Ezbaian jarri dituzte funikularren mantentze lanak, Lisboako istripuaren ostean

Montenegro lehen ministroaren arabera, jada hamasei pertsona hil dira, eta 23 zauritu; haietako bost larri daude. Udalak funikularren zerbitzua eten du, inspekzio teknikoak egiteko.

Gloriako funikularra, ezbeharraren ondoren. MIGUEL A. LOPES / EFE
Gloriako funikularra, ezbeharraren ondoren. MIGUEL A. LOPES / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Julen Otaegi Leonet
2025eko irailaren 4a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dagoeneko hamasei pertsona dira Lisboako Gloriako funikularraren istripuan hildakoak. Ezbeharraren biharamunean, Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak eta Carlos Moedas hiriburuko alkateak agerraldia egin dute, eta bertan eman dute hildakoen berri; beste 23 lagun ere zauritu ziren. Oraingoz ez dute jakinarazi hildakoak nongoak diren. Atzo arratsaldean, aldapa behera zihoala, errailetatik atera zen ibilgailua, eta irauli egin zen. Ikerketa abiatu dute istripua ikertzeko, eta ezbaian da ibilgailuaren mantentze lanek zerikusirik duten. «Ardurak zehazten ari dira, eta [orain] esan daitekeen guztia espekulazioa da», esan du alkateak.

Lisboako udal garraioa kudeatzen duen enpresak, Carrisek, adierazi du Gloriako funikularrak azterketa guztiak gaindituak zituela. Azaldu du lau urtean behin aztertzen dutela, eta azken aldiz 2022an egin ziotela azterketa. Gainera, azterketa artean konponketak egiteko beste bat egiten dutela gaineratu du, eta hori iaz egin ziotela. «Eguneroko, asteroko eta hileroko mantentze programa guztiak bete dira», nabarmendu du.

Aintzat hartzekoa da ibilgailuaren mantentze lanak azpikontratatu egin dituela Carrisek; hiru urtean behin lehiaketa publikoa deitzen du. Enpresako sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dute Gloriako funikularrak akatsak zituela. Hain zuzen, aurrez, 2018an, errailetatik atera zen. Ez zen hildakorik egon.

Moedas alkateak hiriburuko gainontzeko funikularren zerbitzua «berehala» eteteko agindu du inspekzio teknikoak egiteko, udalak Efe albiste agentziari bidalitako ohar baten arabera. Gaurko agerraldian, halaber, Moedasek esan du Carris enpresari eskatu diola barne ikerketa bat ez ezik, «ikerketa independente» bat egin dezala, istripuaren nondik norakoak argitzeko. Lisboako Udalean ezohiko bilera bat ere deitu du astelehenerako.

Gaurkoa dolu eguna dute Portugalen, eta beste bi egunez luzatuko da Lisboan. Gobernuak «atsekabea» eta «elkartasuna» adierazi die biktimei eta haien senideei, ohar bidez. Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak ere atsekabea agertu zuen atzo gertatutakoagatik; gogoan ditu «hildakoak eta zaurituak».

18:00ak zirenean —ordubete gehiago Euskal Herrian—, funikularra errailetatik atera, eta irauli egin zen. Poliziak istripua gertatu den tokia inguratu zuen, eta hogei anbulantzia inguru eta suhiltzaileen zenbait ibilgailu joan ziren. Lekuko baten arabera, 43 pertsona inguru zeuden barruan eta inguruan, gehienak turistak. Etxerantz zihoan langile batek Eferi adierazi zion funikularra ez zela ohiko abiaduran jaisten ari: «Buelta eman eta korrika egiteko astia izan dugu soilik». Bagoia bihurgune batean atera zen errailetatik, eta eraikin bat jo ondoren irauli zen; ondorioz, sabaia erabat zanpatuta geratu zen. «Burrunba izugarria» izan zen, lekukoen arabera, eta funikularra «erabat txikituta» geratu zen.

Gloriako funikularra 1885ean inauguratu zuten, eta Restauradores plaza eta Goiko Auzoa lotzen ditu; azken horretatik gertu Alcantarako San Pedro begiralekua dagoenez, turista ugari ibili ohi dira han. Egunean zehar, hamar minututik behin egiten zuen 48 metroko desnibeleko ibilbidea. «Gu funikularrera igotzekoak ginen. Goiko aldean geunden, begiralekuan, baina atzeko kaletik paseo bat emateko jaitsi gara, eta igotzeko tokira iritsi garenean ikusi dugu istripua», adierazi zioten Eferi bi turista brasildarrek, atzo.

Azken urteetako GARRAIO istripuak

  • 2025eko apirilaren 17a. Hiru turista eta teleferikoko makinista hil ziren Italiako Castellamare di Stabia hirian, ibilbideko kablea eten eta gero. 
  • 2024ko apirilaren 12a. Lagun bat hil eta hamar zauritu ziren Turkiako Antalya hiriko Tunektepe muinoan, teleferikoko kabina irauli ostean.
  • 2022ko abenduaren 31. Lau lagun hil ziren Kolonbiako Silos herrian, Caraba ibaia gurutzatzeko teleferikoa erori zenean.
  • 2022ko apirilaren 10a. Gutxienez lagun bat hil eta bi zauritu ziren Indiako Trikut mendian, teleferikoko zenbait kabinak elkarren kontra jo eta gero.
  • 2021eko maiatzaren 23a. Hamalau lagun hil ziren, eta adingabe bat zauritu Italiako Piamonte eskualdean, teleferiko baten kabina bat lurrera erortzean. 
  • 2017ko ekainaren 29a. 11 lagun hil eta bi zauritu ziren Pakistango Khyber Pakhtunkhwa eskualdean, teleferiko bat erori zenean.
  • 2005eko irailaren 5a. Bederatzi lagun hil eta zazpi larri zauritu ziren Alpeetako Otztal haranean (Austria), teleferiko bateko bi kabina erortzean. Helikoptero batek zeraman hormigoizko bloke bat kableen gainera erori zen. 
  • 2003ko urriaren 19a. Lau lagun hil eta 11 zauritu ziren Himalaiako teleferiko baten kableak etetean, India iparraldeko Mendebaldeko Bengala estatuan.
  • 2003ko urtarrilaren 19a. Lau lagun hil eta hogei inguru zauritu ziren Indiako mendebaldeko Gujarat estatuan, Mahakali tenplura igotzeko teleferikoko hiru kabina erortzean. 
  • 2000ko azaroaren 11. 155 lagun hil ziren Austriako Kaprun herrian, Kitzsteinhorn glaziarrera igotzeko teleferikoak su hartu zuenean, haizagailuaren akatsarengatik. Zortzi lagun bizirik atera ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.