Europan «komunitate politikoa» hedatzeko goi bilera egingo dute

Lehen bilera egingo du gaur Europako Komunitate Politikoak, Pragan. Atzerri gaiei buruzko foro bat izatea du helburu, EBren eta haren inguruko herrialdeen arteko «elkarlan politikoa» sustatzeko

Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea , Macron Frantziako presidentea eta Michel Europar Kontseiluko presidentea. OLIVIER HOSLET / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Europako Komunitate Politikoak lehen bilera egingo du gaur, Pragan. Hura sortzeko proposamena Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sustatu du, iritzita beharrezkoa zela EB Europako Batasunaren eta haren bizilagunen arteko «elkarlan politikorako plataforma bat». Macronek maiatzaren 9an aurkeztu zuen proposamena, Europaren Egunean. Errusiaren Ukrainako inbasioak Europara gerra ekarri duen honetan kontinentea «egonkortzen» lagunduko duen erreminta bat da, adierazi zuenez. Komunitatearen lehentasuna izango da EBko estatu kideek eta haren inguruko herrialdeek foro bat izatea Europako segurtasun auziei buruz eta erronka geopolitikoei buruz eztabaidatzeko.

Europar Kontseiluak antolatu du gaurko goi bilera —Txekiako Gobernuaren esku dago orain kontseiluaren presidentetza—, eta 44 estatu gonbidatu ditu: EBko 27 estatu kideez gain, EBren parte bihurtzeko bidea hasia dutenak, eta Erresuma Batua, Turkia eta Israel, besteak beste.

Talde berriaren helburua da EBren parte ez diren Europako estatuei bide bat eskaintzea Batasunarekin elkarlan politikoan aritzeko. EBko estatu kide bihurtu nahi duten baina oraindik horretarako baldintza ekonomikoak betetzen ez dituzten estatuentzat da proposamena, bai eta EBko kide bihurtzeko interesik ez duten baina blokearekin harreman estuagoa nahi duten Europako herrialdeentzat ere.

Egitasmoak arrakasta izan dezan, zenbait adituk ezinbestekotzat daukate argi uztea komunitatea zer ez den. IJD Jaques Delors institutuaren eta CESP Europako Politiken Ikerketarako Zentroaren iritziz, ez du izan behar estatu kide bihurtu nahi duten estatuentzako alternatiba urardotu bat. Iraganeko okerretatik ikasi behar dela nabarmendu dute.

Macronek bere proposamenaren aurrekari gisa aipatu zuen François Mitterrand Frantziako presidente ohiaren Konfederazio Europarra. IJDk egitasmo horrek izan zituen «gabeziak» aintzat hartzera deitu du. «Konfederazio Europarrari entzungor egin zioten Europa erdialdean», EBko estatu kide bihurtu nahi zuten estatuek «alternatiba ez horren erakargarri bat zela ulertu zutelako». Talde berriak mesfidantza piztu du hasieratik blokearen parte bihurtzeko prozesua abian duten estatuen artean, eta, beraz, Bruselak horiek konbentzitu beharko ditu estatu kide bihurtzeko prozesuarentzat lagungarri izango dela Europako Komunitate Politikoa.

«Ukrainako gerraren ondorioz, hedatzearen auzia EBren erronka politiko nagusia bihurtu da beste behin», IJDren esanetan. Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi eta lau egunera aurkeztu zuen Kievek EBko kide izateko eskaria, eta, ekainean, hautagai estatusa aitortu zien Europar Kontseiluak Ukrainari eta Moldaviari. Errusiarekin duen gatazkak salbuespenezko kasu bihurtu du Ukraina. EBrekin bat egiteko prozesu azkar bat galdegin du Kievek, baina EBko agintariek ohartarazi dute «urteak» beharko direla hura estatu kide bihurtu ahal izateko.

IJDren iritziz, talde berriak aukera eman beharko lioke herrialdeari «EBren dimentsio politikoan eta instituzionalean» parte hartzeko, «arlo ekonomikoan bat egite mailakatu bat» ahalbidetzen dion bitartean. Eta berdin EBren parte izan nahi duten gainerako herrialdeekin ere. Bruselak Mendebaldeko Balkanetako herrialdeen bat egite prozesuari ezarri dion erritmo geldoak etsipena eragin du estatu horietako zenbait sektore politikoren eta herritar ugariren artean. EBk jokoan du herrialde horietan europazaletasuna indartzea, jakinik hedatze prozesuak luze joko duela oraindik. Macronek hauspotutako taldeak erronka horri erantzun beharko dio era berean, elkarlan politikoaren bitartez.

Zehaztasun gutxi

Orain arte, taldearen helburu nagusiak eta haren funtzio orokorra aipatu dira soilik, baina EBko agintariek zehaztasun gutxi eman dituzte hortik harago. Batetik, argitzeko dago EBko instituzioek zer egiteko izango duten. Charles Michel Europar Kontseiluko buruak esana du bilkurak EBren kontseiluetan egingo direla, baina kide gehiagorekin. Macronek, berriz, adierazi du gobernu artekoa izango dela, eta EBren erakundeak ez direla erdigunean egongo.

Atzerri gaien eztabaidari dagokionez, zalantza da talde berriaren eztabaidak zenbateraino izango diren eraginkorrak. CESPen iritziz, «garrantzi globala duten gai estrategikoetan» zaila izango da erabakigarria izatea, kontuan izanda EBren aliatu nagusiak Europatik kanpoko estatuak direla. Zehazteko dago, atzerri eta segurtasun gaiez gain, kideen arteko elkarlana zer arlotan garatuko den. Frantziak, besteak beste, klima aldaketa, energia, elikadura segurtasuna, azpiegiturak eta migrazioa aipatu ditu.

Beste galderetako bat da Europako Komunitate Politikoko estatuei zer segurtasun berme eskainiko zaizkien. Bereziki, Ukrainari eta Moldaviari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.