Beroaldiak, uholdeak, baso suteak, haizeteak, ur eskasia eta intsektuen ziztaden ugaltzea dira klima aldaketaren ondorioetako batzuk. Europar gehienek —bost europarretatik lauk— jasan dute azken bost urteetan ondorio horietako bat gutxienez, baina oso gutxik dituzte, ostera, baliabide egokiak ondorio horiek beren etxebizitzetan sortzen duten ezerosotasuna samurtzeko. Europako Ingurumen Agentziak eta Eurofundek (Bizi eta Lan Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioa) Europako Batasuneko 27 herrialdeko 27.000 pertsonari egindako inkesta baten ondorio nagusiak dira horiek; Overheated and unprepared (Behar baino beroago, eta ez behar bezain prest) dokumentuan jaso dituzte.
Txosten horretan zera aztertu dute: klima larrialdiari buruz europarrek dituzten zenbait pertzepzio; hau da, galdetu diete zer iritzi duten planeta gero eta gehiago estutzen ari den klima larrialdiaren inguruan, eta haien etxeak eta herriak behar bezala prestatuta ote dauden horri aurre egiteko. Horretaz gain, tokiko administrazioek fenomeno horren kalteak arintzeko martxan jartzen dituzten neurriei buruzko iritzia ere eman dute.
Emakumeak, gazteak eta Europako ekialdeko eta hegoaldekoak dira klima larrialdiari dagokionez kezkarik handiena erakusten duten herritarrak. Kontinentearen iparraldeko biztanleek, berriz, arriskuaren pertzepzio txikiagoa dute. Tenperatura altuei dagokienez, hegoaldekoen %61 oso kezkatuta dago, iparraldekoen %30en aldean. Muturreko uholdeen kasuan ere proportzioa bera da (%50 hegoaldean, %25 iparraldean), eta antzekoak dira datuak baso suteen kasuan (%59 hegoaldean, %30 iparraldean).
Europako Ingurumen Agentziak eta Eurofundek ohartarazi dutenez, klima larrialdia mehatxu handia da Europako ongizaterako eta garapenerako, baita herritarren osasunerako ere. Haien ustez, agintari politikoek larrialdi horri egokitzeko beharra onartzen duten arren, ez dute sakonki aztertu etxebizitzetan, zehazki, zer neurri hartu daitezkeen arrisku klimatikoei aurre egiteko, kontuan izanda etorkizunean handiagoak izango direla.
1
Muturreko beroa eta baso suteak
Muturreko beroa da europarrak gehien arduratzen dituen fenomenoa. Inkestatutakoen erdiek esan dute gehiegizko beroa jasan izan dutela etxe barruan, eta %47k lanean edo eskoletan jasan dute beroa. Baso suteak ere kezka iturri nagusien artean daude, batez ere kontinentearen hegoaldean: Grezian (%41), Portugalen (%35) eta Zipren (%20). Bi fenomeno horiek herritarren kezka nagusien artean dira, herritarrek haien inpaktua jasan zein ez: %52 arduratuta daude tenperatura altuek haien bizitzetan duten edo etorkizunean izango duten inpaktuarekin. Baso suteen beldurra ere oso zabalduta dago: %48,7k adierazi dute kezka.
2
Txarto prestatuak
Larrialdi klimatikoak berekin dakartzan arriskuez jabetuta ere, bost etxebizitzetatik batek ez du babes klimatikoko oinarrizko neurri bat ere: ez aireztatze eta hozte sistemarik beroari aurre egiteko, ez inpermeabilizaziorik uholdeetatik babesteko, ezta euri urak jasotzeko sistema egokirik ere. Inkestatuen %38k esan dute ezin dutela haien etxea behar bezala freskatu udan, eta %66ra igotzen da portzentajea egoera ekonomiko okerragoa dutenen artean. Beste datu esanguratsu bat eman dute: baliabide ekonomiko gutxien dituztenek, errentan daudenek eta osasun egoera kaskarra dutenek adierazi dute klima larrialdiaren ondorio gehiago eta intentsitate handiagoz pairatu dituztela. Datu horiek agerian utzi dute klimaren aldaketari egokitzeak lotura zuzena duela desoreka sozioekonomikoarekin.
3
Pobreak, okerrago
Klima larrialdiak, beraz, gordinago jotzen ditu egoera sozioekonomiko okerragoa dutenak. Adibidez, edateko uraren eskasia pairatu izan duten herritarren kopuruari begiratuta, %15ek diru sarrera apalak dituzte, eta %4 —ia lau bider gutxiago—, berriz, egoera ekonomiko erosoagoan daude. Baso suteen kasua antzekoa da: zaurgarrienen %11k eta egoera ekonomiko hobea dutenen %5ek pairatu dute suteen eragina. Etxea fresko edukitzeko zailtasunak dituzten herritarren artean, bi herenak dira maila ekonomiko apalekoak; hilaren amaierara erraz heltzen direnen artean, aitzitik, %9.
4
Eraikin zaharrak
Txostenaren egileek ohartarazten dutenez, Europako etxebizitza gehienak eraikin zaharrak dira, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa da. Izan ere, etxebizitzen %75Â ez dira energetikoki efizienteak.
5
Tokiko administrazioak
Tokiko administrazioek klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzen ote dituzten galdetuta, muturreko fenomenoen inguruko alertak, sentsibilizazio kanpainak eta lehorte garaietako ur murrizketak dira herritar gehienek identifikatu dituzten neurriak. Gutxiagotan aipatu dituzte azpiegituretan inbertsioak egitea eskatzen duten neurriak; esaterako, zuhaitzak landatzea eta berdeguneak ugaritzea, euri urak egoki jasotzeko azpiegiturak eraikitzea eta uholdeak prebenitzeko obrak egitea. Europako agentziek ohartarazi dutenez, tokiko erakundeen esku dago inbertsio handiak eskatzen dituzten lan horiek, eta horrek desoreka sortzen du hiri handien eta herri txikien artean. Izan ere, azaldu dutenez, herri txikietako eta landa eremuetako tokiko administrazioek maiz ez dute funts nahikorik inbertsio horiek egiteko. Hala, Europako gobernuei eskatu diete esku har dezatela desoreka horiek murrizteko.
6
Hobetzeko proposamenak
Datuek erakusten dutenez, diru sarrera apalak dituzten europarren bi herenek ez dute ahalmen ekonomikorik beren etxeetan muturreko beroari aurre egiteko. Beroak eragin handia du herritarren osasunean eta ongizatean, eta Europa etengabe eta abiadura handian berotzen ari da; hori aintzat hartuta, erakunde publikoei dei egin diete populazio zaurgarrienen aldeko neurriak har ditzaten. Proposamen batzuk egin dituzte, gainera, eta guztiek apustua egiten dute jasangarritasun energetikoaren alde: hozte pasiborako teknologietan lehentasunez inbertitzea, etorkizuneko klima beroagoari egokitutako kontsumo baxuko sistemak garatzea eta ohiko hozte sistemak neurriz erabiltzea, besteak beste. Leena Yla-Mononen Europako Ingurumen Agentziako zuzendariaren esanetan, «prebentziorako eta aurrez prestatzeko neurriak» behar dira larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egiteko eta, hala, «Europako gizartearen ongizatea eta garapena» bermatzeko. Neurri horiek, erantsi duenez, «bidezkoak» izan behar dute, eta gizarte osoa hartu behar da kontuan, «inor atzean utzi gabe». Haren iritziz, arreta berezia jarri behar dute herritar guztiek eskuragarri izan ditzaten haien etxeetan baldintza duinetan bizitzeko baliabideak.