura bidali behar dugu".
Bileraren ostean egindako agerraldian Irango agintarien "ezkutuko eta iruzurrez betetako ibilbidea" aipatu dute programa nuklearrarekin lotuta. Bestalde, Teherani egotzi diote "nazioartearekin harreman hobeak izateko aukerari bizkar ematea".
IAEAren bilera
Era berean, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari berehala biltzeko eskaria egin diote. IAEAk erabaki behar baitu Segurtasun Kontseiluari txostena bidali ala ez. Gainera IAEAri dagokio Irani zigor ekonomikoak ezartzea. Hala ere, ministroek ez dute gaur aipamenik egin NBEak har ditzakeen neurri zehatzen gainean.
Datorren astean, Londresen bilduko dira gaia jorratzeko Europako Batasuneko ordezkariak, AEB Amerikako Estatu Batuetakoak, Errusiakoak eta Txinakoak. Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira Txina eta Errusia eta beto eskubidea daukate. Bi herrialdeak Iranen programa nuklearraren inguruko gaia Segurtasun Kontseiluan eztabaidatzearen aurka daude.
iran
Europako Batasuneko hiru potentzia nagusiek Iran NBEko Segurtasun Kontseiluaren aurrera eramatea erabaki dute
Iran NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren aurrera eramatea erabaki dute gaur Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniako Atzerri ministro Philippe Douste-Blazy, Jack Straw eta Frank-Walter Steinmeierrek eta Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi arduradunak. Horien guztien arabera, Iranekin programa nuklearrari buruzko negoziaketak "hilik" daude eta, beraz, gaia NBEko Segurtasun Kontseiluaren aurrera eraman beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu