Irudia zabaldu bezain laster piztu da eztabaida. Zezenketaren albistea garatzeko asmoz joan zen Pierre Sabathie kazetaria Baionako zezen plazara; haatik, ekitaldiak baino oihartzun handiagoa izan du ikusleen artean Jacqueline Gourault Lurralde Politikarako ministroa eta Didier Guillaume Nekazaritzako ministroa agertzen diren irudiak. Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria ministroekin batera zen. SudOuest hedabideko kazetariak zabaldu zuen irudia, asteazkenean; geroztik, politikari, erakunde eta sare sozialetako erabiltzaile askoren jopuntu bilakatu da albistea. Ez da harritzekoa gertakariak hautsak harrotu izana; izan ere, animalien ongizatea da Guillaume ministroaren esku dagoen lan arloetako bat.
"Zikinkeria" eta "lotsagabekeria" gisa izendatu dute askok ministroen jarrera. Brigitte Bardot erakundearen arabera, esaterako, sinesgarritasun osoa galdu du Guillaume ministroak, "egin daitekeen ikuskizunik basatiena" ikustera joan eta haren irudia zabaldu ostean. L214 izeneko erakundeak ere gaitzetsi egin du ministroen presentzia: "Animalien ongizateaz arduratzen den Frantziako ministroa Baionako zezenketa ikusten. Ez dago ezer gehitzekorik".
Animalien babeserako erakundeak bakarrik ez, hainbat politikari ere mintzatu dira gertakariaren inguruan. Julien Bayou Europako Alderdi Berdearen kideak, adibidez, adierazpenak egin ditu BFM telebista katean: "Eskandalu bat da". Halaber, azpimarratu du ministroaren jarrera horrek "sarraski baten aldeko babes argia" azaleratzen duela, eta hori erabat kontrajarria dela ministro gisa hartu dituen konpromisoak aintzat hartuta; hots, animalien aurkako indarkeriaren konpromisoa, besteak beste.
Irudia argitaratu zuen kazetariaren arabera, ez da Guillaume eta Gourault ministroak zezenketa hori ikustera joaten diren lehen aldia: "Ministroa –Gourault– oporretan etorriko zen, eta Guillaume ohikoa da Euskal Herrian, etxe bat du han". Zezenketei dagokienez, eremuaren araberako arauak ezarri ohi ditu Frantziak. Zezenketa horiek baimentzeko edo galarazteko erabakiaren oinarrian, tokian tokiko tradizio iraunkorra, jarduera horrek izan ohi duen irismen turistikoa eta horrek dakarren irabazi ekonomikoa egongo lirateke; batez ere, Frantziako hegoaldean egin ohi dira zezenketak.