Protestak herrialde arabiarretan

«Ez dugu benetako armada bat»

Libiako frontean ariko diren milizianoak trebatzeko gune batean egon da BERRIA; bitarteko faltaz kexu badira ere, bakean bizi ahal izateko modu bakarra erregimenaren kontrako matxinadan parte hartzea dela uste dute.

Sale Fares milizianoak trebatzen ari da Bengazin; 500-700 soldadugai ditu. ALBERTO PRADILLA.
Alberto Pradilla.
Bengazi
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ikasleek, medikuek baita negozio gizonek ere osatzen dute gure armada. Alegia, ez dugu benetako armada bat». Soldadugaiez ari delarik, irribarre ironiko bat itzurtzen zaio ezinbestean Marei el Bekhuri. Bengaziko matxinoen entrenamendu militarraz arduratzen da. Pilotu zen; Dubain bizi zen, eta maletak hartuta alde egin zuen, otsailaren 17ko manifestazioetan parte hartzearren. Baina, gainerako errebeldeek bezala, ez zuen pentsatu egoera gerra zibil izateraino gaiztotuko zenik. «Lau astean borrokatu nintzen frontean; baina, egoera ikusirik, itzultzea erabaki nuen, eta antolakuntzan aritzea buru-belarri», aitortu du. Asteazkena da, goizeko 11:00ak dira, eta 500-700 bat milizianogaik adi-adi entzuten dituzte azalpenak: besteak beste, kalaxnikov bat, RPG bat eta artilleria astuna nola maneiatu jakiteko, nork bere lubakiko kideari tiro egin gabe. Horrelakoak ere gertatu izan baitira.

Libiako matxinoek nekez egiten dute aurrera frontean. NATOren bonbardaketa hasi zelarik, Ras Lanuferaino iritsi ziren, Bengazitik 350 kilometrora. Eta hantxe geratu ziren. Hurrena, erretiratu egin ziren. Eta frontea ez atzera ez aurrera geratu da, Bregatik Ajdabijarako errepidean, hiriburu errebeldetik 160 kilometrora. Azken bi asteotan ordena apur bat ezartzea lortu dute zenbait ofizialek; hala ere, borrokalarietako asko gogotsu ari dira erasoan, nahiz eta ez dakiten argi antolakuntzaren berri. Gainera, eskura dituzten armak ez daude beren onenean ere; erreboltaren lehenbiziko egunetan ebatsi zizkioten erregimenari. Dramatismoa areagotze aldera, aditu militar ia gehienak ofizial izandakoak dira; Txadeko gerra garaian ibili ziren azkenekoz armadan —alegia, duela 30 urte inguru—. Horregatik, orain nazioartearen asmoa bada ere matxinoei laguntza ematea, baita trebakuntza militarra ere. Muammar Gaddafiri Suitzako kontuetatik kendutako dirua erabiliko luke nazioarteak. Horregatik ez bada, ez dirudi milizia gogotsu horrek garaipen militar bat lortuko duenik.

Baliabide teknikoen falta

Sale Fares da irakasleetako bat. Bizar zuri luzearen atzean ostendurik, armategiaren egoeraz kexu da militarren buru izandako 60 urteko erretiratua —80 urte dituela ematen badu ere—. «Arma motzak hondatu egiten dira; lantegi bat ere muntatu behar izan dugu, horiek konpontzeko», adierazi du protestaka. Eta artilleria astunaz, nahiago du ez hitz egin. Bateria gutxi daukatenez, ezertarako balio ez zuten hegazkin batzuetatik erauzi behar izan dituzte metrailadoreak, azkenean, eta portuan gordeta aurkitu zituzten pick-up-ei itsatsi behar izan dizkiete. «Denetan okerrena da, ordea, ez daukagula ez irratirik eta ez bestelako komunikabiderik». Alegia, ez dutela unitateak koordinatzeko modurik. Eta, haientzako are larriagoa dena, ez dute telefono gorririk ere, NATOko buruekin komunikatzeko, matxinoen aireko indar partikularra bihurtu baitira —askok temati ukatuagatik—. Horrek ekarri du, esate baterako, hegazkin aliatuek konboi bat bonbardatzea Bregan, errebelde batek airera tiro bat jaurti zuela-eta hiria konkistatu izana ospatzearren.

