Ez daude pozik Txileko pentsio erreformarekin

Gabriel Boricen gobernuak Txilen ezarritako pentsio sistema berriak ez ditu gogobete bestelako eredu baten alde borrokan ari diren erakundeak.

Pentsio sistemaren erreformaren kontrako manifestazio bat Santiago hiriburuan, urtarrilaren 27an. ELVIS GONZALEZ / EFE
Pentsio sistemaren erreformaren kontrako manifestazio bat Santiago hiriburuan, urtarrilaren 27an. ELVIS GONZALEZ / EFE
Cecilia Valdez
2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txileko presidente Gabriel Boricek pentsio sistemaren erreforma promulgatu zuen martxoaren 20an, baina sistema berriak ez du inolaz ere ekarriko zenbait erakunde sozialek aspalditik eskatzen zuten aldaketa. Dena dela, agintaldiko azken urtean, gobernuak aurrera egin du egitasmo horretan, eta ados jarri da Kongresuan nagusi den oposizioarekin, aldaketa batzuk onartzeko.

Txileko pentsio sistema pribatua 80ko hamarkadaren hasieran ezarri zuten, Augusto Pinocheten diktaduran, eta, 90eko urteetan, sistema hori arrakastatsutzat zeukaten zenbait herrialdetan aplikatu zen, hala nola Argentinan, Kolonbian eta Perun. Langileek dirua aurreztu behar zuten Pentsio Funtsen Administratzaileak (AFP) kudeatutako kontu indibidual batean, eta erakunde horren funtsak kapital merkatuan inbertitzen ziren. Hala, amaiera eman zitzaion langileen, enplegatzaileen eta gobernuaren ekarpenak jasotzen zituen ereduari.

«Orain, hain justu, gizarte segurantzari buruz eztabaidatzen ari gara eskualdean, mehatxu argi bat antzeman baitugu», azaldu du Luis Mesinak, No + AFP koordinakundeko bozeramaileak. «Txile da adibiderik adierazgarriena: 44 urte eman ditu kapitalizazio indibidualeko erregimen pribatua sustatzen, zeinean Estatuak ez duen inolaz ere esku hartzen eta enplegatzaileek ez duten inolako ardurarik hartzen; horrela funtzionatzen duen bakarra da munduan».

Sistema horretan —Estatu Batuetako presidente George Bushek goraipatu egin zuen bere garaian, eredu bikaina zela iritzita—, langile bakoitzak bere soldataren %10 aurreztu behar zuen nahitaez. Boricen erreformaren ondorioz, enpresek %8,5 jarriko dute, eta langileek pentsiorako aurrezkiaren %10 jarriko dute aurrerantzean ere. Mesinaren ustez, paradoxa bat sortu da; izan ere, Txilen, pentsioen %38,6 Estatuak ordaintzen ditu: «Diktaduratik hona, gobernu guztiek adierazi dute Txileko pentsio sistema arrakastatsua dela, eta horrek, hain zuzen, herri mobilizazio handiak eragin izan ditu 2016tik hona, eta 2019ko protesten pizgarrietako bat izan zen».

«Gobernu honek hitzemana zuen Pentsio Funtsen Administratzaileak deuseztatuko zituela, baina haiek sendotu besterik ez du egin»

LUIS MESINANo + AFP koordinakundea

Aurreko urtarrilean, Senatuak aldaketa onartu eta gero, Diputatuen Ganberak beste hainbeste egin zuen, 110 boto alde zituela, eta 38 kontra. «Orain, 43 urteren ondoren, pentsio sistemaren erreforma bat onartu da, eta horrek aldatu egingo du diktadurak 1981ean herrialde honetan egin zuena», adierazi zuen, pozez, Lan ministro Jeannette Jarak, Kongresuan egindako prentsaurreko batean.

Martxo bukaeran, erreforma aplikatuko zela jakinarazi zuen Boricek, eta neurria goraipatu zuen, pentsioak handitu baina banaketa pribatuari eusten baitio: «Lorpen nazionala da hau. Lan handia eskatu du; hamar urtean baino gehiagoan, gobernuek hainbat proiektu prestatu dituzte pentsioak hobetzeko asmoz. Baina ez zuten akordiorik lortu. Hala gertatu izan da oraingo prozesuan ere. Alabaina, luze hitz eginez eta bete-betean ahaleginduz, erreforma onartzea lortu dugu».

