EUROPAKO BATASUNA. EUROPAKO KONSTITUZIOA

Europako Konstituzioa sinatu dute EBko 25 kideek Erroman

Hitzarmena 2007an jarriko da indarrean, eta bitarte horretan estatuburuek testua berretsi behar dute; onartuko duten erabakitzeko bi bide dituzte: dokumentua Legebiltzarrean bozkatzea edo erreferendumera deitzea

arantxa elizegi egilegor
2004ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Europako Batasuna osatzen duten 25 herrialdeetako gobernuburuek Europako Konstituzioa sinatu zuten atzo Erromako Kontserbadoreen Jauregian. Baina Konstituzioa ez da indarrean jarriko 2007a arte. Bitarte horretan EBko estatu kideek hura berretsiko duten erabaki beharko dute, erreferendumaren bidez edo Legebiltzarrean bozkatuz. Oraingoz, hamaika herrialdek iragarri dute erreferenduma egingo dutela.

Hitzarmena sinatzen lehenak Guy Verhofstadt Belgikako estatuburua izan zen. Turkia, Errumania eta Bulgariak ere sinatu zuten dokumentua, oraindik EBko kide ez diren arren. «Konstituzioari esker, Europa demokratikoago bat sortuko dugu», esan zuen Jose Manuel Barroso Europako Batzordeko presidentegaiak eta hura ahalik eta lehenen berresteko eskatu zien EBko 25 kideei. «Beste inoiz baino gehiago, lanerako indarra beharko dugu etorkizunean, EBn izango diren aldaketei aurre egin ahal izateko», nabarmendu zuen Barrosok.Ekitaldia segurtasun neurri zorrotzez inguratuta egin zen. Erromako kaleak segurtasun indarretako kideez eta poliziez inguraturik zeuden. Denetara 7.000 inguru ziren. Horretaz gain, F-16 motako hegazkin eskuadroi bat zaindu zuen hiriaren erdigunea.

«Europa indartsuagoa»

Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarrak goraipatu egin zuen Konstituzioa sinatu izana. Peter Scheder erakundeko presidenteak, Terry Davis idazkari nagusiak eta Jan Petersen Norvegiako Atzerri ministroak idatzitako dokumentuaren arabera, Europa sendoago eta bideragarriagoa sortzeko atea irekiko du Konstituzioak. Hitzarmenak EBren eta Europako Giza Eskubideen Batzordearen arteko harremanak sendotuko dituela ere nabarmendu zuten.

Hala ere, gobernuburu guztiak ez datoz bat Valery Giscard D'Estaing Frantziako presidente ohiak idatzitako Konstituzioarekin. Britainiar askoren ustez, esaterako, Europako Konstituzioak Erresuma Batuaren barne politika aldatuko luke, erabaki asko EBren esku geratuko liratekeelako. Bide beretik, zergekin, defentsarekin edo gizarte ongizatearekin lotutako gaiak herrialde bakoitzaren esku geratzearen alde egin zuen Londresek. Dokumentuak, ordea, gobernuen eta Europaren arteko botere banaketa zehazten du. Ondorioz, itunak ez ote duen euren eskumena mugatuko beldur dira asko. Bestalde, orain arte ez bezala, Europako Batasuneko presidenteak bi urte eta erdi igaroko ditu karguan eta Europako Atzerri ministro kargua sortuko da. Horretaz gain, estatu kideek beto eskubidea galduko dute zenbait alorretan.

Berretsi beharra

Bulgaria eta Errumaniak Europarekin bat egin aurretik berretsi behar dute estatuburuek Konstituzioa. Bitartean dokumentuak ez du inolako indarrik edukiko. Herrialderen batek testua atzera botaz gero, jarraitu beharreko bidea, ordea, ez dago argi. Halakorik gertatuz gero, hiru irtenbide leudeke: bigarren aldiz bozkatzea, agian beste estatuekin negoziatu ostean; herrialde hori Europako Batasunetik kanpo uztea; Konstituzioa aldatu edo bertan behera uztea.

Lehendik ere arazoak izan dira EBko hitzarmenen gaineko erreferendumekin. Irlandak eta Danimarkak, esaterako, ezezkoa esan zuten galdeketetan. Hitzarmenik gabe Europako instituzioen arteko harremanak zuzenak izango ez diren beldur dira agintariak. Espainia izango da herritarrak bozkatzera deituko dituen lehen estatua.«Europako bakea eta demokrazia Konstituzioaren araberakoak izango dira. Mendeetan elkarren aurka aritu gara eta odolarekin eta malkoekin ordaindu dugu», esan zuen Jacques Chirac Frantziako presidenteak atzo. Hitzarmena onartzea aurrerapauso handia izango dela nabarmendu zuen.Hitzarmenean kristautasuna aipatu ez izana «miopia kulturala» dela salatu zuen Giovanni Lajolo Vatikanoaren ordezkariak. Erlijioa Europaren izaeraren eta historiaren zati dela nabarmendu zuen Lajolok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.