Mugarik gabe eta ertz guztietako jendea erasaten ari da COVID-19a. Baina badago Brasilen bereziki zaurgarria den eremu bat: favelak. Arrisku toki bihurtu dira horiek, eta baliabide falta dela medio, gaitzaren agerraldi batek kalte larriak eragingo lituzke bertan. Oraindik kasu asko atzeman ez diren arren, badaude jada lehen positiboak, eta alerta guztiak piztea eragin du. Modu horretan, hango bizilagunen ongizatea kezka iturri bilakatu da ekintzaile eta erakunde ugarirentzat.
Dagoeneko aski ezagunak dira birusaren hedatzea hesitzeko hartu beharreko prebentzio neurriak: hala nola pertsonen arteko distantzia mantentzea edota higienea zaintzea. Hori, baina, ezinezkoa zaie faveletako bizilagunei. Dentsitate demografiko handia dago han, eta, gainera, eskasak dira oinarrizko zerbitzuak. Bertako egoera nolakoa den azaldu du Raull Santiago Rio de Janeiroko Alemaoko faveletan bizi den ekintzaileak: «Hemen 180.000 pertsona bizi gara, eta ura astean bi aldiz soilik iristen da. Ez dugu ura aurrezten kontzientziagatik bakarrik, baita bizirik irauteko ere egiten dugu. Eskuak sarri garbitzea ez da aukera bat». Horri lotuta, ziurtatu du Brasilen «desberdintasun» handiak daudela, eta pandemiak agerian utzi duela hori. «Faveletan ez ditugu nahikoa baliabide agerraldi gogor bati erantzun azkar bat emateko. Birusaren ondorioz hilko diren gehienak periferietan eta auzo marjinaletan bizi direnak izango dira. Oso tristea da».
Etxeratze agindua
Egun, ordea, ez dago eremu horietan izurriari aurre egiteko plan estrategikorik. Ezta gobernuaren aldetik, oraingoz, hori martxan jartzeko asmorik ere. Horren ondorioz, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea konfinamendua baztertu eta normaltasunera itzultzeko mezua zabaltzen ari da, eta talde kriminal batzuek, berriz, esku hartu dute hainbat favelatan, etxeratze agindua ezarriz. Horrez gain, adierazi dute gobernuak ez badu egoerari irtenbidea emateko «ahalmenik», talde kriminalek «konponduko» dutela.
Kontua, baina, ez da horren sinplea, eta Santiagok gogorarazi du zailtasunak dituztela urruntze soziala betetzeko. Gomendioak eta birusa gelditzeko saiakerak oso garrantzitsuak direla azpimarratu du, baina horiek «porrot» egiten dutela herrialdearen zati handi bat kontuan hartzen ez dutenean. Egoera horretan, haren kolektiboa egoerari aurre egiteko lanean ari dela azaldu du: «Sentsibilizazio ekintzak egiten ari gara, baita babeserako materiala eskuratzeko ahaleginetan ere».
Faveletako bizilagunek, gainera, badute arazo erantsi bat: eremu horietan bizi diren gehienak langile informal gisa aritzen dira, eta konfinamendua bizirik irauteko modu oro gabetzeko mehatxu larria da. «Pertsona horiek duten egoera oso larria da. Jendea, jada, gosea pasatzen ari da».
Koronabirusa Brasilen
Favelak arrisku eremu bilakatu dira Brasilen
Faveletako bizi baldintzak eta baliabide faltak kezka eragin dute. Raull Santiago ekintzaileak adierazi du birusaren ondorioz hilko diren gehienak periferietan eta auzo marjinaletan bizi direnak izango direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu