Erregearen kolpea.
Nepalgo errege Gyanendrak bertan behera utzi zuen Gobernua joan den asteartean. Botere guztia bere egin eta larrialdi egoera ezarri zuen hiru urterako. Hainbat buruzagi politiko etxean atxilotuta edukitzeko agindu zuen eta herrialdea bakartzeko neurriak hartu zituen: komunikabideak zentsuratu sei hilabeterako, telefono eta Internet lineak moztu eta aireportua itxi.Errege etxean izandako hilketa susmagarri baten ondorioz hartu zuen Gyanendrak estatuburu kargua, 2001ean. Urte bat geroago, Sher Bahadur Deuba lehen ministroa kargutik kendu zuen. Gerrillari maoisten matxinada geldiarazteko gai ez izatea leporatu zion, orain bezala. Alabaina, hainbat protestaren eraginez, berriz ere karguan jarri zuen iazko ekainean. Demokraziaren aurkako kolpea eman izana leporatzen diote alderdiek erregeari. Nepalgo Kongresuaren Alderdiak «diktadura» ezarri zuela salatu zuen eta monarkiaren aurka batzeko deia egin zien alderdi politiko guztiei. Erregeak «demokrazia eragingarria eta bakea» ezarriko dituela hitzeman du: herrialdea modernizatuko du, matxinada uzten dutenak sarituko ditu eta ustelkeriaren aurka borrokatuko da. «Agintekeriari, kontrabandoari, zerga ihesari eta komisioei esker lortutako ondasunak konfiskatu eta nazionalizatu egingo ditugu», iragarri du erregea buru duen gobernu berriak. Desoreka sozialak dira Nepalgo gatazkaren arrazoi nagusiak: munduko herrialderik txiroenetako bat da Nepal. Himalayak inguratuta dago eta bertan dago munduko mendirik altuena, Everest. Mendi garaiek eta naturak turista zein kirolari asko erakartzen dituzte urtero, baina horrek ez du Indiarekiko merkataritza menpekotasuna aldarazi. Monarkia absolutua izan da Nepalgo aginte sistema, 1991 arte. Eta monarkia zein goi klaseak izan dira orain erregeak salatzen duen ustelkeriaren erantzuleak. Hala salatu du Indiak Nepalen izandako enbaxadore Aravinda D. Reok. Monarkia parlamentario bihurtu bitarteko lau hamarkadetan «porrota, ustelkeria, geldialdi ekonomikoa eta egongaiztasun politikoa» izan ziren nagusi, D. Reoren hitzetan. Katmandun interes handiak izan arren, New Delhik ere erregeak emandako kolpea salatu du eta demokrazia berriz ezartzeko eskatu du. Hainbat hamarkadaz, agintariek herritarrei hezkuntza ematea baztertu zuten, heziketa jasoz gero aldarrikapen sozial eta politikoak egingo zituzten beldurrez. Gaur egun, batez ere nekazari guneetan, Nepal mendebaldean dute sostengua gerrillariek, baina baita Katmandu inguruan ere. Iazko abuztuan grebara deitu zuten hiriburuan, eta hainbat egunez jarduera oro gelditzea lortu zuten. Gerrillarien eta Gobernuaren arteko elkarrizketek porrot egin dute orain arte. Bi aldeak zatitzen dituen gai nagusia monarkiaren rola izan da. Izan ere, maoistek errepublika ezartzea nahi dute. 2003ko abuztuan zazpi hilabeteko su-etena hautsi zuten. Iaz, Bahadur Deubak berriro lehen ministro kargua hartu zuenean, negoziazioei uko egin zieten maoistek, gobernua erregearen txotxongilotzat jotzen zutelako. Gobernua hainbat alderdik osatzen zuten eta haien artean ere tirabira handiak zeuden. Dhan Bahadur Shahi Barne ministro berriak iragarri du maoistekin berehala jarriko direla harremanetan, elkarrizketak hasteko. Gobernua desegiteko erabakia apustu arriskutsua dela uste du Kanak Mani Dixit adituak. Nepalgo Himal aldizkaria zuzentzen du.Dixitek Indiako The News egunkarian argitaratutako artikulu batean dioenez, negoziazioek fruituak emanez gero monarkia sendotzea lor dezake Gyanendrak; porrot eginez gero, aldiz, amaiera izan daiteke. Maoistek alderdien salaketekin bat egin dute. Alderdi Komunistako kideek sortu zuten gerrilla maoista, 1996an. Urte hartan, Legebiltzarreko 205 eserlekuetatik soilik 9 irabazi zituzten. Mao Zedong buruzagi txinatarraren izenetik hartu zuen gerrillak izena. «Komunista on orok jakin behar du botere politikoa pistola baten kanoitik hasten dela», zioen Maok bere Liburu Gorrian. Aldarrikapen politikoak betetzeko ezintasuna ikusita, Maoren hitzak jarraitu zituzten komunistek. Gatazka odoltsua piztu zen, ordea. 10.000tik gora lagun hil dira gerrillarien eta Nepalgo Armadaren arteko borroketan. Katmanduk Armada indartsua dauka, eta Indiaren zein AEBen babes militarra.