William Kaiman armadako buruak egin duen adierazpenean, Moralesi "iradoki" dio dimisioa emateko herrialdean "baketzea eta herrialdearen egonkortasuna" bermatzeko. Moralesek, berriz, dimisioa jakinaraztean, erran du "bake soziala" dela bere nahia, baina egoera salatu du: "Mundu osoak jakin dezala talde oligarkikoak demokraziaren aurka konspiratzen ari direla".
AEE Amerikako Estatuen Erakundeak gaur goizean jakinarazi du hauteskunde prozesuari buruz egin duen ikerketaren emaitza, eta ondorioztatu du sistema informatikoaren "manipulazio argia" egin dela botoen kontaketan. Presidenteak emaitza onartu du, eta, AEEren gomendioari jarraikiz, goizeko bertze agerraldi batean erran du hauteskundeak errepikatuko dituztela. Oposizioak ontzat jo du, baina ez da konformatu: Morales eta Alvaro Garcia Linera presidenteordea ez daitezela aurkeztu exijitu du. Presidenteak men egin die arratsaldean.
Joan den urriaren 20an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Bolivian. Moralesek presidentetza hartu zuenetik (2006) inoiz izandako lehiarik estuena espero zen. Emaitza ofizialen arabera, ordea, Moralesek bigarren itzulia eragotzi eta lehenbizikoan irabazteko behar adinako abantaila atera zion Carlos Mesa oposizioko liderrari —hamar puntu baino gehiagokoa—, eta oposizioak iruzurra salatu eta ez zuen emaitza onartu. Tentsioa egunez egun handitu da, eta oposizioko jarraitzaileek azken egunotan areagotu egin dituzte indarkeria ekintzak, bai tamainan, bai kopuruan, Moralesi agintean dagoenetik aurre egin behar izan dion krisirik larriena sortzeraino.
Moralesek goizean erran du hauteskundeak errepikatuta "Boliviako herriak demokratikoki" aukeratuko dituela "agintari berriak, eragile politiko berrien parte hartzearekin". Hauteskunde Auzitegi Gorena arduratzen da bozen antolaketa eta prozesu osoaz, eta presidenteak jakinarazi du organo horren ordezkari guztiak aldatuko dituztela. "Datozen orduetan Asanblea Legegile Plurinazionalak [parlamentuak] indar politiko guztiekin hitzartuta ezarriko ditu prozedurak".
Gainera, La Paz Departamentuko Fiskaltzak auzitegi horretako arduradun nagusiak auzipetzeko prozedurak hasi ditu.
AEEko 36 ikerlari ailegatu ziren Boliviara hilaren 1ean, gobernuarekin hala hitzartuta. 176 akta aztertu dituzte, eta adierazi dute horien %38,07k botorako eskubidea zuten herritarrak baino boto gehiago biltzen zituztela. "Proiekzio estatistikoak kontuan hartuta, posiblea da Morales hautagaia lehenbizikoa izatea eta Mesa hautagaia bigarrena, baina estatistikoki ez da probablea bigarren itzulia eragozteko %10eko aldea lortu izana".
Bakerako deia
Goizean, Moralesek eskaera nagusi bat egin du: "Erabaki hau hartu ondoren, tentsioa gutxitzeko eskatu nahi dut. Denok dugu Bolivia baketzeko betebeharra". Presidenteak "guztiei" eskatu die "bizikidetza baketsua bermatzeko". Izan ere, herenegundik gaur goizalderaino gertatu dira eraso bereziki larriak, eta Poliziako kide anitz presidentearen aurka matxinatu dira hiri batzuetan. La Paz hiriburuan, errate baterako, gobernuaren eta parlamentuaren egoitzak babesteari uko egin zioten, eta militarrak soilik gelditu ziren.
Erasoei dagokienez, nabarmentzekoak izan dira, bertzeak bertze, Moralesek Twitter bidez jakinarazi dituenak: etxeak erre dizkiete Chuquisaca eta Oruro eskualdetako gobernadoreei eta presidentearen arreba bati. Presidentearen alderdiko ordezkariek eta egoitzek ere jasan dituzte erasoak —MAS Sozialismorako mugimenduak—. Moralesek azken egunotan salatu du indarkeria ekintza horiek "estatu kolpe bat" direla.
Oposizioko buruzagi berria
"Abertzaletasun izpiren bat bazenu, erretiratu egin beharko zinateke", erantzun dio Mesak Moralesen goizeko prentsaurrekoari. Mesa hauteskundeetako arerio nagusia izan bada ere, bertze lider bat nabarmendu da Moralesen eta MASen aurkako oldarraldian: Luis Fernando Camacho. Abokatua da lanbidez, eta Santa Cruz hiriko Batzorde Zibikoaren presidentea da, hiri horretako 23 elkarte biltzen dituen erakundearena. Hark bultzatu ditu karrikako mobilizazio gehienak, eta La Pazera joan zen Moralesekin elkartzeko asmoz, baina presidenteak ez zion jaramonik egin. Azken egun hauetan hainbat eskaera eta exijentzia egin dizkio gobernuari —hauteskundeak errepikatzea, 48 orduren buruan dimisioa ematea, matxinadarako deiak...—, eta nazioartetik zenbait liderren babesa lortu du —Luis Almagro AEEko idazkari nagusiak Boliviako Gobernuari eskatu dio Camachoren "mugimendu askatasuna" bermatzeko—. Gobernuarentzat, Camacho "kolpista bat" da.
Camacho ez da hauteskundeak errepikatzearekin konformatu, eta presidenteak ez ezik, parlamentari guztiek eta botere judizialeko arduradun guztiek dimisioa eman dezatela nahi du, ondoren "trantsiziorako gobernu bat" osatu eta horrek egiteko hauteskundeetarako deia.