Mundua

FARCek bi bahitu askatu ditu

Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez Perdomo dira Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek libre utzi dituzten bi lagunak.

2008ko urtarrilaren 10a
17:42
Entzun
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak eta Gurutze Gorriak gaur arratsaldean jakinarazi dute FARCek (Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak) bi bahitu askatu dituela. Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez Perdomo dira FARCek aske utzi dituen bi lagunak, eta Chavezek dio hitz egin duela biekin, ondo daudela eta Venezuelara doazela.

Kolonbiako Presidenteordetzarako hautagai ohia da Rojas, eta 2002ko otsailaren 23an bahitu zuen FARCek. Gonzalez Perdomo, berriz, Kolonbiako parlamentari izandakoa da, eta 2001eko irailaren 10ean harrapatu zuten.

Venezuelako Gobernuko ordezkariek, Gurutze Gorrikoek eta beste zenbait lagunek osatutako talde bat Kolonbiako hego-ekialdera abiatu da gaur, bahituak jasotzera. Talde hartan joan da, besteak beste, Ramon Rodriguez Chacin Venezuelako Gobernuko Barne ministroa, baita Kolonbiako oposizioko kide Piedad Cordoba ere. Hau ibili da Chavezekin bahituak askatzeko bitartekari lanak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.