Immigranteen aurkako neurriak are gehiago gogortu ditu EB Europako Batasunak. Gaur europarlamentuak «herrialde seguruen» inguruko legedian aldaketak egitea onartu du. Neurri berriek erraztu egingo dute Giorgia Meloni Italiako presidenteak abian jarri nahi duen eredua, hau da, migranteak beste herrialde bateko deportazio zentroetara bidaltzea. Izan ere, gaur onartu dutenez, etorkinak EBtik kanpoko herrialde batera deportatzeko nahikoa izango da estatu horrek talde komunitarioko herrialderen batekin hitzarmen bat sinatua izatea.
Hortaz, Italiak Albaniarekin migranteen inguruko akordio bat sinatua duenez, neurri berriek aurrera egiteko bidea eman diezaiokete Meloniren planari. Gainera, iazko irailean gisa bereko hitzarmen bat egin zuten Herbehereek. Ugandarekin. Gaurko berrikuntzen ondorioz, EBko herrialdeek hiru kasutan deportatu ahal izango dituzte asilo eskatzaileak: migrantea eta hirugarren herrialdearen artean nolabaiteko lotura baldin bada —hori zen orain arte kontuan hartzen zena—, migrazio prozesuan herrialde horretatik igaro bada, edo herrialde horrek EBko estatu kideren batekin akordioa sinatua badu.
Hiru kasu horietan, hirugarren herrialdera bidali ahal izango dituzte migranteak, eta han aztertuko dute haien asilo eskaria. Halere, herrialde horiek seguruak ez direla uste izanez gero asilo eskatzaileak auzitara jo ahal izango du. Hain justu, Italiako auzitegiek behin baino gehiagotan bota dituzte atzera Meloniren gobernuak agindutako deportazioak.
«Herrialde seguruen» zerrenda
Bestetik, Europako Parlamentuak jatorriko «herrialde seguruen» zerrenda bat osatu du. Bangladesh, Kolonbia, Egipto, Kosovo, India, Maroko eta Tunisia daude zerrenda horretan; hau da, herrialde horietatik iritsitako asilo eskatzaileak deportatzea errazagoa izango da. Gainera, adierazi dute EBn sartzeko hautagaiak diren herrialdeak joko dituztela «herrialde segurutzat. Horien artean daude Albania, Bosnia, Georgia, Moldavia, Montenegro, Ipar Mazedonia, Serbia, Turkia eta Ukraina.Â
Aldaketa horien alde bozkatu dute EAP Europako Alderdi Popularreko ordezkariek, eskuin muturrekoek, eta baita zenbait alderdi sozialdemokratetako diputatuek ere. Kontra agertu dira, bestalde, ezkerreko ordezkari gehienak. Erik Marquardt Alemaniako Berdeak alderdiko eurodiputatuak, esaterako, salatu du «herrialde segurutzat» dituzten herrialdeen artean badaudela giza eskubideen urraketa «larriak» gertatzen diren herrialdeak. Tunisia eta Egipto aipatu ditu. Eta ohartarazi du neurri berrien ondorioz herrialde horietako asilo eskatzaileek zailtasun handiagoak izango dituztela jazarriak izaten ari direla frogatzeko.