ekialde hurbila

Europar Batasunak Libanon borrokak amaitzeko eskatu du

Libanon “berehalako su-etena” eskatu dute gaur arratsaldean Bruselan bildu diren Europar Batasuneko atzerri ministro gehienek. Baina azkenean, batez ere Britainia Handiaren presioaren ondorioz, gatazkak amaitzeko baino ez dute eskatu. Frantziar atzerri ministro Philippe Douste-Blazyk esan duenez, Israel eta Libano artean NBE Nazio Batuen Erakundearen gidaritzapeko segurtasun indar bat ezarri nahi da, baina horretarako bi aldeak ados egotea ezinbestekoa da. Bitartean,borroka irabazten ari direla esan du Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek

2006ko abuztuaren 1a
19:27
Entzun 00:00:0000:00:00
Hezbolaren aurkako borroka irabazten ari direla esan du gaur Israelgo lehen ministroak. Beste bi aste eskatu ditu Israelgo Armadak Libanon bere lana bukatzeko. Bien bitartean, Israelgo Gobernuak Libanoren aurkako lurreko erasoaldia zabaltzea erabaki du. Erasoaldia zabaltzeko erabakia plazaratu aurretik Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak ziurtatu du “datozen orduetan” ez dela su-etenik izango Libano eta Israelen arteko mugan, “ez eta datozen egunetan ere”. Israelek, beraz, “mehatxua ezabatzen dugunean eta bahitutako gure soldaduak etxera onik itzultzen direnean” emango dio amaiera gerrari.

Antza denez, Segurtasun Kontseiluan onartu duten planaren aurreikuspenen arabera Libano hegoaldean sei kilometro barneratuko dira Israelgo Armadako soldaduak. Operazioaren helburua Hezbola milizia xiitaren baseak edo eraikinak suntsitzea da. Nazioarteko indarrak bertan hedatu arte, erasoaldia bi astez luzatu daiteke.

Bonbardaketak

Israelgo Armadako hegazkinekLibanoko ipar-ekialdeako Hermel hiria eta Siriako Homs elkartzen dituen errepidea erasotu dute gaur. Antza denez, Hermel Hezbolaren gotorlekuetako bat da eta lekukoen arabera, gutxienez bost misil jaurti dituzte hegazkin israeldarrek.

Bien bitartean, Libano hegoaldearen aurkako bonbardaketek bere horretan jarraitzen dutela jakinarazi du Libanoko ‘Future’ telebistak. Besteak beste, Al Mansuri eta Al Teibi izan dituzte jomuga.



Era berean, Al Manar telebista kateak ziurtatu du gauen Libanoko mugako hainbat gunetatik aurrera egiten saiatu direla Israelgo soldaduak. Hezbolako ekintzaileek, baina, barneratze hori oztopatu dutela ziurtatu du Al Manar telebistak.

Bestalde, NBEk orain dela hiru aste Israelen eta Libanoren artean sortutako gatazkak utzitako balantzea egin du. Emandako datuen arabera, 800 lagun baino gehiago hil dira, horietatik herena baino gehiago adin txikikoak. Libanoko Gobernuak jakinarazi duenez, oraindik ere beste 200 gorpu egon daitezke eraikinen azpian. Zauritutakoak 3.000 inguru direla esan du, eta erasoen beldur etxetik alde egin behar izan dutenak 900.000 lagun baino gehiago izan direla jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.