Ezkertiarren botoak erabakiko du Poloniako bozen bigarren itzulia

Bronislaw Komorowski hautagai liberalak irabazi du presidentetzarako bozen lehen itzulia, baina ez du gehiengo osoa lortu

2010eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bronislaw Komorowski hautagai liberala izan da lehen itzulian boto gehien eskuratu duena. Ez du gehiengo osoa lortu, ordea. Horregatik, Jaroslaw Kaczynski kontserbadorearen aurka lehiatu beharko da bigarren itzulian. Horraino, iragarri moduan amaitu dira Poloniako presidentetzarako hauteskundeak; haatik, Grzegorz Napieralskik, SLD Ezker Demokratikoaren Alderdiko buruzagiak, uste baino sostengu zabalagoa lortu du: hirugarren gelditu da, %13ko sostenguarekin. Botoen %94 zenbatuta zeudenean, Komorowskik %41 eskuratu ditu, eta Kaczynskik bost puntu gutxiago. Azken bi horien arteko buruz burukoa datorren uztailaren 4an egingo dute. Bigarren saio horretan giltzarri izango da ezkertiarren botoa.

Haiengana jo dute, hain zuzen, bi hautagai nagusiek lehen emaitzak ezagutzean. «Poloniako jokaleku politikoan ezinbestekoa da ezkerra», adierazi du Komorowskik, Herri Plataformako hautagaiak. «Hauteskundeetan lortutako emaitzengatik zoriondu nahi dut Napieralski. Eta ezkerrarentzat garai hobeak iristea espero dut». Parlamentuko presidente ez ezik, Poloniako behin-behineko presidente ere bada Komorowski. Izan ere, Lech Kaczynskik utzitako hutsunea betetzea egokitu zaio hautagai liberalari.

Beste 95 lagunekin batera, Kaczynski iragan apirileko hegazkin istripuan hil zen, Smolensken (Errusia). Eta hark utzitako hutsunea lehenbailehenbetetzea erabaki dutelako aurreratu dituzte udazkenean egitekoak zituzten hauteskundeak.

Erabaki horrek, haatik, Jaroslaw Kaczysnki zendutako presidentearen anaiari egin dio mesede. Izan ere, istripua gertatu aurretik Legea eta Justizia alderdiak -Kaczysnkiren alderdiak- nabarmen behera egitea espero zen. Inor gutxik jartzen zuen zalantzan orduan Komorowskiren garaipena. Apirileko ezbeharrak, baina, boto-asmoa aldatu du. Horri esker lortu du hautagai kontserbadoreak hain atzean ez gelditzea.

Aukera denak zabalik

Kaczynskik garaipena nahi du. Eta ezkertiarrekin ezertan ados jartzea zail gertatuta ere, haien babesa lortzeko ahalegina egin du: «Osasunaren etorkizuna eztabaidatzeko egin duen proposamena eskertu nahi diot Grzegorz Napieralskiri». Legea eta Justizia alderdiko hautagaia osasun sistema publikoaren aldekoa da; Komorowskik, berriz, hitzeman du sistema pribatua sustatuko duela. Hala eta guztiz ere, Aleksander Kwasniewski SLDko presidenteak zail ikusten du Legea eta Justizia alderdiarekin bat egitea: «Nire ustez, ez da gertatuko Kaczysnkiren eta Napieralskiren arteko gerturatzerik».

Napieralskik hauteskundeen bigarren itzulian lehiatzerik izango ez badu ere, Kwasniewski oso gustura agertu da bozetan izandako emaitzekin. Ezkerra Poloniako jokaleku politikora itzuli delakoan dago. Eta datorren uztailaren 4ra begira, bederen, asmatu du diagnostikoan. Izan ere,TVN24 telebista kate pribatuak argitara emandako inkesta baten arabera, Ezker Demokratikoaren Alderdikoari boto ematen diotenen artetik %66,5ek Komorowskiren alde egingo dute. Hartara, hautagai liberalak botoen %53 eskuratuko lituzke, eta Kaczysnkik, %39.

2005eko hauteskundeak gogoan dituztenak, baina, ez dituzte aski konbentzitzen inkestek. Eta bigarren itzulian edozer gerta daitekeela ohartarazi dute analista politikoek; horren adibide, aurreko presidentetzarako bozetan Lech Kaczysnki eta Donald Tusk lehen ministro eta Herri Plataformako kidearen artean gertatutakoa. Ordukoan, lehen itzulian, Tuskek eskuratu zuen boto gehien; bigarrengoan, baina, Kaczynskik hartu zion aurrea, eta bera izendatu zuten azkenean presidente.

Jaroslaw Kaczysnkik ere hemendik hamabost egunera egoerak buelta ematea espero du.«Bigarren itzulian Poloniako bi ikuspegi daude jokoan. Guk poloniarrengatik daukagu irabazi beharra, demokraziagatik», adierazi du hautagai kontserbadoreak.

Abstentzioaren eragina

Herenegun boto-emaileen %53k hartu zuten parte; beste behin, hortaz, handia izan zen abstentzioa. Are handiagoa izan daiteke, baina, uztailaren 4an. Eta hala bada, Komorowski izango da kaltetua. Izan ere, Legea eta Justizia alderdiari botoa ematen diotenak Herri Plataformaren alde egiten dutenak baino parte-hartzaileagoak izaten dira.

Bigarren saioan ere Komorowskiri botoa emango liokeen bat baino gehiago geratuko da bozkalekura joan gabe; are gehiago hurrengo saioak oporraldiarekin bat egiten duela aintzat hartuta. Horren jakitun, hautagai liberalak hauteskundeetan parte hartzeko deia egin die herritarrei beste behin: «Azkenera arte borroka egiteko eskatzen diet denei. Boto bakoitzak balio du. Polonia hobe bat dago jokoan».

Erik Mistewicz analista politikoaren iritziz, desabantailan dago Komorowski. «Jaroslaw Kaczynskiren hautesleak diziplinatuagoa dira, eta, segur aski, haietako gehienak botoa ematera joango dira», uste du Mistewiczek. Komorowskiren hautesleak, ordea, ez dio hainbeste ziurtasun eragiten analista politikoari; eta beldur da oporraldiaren eraginez bati baino gehiagori ahaztuko zaion botoa ematera joatea. Hori dela eta, Slawomir Nowak liberalen alderdiko kanpainako arduradunak dauden tokian daudela ere botoa emateko eskatu die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.