Ezkerrak garaitu du Uruguain

Gerrillari tupamaro izandako Jose Mujicak hamar puntuko aldea kendu dio Alderdi Nazionaleko hautagaiari

arantxa elizegi egilegor
2009ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Beste behin, independentziatik bigarren aldiz, ezkerrak irabazi ditu presidentetzarako bozak Uruguain. Fronte Zabaleko hautagaiak, Jose Mujica gerrillari ohiak, hamar puntuko aldea kendu dio Alderdi Nazionaleko Luis Alberto Lacalleri. Botoen %53 bildu ditu lehenak, eta %43 bigarrenak, bozen %96 zenbatuta.

Garaipenaren berri izan ostean, Mujica atzo bertan bildu zen oposizioko kideekin. Fronte Zabaleko diputatu Luis Rosadillak adierazi du Gobernuak ez duela baztertzen oposizioarekin negoziatzea zenbait alorretan, ez eta exekutiboan karguren bat ematea ere. «Ministerioen auzian ez dugu oraindik erabaki finkorik hartu, ikusi beharko da zer ateratzen den elkarrizketetatik. Argi dagoena da kargu nagusiak Fronte Zabalarentzat izango direla». Zenbait iturriren arabera, Rosadilla bera izan daiteke gobernu berriko Defentsa ministroa. Horrez gain, ezkerrarentzako izango lirateke Barne, Ekonomia etaAtzerri ministerioak ere.

Hego Amerikako estatuburu eta gobernuburuek ez dute tarterik galdu Mujica zoriontzeko. Venezuelako presidente Hugo Chavez izan da harekin hitz egin duen lehenengotarikoa. «Duintasuna eta iraunkortasunaren adibide da Mujica». Ekuadorko presidente Rafael Correak, berriz, historikotzat jo du gerrillari ohiaren garaipena. «Urrats handia da eskualde osoarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.