Gazan eta Libanon, talde armatu batzuk kontra aritzen zaizkio Israeli, baina Sirian, aldiz, ez da Israelen aurkako erasorik izan, eta, hala ere, Israelgo armada aurrera egiten ari da Siriaren okupazioan. Israelek Golango gainak hartu zituen 1967an, Siriako erregimen hasiberriaren ahuldadea baliatuta. Mende erdi geroago, Sirian instituzio berriak sortzen ari diren honetan, Israelek Damaskoren ahulezia aprobetxatu du berriz, lur gehiago hartzeko. Bada, eskualde horretako egoera hobeto ulertzeko, Flama elkarte solidarioak hainbat elkarrizketa sustatu ditu, tartean Golan Marsad elkarteko kide batekin, Wael Tarbiehrekin; giza eskubideen aldeko talde bakarra da Golango gainetan.
Israelen hitzetan, drusoak Siriako gobernu berritik babesteko inbaditu du Siria hegoaldearen parte bat.
Hori propaganda hutsa da. Estatu Islamikoak ehunka druso hil zituenean, Israelek begira geratu besterik ez zuen egin. Drusoek badakite Israelek bere agenda propiorako erabiltzen dituela. 50eko urteetarako, israeldarrek bazuten asmoa federazio sektarioak sortzeko, Israel inguratu eta mundu arabiarretik bereiz zezaten. Federazio horietako bat drusoen federazioa zatekeen, eta Golango gainak eta Siria hegoaldeko beste toki batzuk hartuko zituzkeen.
Orduan kontuak ez du zerikusirik drusoekin?
Israelek Siria hegoaldeko ur iturriak eskuratu nahi izan ditu beti. Azkenekoz okupatu dituzten lurrak kontuan hartuta, beste zazpi iturri dituzte kontrolpean. Israel sortu aurreko literatura sionistan jada aipatzen zituzten iturri horiek.
Aurreko urteetan ere Israelek ez ditu babestu Golango biztanleak.
Israelek 1967an okupatu zuen lurralde hori, Sei Eguneko Gerran, eta orduan 157.000 biztanle, 340 udalerri eta bi hiri zeuden hemen, baina Israelek historia modernoko garbiketa etnikorik handienetako bati ekin zion. Biztanleen %95ek ihes egin zuten, eta 6.400 baino ez ziren geratu. Orain arte, Golan oso hutsa egon da. Hemengo jendea ahaztua izan da. Gaur egun milioi bat biztanle ere izan zitezkeen, geratu zirenak eta haien ondorengoak kontuan izanda. Ez da aipatzen ihes egindakoek hona itzultzeko eskubidea dutela, palestinarrek sorterrira itzultzeko eskubidea dutela aipatzen ez den bezala. Gaurko egunean 28.000 siriar bizi gara Golanen, baina badira legez kanpoko 35 kolonia judu ere, eta guztira 30.000 kolono bizi dira haietan. Historian lehen aldiz, antzekoak dira biztanle siriarren kopurua eta biztanle israeldarrena.
1967an, erregimen militarra ezarri zuten.
Hala da, bai. Eta 1981 arte iraun zuen, Israelgo Parlamentuak Golanen anexioa alde bakarrez deklaratu zuen arte, hain justu. Orduan 13.000 biztanle geratzen ziren hemen. Greba orokorrera deitu zuten, eta sei hilabete iraun zuen; gure garaiko grebarik luzeenetako bat izan zen. Israelek soldaduak bidali zituen: eskualdeko biztanleak baino gehiago ziren soldaduak. Herriak setiatu, eta herritartasun israeldarra eskaini zieten 18 urtez gorakoei. Setioa bukatu zenean, jendeak nortasun agiriak erre zituen plazetan. Ezin izan gintuzten behartu israeldar herritartasuna hartzera, ezta setiatuta ere. Gu siriarrak gara.
Gogoan duzu hori?
Ni haurra nintzen orduan. Israelgo soldaduak etxera etorri ziren, eta herritartasuna eskaini zioten gure aitari. Uko egin zion, eta eraman egin zuten. Eskolak espetxe bihurtu zituzten.
Golango zenbat jendek du gaur egun israeldar herritartasuna?