Faresek ez du argazkian irten nahi, soldadugai batek belarrira xuxurlatu baitio Al Kaedako jihadista baten itxura eman dezakeela militar jantzitako bizardun xelebre batek. Ordea, tamalgarri deritzo, temati, baliabide teknikorik ez izateari, trebakuntza gutxi jasotzeari eta ofizial militarrak 30 urtean jardunetik kanpo egon izanari. «Gaddafik 80ko hamarkadan suntsitu zuen armada», esan du, ziur. «Orduz geroztik, soldadu bereziak bakarrik entrenatu zituen». Arrazoi horregatik, hain zuzen, urteetan sartuxeak dira irakasle militarrak, urte askoan katua sakatu gabe egon ostean berriro beren arma hautseztatuak hartu dituztenak. «Armada ahuldu egin zuen Gaddafik. Beldur zen kontra bihurtuko ote zitzaion», esan du, gogoetatsu.

Uste osoz borrokan

Distira gutxikoak badira etorri berrien galoiak, ikasteko asko duten seinale. Ez dira Stanley Kubricken Jaka metalikoa filmaren lehen zatiko soldadugai protagonista bezain traketsak, baina haren espiritu berekoak dira zenbait. Batzuk Gaddafiren kontrako uste osoz sartu dira armadan. Beste batzuk Al Jazeerako irudiek akuilatuta, azken batean.

Miliziano bihurtu aurretik, taxi gidari zen Khaled. Seme bakarra du —hiru alaba ere baditu—, eta frontean dabilkio; itxuraz, abegitsua da, eta ez dirudi inori kalte egiteko gai denik. Anaietako bat Abu Salimgo kartzelan hil zitzaion, Tripolin; beste hiru anaiek, berriz, kartzela zigor luzeak beteak dituzte. Beraz, armadan izena eman beharra zeukan, nahitaez. Ahmed Abdulak 20 urte ditu; unibertsitatean ikasten ari zen, eta, bere bi lagunek bizia frontean galdu zutenez, armadan sartu da azkenean. «Trebatzera etorri gara, gero borrokatu ahal izateko», bota du.

Alboan du Baka Mohammed, 24 urteko mutil gazte sendoa, polizia izandakoa; behin eta berriro adierazi du «bakean bizitzeko» modu bakarra dela matxinadan parte izatea. Ez du azaldu, ordea, zergatik daukan entrenatu beharra ustez nolabaiteko trebakuntzaren bat izandako pertsona batek. Beste zenbait aurrez entrenatu izan balira, ez lirateke gertatuko sinestekoak ere ez diren hainbat istripu. Miliziano batek, esate baterako, bere buruari tiro egin zion arma garbitzen ari zelarik; ez zen konturatu, nonbait, kargagailua kendu egin behar ziola armari hura maneiatzen hasi aurretik. «Soldadugaiak ez dira zuzenean borroka zelaira joango. Oraindik asko dute ikasteko. Lehenik, sarbideak kontrolatuko dituzte. Batzuk zirkulazioaz arduratuko dira, edo hiriaren babesa prestatzeaz». Hala azaldu du Mohammed Ali Bubakek; militar erretiratua da, eta uniformea 21 urtean gordeta eduki eta gero, itzuli egin behar izan du, irakasle militarrik ez zutelako. Kontu bat da teoria, baina oso bestelakoak dira gerrako premiak. Oraingoz, oinarrizko bi baldintza bete behar dituzte: boluntarioak izatea, alegia, armadan musu truk sartzea; eta 18 urtetik gora izatea.

Egia da, ordea, azken aste honetan kontrolatuago dutela fronterako sarbidea; baita kazetarientzat ere. Horregatik, etorri diren tokitik itzuli beharra daukate gazte askok. Izan ere, militarren esku dago kontrolgunea, Ajdabijaren mendebaldeko atean ezarritakoa, Bengazitik 160 kilometrora, eta ezin dute handik aurrera jo. «Ez dira profesionalak; ezin dituzte bidali askoz ere prestatuago dagoen armada baten kontra borrokatzera». Penaz adierazi du hori Hussein al Anarik; elektrizitate konpainia bateko langile izandakoa da, eta, orain, prentsarekiko harremanak kudeatzen ditu enpresa horrek. NATOren bultzadarik izan ezean, Gaddafiren armadak aspaldi garaituko zituzkeen matxinoak. Orain, NBEren 1973 ebazpenari atxiki zaizkio matxinatuak, eta, horren bidez, babesa eskatu dute, baita bonbek bidea zabal diezaieten ere: «Aliatuek beren lana egingo balute, zortzi orduan iritsiko ginateke Tripolira», esan du, harro, Merej el Bejuk. Dituzten premiez ari delarik, baina, bere diskurtsoa ez dator bat ohiko argudioekin: «Ez dugu armarik behar; horrek luzatu egingo luke gerra. Ordenagailuak eta komunikabide onak behar ditugu, eta, batez ere, NATOk bere lana behar bezala egitea».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.