Irribarre handi batekin ireki du atea Than Zinek. Betaurreko garbi-garbiak, eta kamiseta urdina, Stronger together hitzak idatziak dituena (Elkarrekin indartsuagoak). Egurrez eraiki duten etxe batean sartu da. Zatirik handiena irekia da, egurrezko patioa, sabaiduna baina paretarik gabea, Thailandian urteko sasoi guztietan beroa egiten du eta.
Haren atzean hogei bat haur daude ikasten, matematika edo thailandiera. Askok masailetan apaingarri krema moduko bat daramate, harearen kolorekoa: myanmartarrak diren seinale. Than Zin ere Myanmarkoa da; han apaiza izan zen, bere nagusiak Thailandiako iheslariei laguntzea proposatu zion arte. Orain, Mae Soten (Thailandia) dauden haur iheslariei emana bizi da. Heavenly Home GKE gobernuz kanpoko erakundea sortu du (Zeruko etxea), eta gurasoak mugaren beste aldean dituzten edo gerra dela-eta umezurtz geratu diren haurren etxea bihurtu da.
Duela zenbat iritsi zinen Mae Sotera? Badaukazu oraindik seniderik Myanmarren?
2001etik bizi naiz hemen. Batzuetan itzuli eta denboraldi laburrak egin ditut jaioterrian, baina denbora gehiena hemen pasatzen dut. Hemen gehiago lagundu dezaket.
Gurasoak hil ziren, baina oraindik anaia bat eta arreba bat dauzkat Myanmarren. Oraingoz seguru daude, baina uste dut etorkizunean haien lekura ere iritsiko dela gatazka. Hala ere, ez dago asko egiteko; hona ezin ditut ekarri, ez lukete paperik lortuko.
Nolako egoera aurkitu duzu jaioterrira itzuli zarenean?
Gero eta gutxiago joaten naiz. Herrialdea erabat bakartuta dago; atzerritarrentzat oso zaila da sartzea: adibidez, kazetariak ezin dira sartu. Eta guretzat, Myanmarko pasaportea izanda ere, oso zaila da herrialdearen barnean mugitzea. Nortasun agiria erakutsi ondoren, gure historia osoa, gure senideak nor diren eta abar begiratu dezakete. Eta, adibidez, gure senideren bat-edo fitxatuta badute, milizietakoa bada, arazo handia da guretzat. Kontrolguneak edonon daude, eta beti galdera pila bat egiten dizkigute. Oso kontuz ibili behar dut, adibidez, sakelakoan ditudan argazkiekin. Miliziekin egindako argazki bat harrapatuta, agur. Bakarrik zaharrentzat, ahulak diruditenentzat da segurua bertara joatea, eta, horregatik, garai batean ilea zuriz tindatzen nuen jaioterrira joaten nintzen bakoitzean.
Zenbat haur bizi dira hemen?
Guztira 102, baina orain 87 dira. Falta direnak kanpoan ikasten ari dira, unibertsitatean. Haur gehienak mugatik gertu dauden eremuetakoak dira, gerra zibila gogorra den lekuetatik iritsi dira. Batzuek gurasoekin egin dute ihes hona, eta beste batzuek, bakarrik: 28 haurrek ez dute gurasorik; gerra zibilean galdu dituzte gehienek.
Egunotan kezka handitu da lurrikara dela-eta?
Lurrikara izugarria izan da: Myanmarren dauden lehengusu eta lagunek kontatu didate herri osoak suntsituta daudela. Oso egoera gogorra da haurrentzat, horrelako albisteak jasotzeak eragin egiten die.
Nolakoa da haurren egoera Mae Soten? Gehienek ez dute dokumenturik, ezta?
Ez, eta ez dute inoiz lortuko Thailandiako herritartasuna. Egoera oso zaila da; trauma handia dute. Horregatik, gu haiekin gaude une oro, eta familia sentsazioa sortzen saiatzen gara. Askotan galdera asko izaten dituzte; ez dute argi ikusten non duten etorkizuna, Thailandian epe baterako dauden edo hau izango den betirako beren etxea.
Ni saiatzen naiz haien ikuspuntua baikorrago egiten; garrantzitsuena da onartzea jada ez daudela Myanmarren, esatea: «Orain Thailandian nago, eta egunero ahal dudan gehien egin behar dut etorkizuna hobea izan dadin». Beti esaten diet ikaskuntza dela bizitza hobe bat eraikitzeko biderik onena.
Eskoletan eta unibertsitateetan onartzen dituzte?
Bai, Thailandiako Gobernuari eskerrak eman behar dizkiogu, herritartasuna ematen ez duen arren haurrei ikasteko aukera ematen dietelako. Ikasiko ez balute, ez liekete utziko denbora luzez Thailandian geratzen; ikasle ona izatea da hori lortzeko modu bat.
Muga inguruan jaiotakoen egoera berezia da: bertako jaiotze egiaztagiria thailandierara itzuli eta hemen erakutsita, gobernuak ikasteko baimen bat ematen die, dokumentu moduko bat. Ez da herritartasuna, baina Thailandian ikasteko baimena ematen die. Etorkizunera begira lan egiteko baimena lortzea ia ezinezkoa da, baina ikusiko dugu nola egin aurre egoerari momentu hori iristean.