Hemengo biztanleon %77 beti bizi izan gara hemen, palestinarrak Jerusalem ekialdean bezalaxe [Israelek okupatua du]. Uko egiten diogu Israelgo pasaporteari. Batzuek badute, ordea, Golango norbaiten eta Galileako [Israel iparraldean] norbaiten seme edo alaba izateagatik.
«Israelek tontotzat dauka jendea, eta haien borondatea eros dezakeela uste du»
Israel banaketa sektarioaz baliatzen saiatu da harrezkeroztik.
Horixe du jokorik gogokoena. Agentzia Sionistak —Israel baino lehenagokoa da— gutxiengoak ikertzeko departamentu berezi bat zeukan, eta mundu arabiarrekoak aztertu zituen. 1939an, departamentu horrek garbiketa etnikoa abiatu nahi izan zuen Palestina historikoaren iparraldeko drusoen aurka, druso horiek Siria hegoaldeko As-Suwaydara kanporatu, eta kokaleku judu bat ezarri ahal izateko. Proiektuak porrot egin zuen, baina testuingurua ematen dio drusoak babesteko Israelek gaur egun omen duen asmoari.
Israelek tontotzat dauka jendea, eta haien borondatea eros dezakeela uste du. Gure identitatea manipulatzen saiatu izan da 1967tik. Ondare drusoa izeneko ikasgaia sortu zuten, eta esaten ziguten ez garela ez arabiarrak ez siriarrak, baizik eta drusoak, eta juduen aliatuak garela.
Iazko abenduaz geroztik, Israelek okupatuta dauzka Siriako beste lurralde batzuk. Zertan ari da han?
Lurralde horietan 70.000 siriar bizi dira, eta Israel base militar gehiago eraikitzen ari da. Haren jokamoldea aldakorra da. Drusoen udalerriekin adeitasunez jokatzen du. Duela hilabete batzuk, Israelerako erromesaldi bat antolatu zien ehun buruzagi druso erlijiosori, Sirian azkenaldian okupatu dituen komunitateekin loturak sortzeko. Proiektu bat ere martxan zuen Siriako langile druso batzuk Israelera eramateko, trukean ehun euro ordainduta egunean. Sirian urte erdiz lanean aritu beharra dago kopuru hori irabazteko. Proiektua bertan behera utzi dute segurtasun arrazoiak direla medio, baina argi erakusten du Israelek drusoak jarri nahi dituela lurralde okupatu berrietan.
Eta zer gertatzen da drusoak ez direnekin?
Israelek gogor jokatzen du haiekin, eta zeharo izututa dauzka. Ahalik eta lur gehien kontrolatu nahi du, ahalik eta biztanle gutxienekin. Herriak eta laborantzarako lurrak bereizten dituzte, eta batzuetan ultimatumak egiten dituzte jendearen etxea eraitsi aurretik, bertakoek alde egin dezaten. Kaleak suntsitzen dituzte eta ura mozten, baita elektrizitatea ere. Jeningo errefuxiatu esparruan [Zisjordania okupatuan] egindakoa egiten dute hemen ere. Gure bizitza infernu bihurtzen dute, geure kabuz alde egin dezagun.
Uztailean borrokak izan ziren As-Suwaydan, han drusoak dira biztanle gehienak, eta Siriako Indarrek, Israelek, beduinoen miliziek eta milizia drusoek parte hartu zuten. Zer deritzezu borroka horiei?
As-Suwayda Al-Assaden erregimena erortzearen aldekoa zen, gobernua aldatzearen aldekoa. Gaur egun, ahots separatista batzuk altxatu dira, eta arabiarren eta musulman suniten aurkako gorrotoa zabaldu da, nahiz eta drusoak ere badiren arabiarrak, eta islamaren adar bat osatzen duten. Beren burua mespretxatze hori ez da piztu drusoen aurka egin diren basakerien ondorioz soilik, baita Israelen akuiluaren eraginez ere, gatazkak baliatzen baititu bere agenda espantsionistarako.
Zure ustez, nolakoa izango da Golanen etorkizuna?
Duela urte batzuk, Israelek bazuen egitasmo bat 250.000 kolono ezartzeko hemen, Israelekin tren bidez konektatuta egongo ziren bi hiritan. Nire ustez, egungo egoerak Israelen gosea bizituko du, eta, ondorioz, proiektu hori gauzatzen saiatuko da.