Olga Arderiu. Carme Forcadellen abokatua

«Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa»

Arderiuk adierazi du Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuek graduz aldatzeko baldintzak betetzen dituztela. Haren ustez, amnistiarik ezean, sedizio delituaren erreforma da konponbiderik azkarrena.

ORIOL CLAVERA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak kartzela erregimena malgutzeko aurrerapauso guztiak indargabetu zizkien Kataluniako bederatzi buruzagi independentista espetxeratuei, joan den ostiralean. Ebatzi zuenez, neurri «goiztiarregia» da presoei hirugarren gradua aitortzea edota Zigor Kodearen 100.2. artikuluan jasotzen diren baimenak ematea. Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu zioten auzitegiari. Erabaki «guztiz bidegabea» dela salatu du Olga Arderiuk (Berga, Herrialde Katalanak, 1975) Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohi espetxeratuaren abokatuak.

Zer iruditzen zaizkizu Gorenaren argudioak?

Eman duen argudio bakarra da neurria goiztiarregia dela. Baina zehatz-mehatz aztertu behar dira preso bakoitzari buruz egin diren txosten guztiak, eta, bereziki, gizarteratzeari buruz esaten dena, hori baita garrantzitsuena.

Auzitegiak adierazi du ez direla egotzi zaizkien delituekin lotutako tratamendu programa bat egiten ari.

Ez dago tratamendu programa bereizirik sedizio delituarentzat, baina tratamendu programa bat betetzen ari dira, bakoitzaren egoerari lotutakoa. Beste delitu asko daude tratamendu programa bereizi bat ez dutenak, baina presoek graduetan aurrera egiteko eskubidea dute. Auzitegiak behin eta berriz adierazi du ez direla beren ideologiarengatik zigortuak izan. Halaber, gertakariekin lotutako programa bereizi batek eskatuko luke haiek beste era batera pentsatzea. Finean, erreferendum bat egitea ahalbidetu zuten. Carmeren kasuan, parlamentuko presidente gisa zegozkion eginkizunak bete zituen. Zer tratamendu egin dezake berak?

Auzitegiak esan bezala, salbuespenezkoa al da zigorraren laurden bat bete ez duenari hirugarren gradua aitortzea?

Ez da egia. Preso askori ezartzen zaie. Kontuan izan behar dugu tratamendu batzorde guztiek aztertu dutela gaia, eta espetxe zaintzako epaileek ere bat egin dutela. Auzitegi Gorena da, oraingoz, hirugarren gradua ez zaiela ezarri behar uste duen bakarra. Uste dut une egokia dela eztabaidatzeko ea zigorra ezartzen duen organoak hartu behar dituen espetxe erregimenari dagozkion erabakiak.

Zigorra berrinterpretatzea egotzi die zaintzako epaileei.

Ez dute epaia berrinterpretatu. Presoak ez daude aske. Espetxean lo egiten jarraitu dute. Beren tratamendua betetzen aritu dira.

Gorenak «mendeku gosez» jokatu duela salatu dute presoek.

Graduz aurrera egiteko baldintza guztiak betetzen dituzte, baina ezin dute gainerako presoek bezala bide hori egin. Ez dakigu noiz beteko duten zigor nahikoa, auzitegiaren iritzirako.

Badirudi kartzelatik laster irteteko bide bakarrak amnistia, indultuak eta sedizio delituaren erreforma direla. Zein da egingarriena?

Egokiena amnistia izango litzateke, irtenbide kolektiboa litzatekeelako. Baina ez dakit horretarako adostasun nahikoa izango den. Bestela, sedizio delituaren erreforma izango litzateke irtenbiderik azkarrena, nahiz eta hilabeteetan luzatu daitekeen. Sedizio delitua kenduko balitz edo zigorrak modu argian murriztuko balira, orduan, bai, ez legoke arazorik. Aldiz, tipoaren elementuen erreforma bat izango balitz, ikusi egin beharko litzateke zer aldaketa egiten diren eta presoei eragingo liekeen ala ez. Adibidez, armen erabilera ezinbestekoa balitz sedizio deliturako, orduan, bai, eragingo lieke. Haiek ez dituztenez armak erabili, ezarri zaien zigorra ezerezean geldituko litzateke.

Edozein moduz, sedizio delitua erreformatu beharra dago, agerikoa baita beste herrialde askok ez dutela halakorik eta zigorrak guztiz neurrigabeak direla. Gainera, delituaren definizio abstraktuak manifestazio eta bilkura eskubideekin egiten du talka zuzenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.