1981eko pribatizazio prozesua Jose Piñerak sustatu zuen, Sebastian Piñera presidente ohi zenduaren anaiak, alegia; zera esan zuen berriki onartutako erreformari buruz: «Luzaroan iraun dezala kapitalizazio indibidualeko sistemak. Boricen erreformari esker, sendotu egin da gure eredua». Gobernuan dagoen koalizioak ere laudatu zuen erreforma. Aktibisten ustez, ordea, ez dago zer laudatu. «Gobernu honek herri xehearen botoei esker lortu zuen gobernatzea, eta hitzemana zuen Pentsio Funtsen Administratzaileak deuseztatuko zituela, baina haiek sendotu besterik ez du egin», iritzi dio Mesinak.

Gael Yeomans diputatua da, gobernuan dagoen Fronte Zabala koaliziokoa, eta, nahiz eta onartu erakunde sozialak ez direla konforme geratu erreformak ekarriko dituen aldaketekin, azaldu du beren esku zegoena lortu dutela, kontuan izanda nola dauden banatuta indarrak Kongresuan: «Gobernuak gutxiengoak ditu, eta eskuinak, berriz, gehiengoak; baldintza politikoak ez ziren aproposak nahi genuen erreforma aurrera ateratzeko, baina onartutakoa aurrerapausoa iruditzen zaigu hala ere».

«Baldintza politikoak ez ziren aproposak nahi genuen erreforma aurrera ateratzeko, baina onartutakoa aurrerapausoa iruditzen zaigu hala ere»

GAEL YEOMANSFronte Zabaleko diputatua

Gobernuaren esanetan, erreformari esker gizarte aseguru kontributibo bat sortuko dute, Pentsio Bermatu Unibertsala hobetuko dute, onurak emango dituzte kotizatutako urteengatik, eta pentsio osagarria emango diete emakumeei, haien bizi itxaropenean oinarrituta jasotzen dutena osatzeko. Erakunde sozial eta sindikal batzuek, ordea, erreforma kritikatu dute, argudiatuta Pentsio Funtsen Administratzaileen eredua iraunarazi ez ezik kapitalizazio indibidualaren logika sendotu ere egiten duela eta, hala, indartu egiten duela talde ekonomiko handien irabaziak langileen ongizatearen gainetik lehenesten dituen eredua.

Eztabaiden ondorio

«Erreforma hau bidegabekeriari aurre egiteko modu bat da; pentsiodun batzuek bizi osoa eman dute lanean, eta, hala ere, pobrezia mugaren azpitik geratu dira erretiroa hartu zutenean», azaldu du Yeomansek. «Gainera, Pentsio Funtsen Administratzaileak negozio bihurtu dira, jendearen erretiroaz baliatuta. Horren ondorioz, eztabaida publiko bat sortu zen pentsio sistemak aldatzeko premiari buruz, eta erreforma hau iritsi da. Ez dio konponbide borobilik eman eztabaidari, baina aurrerapauso bat da, eta bidea ireki du etorkizunean aldaketa sakonagoak egin daitezen».

Eredu berria ezartzen denean, Txilen martxan dauden zazpi Pentsio Funtsen Administratzaileek lehian aritu beharko dute inbertitzaile berrien aurka, eta 2,8 milioi pertsonaren pentsioak %14 eta %35 artean handituko dira. Datu ofizialen arabera, Txilen dauden 600.000 erretiratuen artean, erdiek 350 dolar jasotzen dituzte hilean; hau da, gutxieneko soldata (500 dolar) baino gutxiago. Mesinaren esanetan, ordea, eredu pribatua indartuko dute «orain ematen zaion kapitala baino %60 gehiago emanda, eta programako konpromisoei eta diskurtso politikoei traizio egitea da hori». Horrek, jakina, are gehiago belztuko du Txileko politikaren ospea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.