FBI Ikerketa Bulego Federala Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoko presidentegaiaren kontrako «hilketa saiakera» bat ari da ikertzen. Zerbitzu sekretuek AK-47 errifle batekin armatuta zebilen gizonezko bat atxilotu zuten atzo, West Palm Beach hiriko (AEB) golf zelai inguruan, Trump golf zelaian zegoela. «Tiroak egon dira nigandik gertu, baina zurrumurruak zabaltzen hasi aurretik, zera nahi dut aditzea: ondo nago!», adierazi zuen AEBetako presidentetzarako hautagaiak, ohar bidez. FBIk egindako aurreneko ikerketek diotenez, atxilotuak ez zuen tirorik jo; zerbitzu sekretuek, ordea, bai.
Ric Bradshaw West Palm Beacheko sheriffak eman zituen operazioaren xehetasunak, eta, azaldu zuenez, gizon errifleduna golf zelaiko hesitik gertu atzeman zuten, presidente ohia zegoen lekutik 300-500 metrora, sasietan ezkutaturik. Zerbitzu sekretuek tiro egin zioten armadunari, eta hura ihes egiten saiatu zen furgoneta beltz batean; minutu batzuk geroago errepidean atxilotu zuten. Sasien artean AK-47 erriflea, bi motxila eta kamera bat aurkitu zituzten.
AEBetako ezein segurtasun indarrek ez du atxilotuaren nortasuna adierazi; baina, herrialdeko hedabideek argitaratutakoaren arabera, Ryan Routh da, 58 urteko Hawaiiko gizon bat. Zerbitzu sekretuek susmagarri horren etxea arakatu dute, Ipar Carolinan (AEB); eta etxe hori Routhena dela baieztatu dute hainbat hedabidek. Gaur, West Palm Beacheko epaitegi federalean bi kargu egotzi zizkioten: batetik, suzko arma bat edukitzea aurretik kondenatua izanda eta, bestetik, serieko zenbakia ezabatutako arma bat edukitzea.
Atxilotuaren nortasuna argitara eman duten arren, ustezko erasoaren arrazoiak ez dituzte plazaratu. Hipotesiak, baina, agertu dira. AEBetako hedabide askok —The New York Times, besteak beste— bi ideia nagusi jarri dituzte mahai gainean. Alde batetik, Routh Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran Kieven aldeko ekintzailea dela. Eta, bestetik, Trumpen aurka agertu da, demokraziaren aurkako mehatxutzat joz.
AEBetako presidentetzarako hauteskunde kanpaina trabaz beteriko gertatzen ari da errepublikanoarentzat. Erailketa saiakera egiaztatuz gero, ia bi hilabeteko tartean bi aldiz saiatu dira presidente ohia hiltzen. Joan den uztailaren 13an, mitin batean hizketan ari zela tiroz zauritu zuten Trump, Pennsylvanian (AEB). Tiroetako batek belarrian jo zuen, baina onik atera zen atentatu saiakeratik. Hango hartan, bi lagun hil zituzten: tirogilea —zerbitzu sekretuek egin zioten tiro— eta publikoan zegoen pertsona bat. Eraso horiek, halere, ez dirudite Trumpi berriro boterean jarduteko nahia gutxitu diotenik. Izan ere, atzo ohar bidez adierazi zuenez, «indartu» egin zaio Etxe Zurira —AEBetako presidentearen etxebizitza ofiziala— itzultzeko irmotasuna.
Segurtasuna areagotu
Aurreneko eraso horren harira, herrialdeko zerbitzu sekretuek Trumpen mitinen segurtasuna areagotzeko neurriak areagotu zituzten; beirazko pantailak erabili ahal izatea, esaterako. Azaroaren 5eko hauteskunde kanpainak AEBetako gizartea polarizatzen ari da; horren adibide da bi hautagaiek izandako lehen debatea elkarri egindako erasoez beterik egon izana. West Palm Beacheko sheriffak atzo esan zuen Trump presidente balitz golf zelaia inguraturik izango zutela, baina, hautagaia denez soilik, haren segurtasuna «mugaturik» dagoela. Egoera hori zuzendu eta presidente ohiaren segurtasuna areagotu behar dela salatu dute errepublikanoek zein demokratek. Zenbait kongresistek, Kaliforniako Ro Khanna demokratak esaterako, eskatu dute zerbitzu sekretuek Kongresuan gertatutakoa gaur azaldu, eta Trumpen segurtasuna areagotzeko bozketa egitea. Trump eta zerbitzu sekretuen zuzendari Ronald Rowe Jr biltzekoak dira gaur, The Washington Post egunkariak argitaratutakoaren arabera.
Atzo argitaratutako ohar batean, AEBetako presidente Joe Bidenek bere taldeari eskatu dio zerbitzu sekretuei beharrezkoak dituzten neurriak eta baliabideak erraztu diezazkietela Alderdi Errepublikanoko hautagaiaren segurtasuna «bermaturik egoteko». Bertan, gainera, esan zuen «lasaitu» egin duela Trump ondo dagoela jakiteak. Alderdi Demokrataren hautagai eta AEBetako presidenteorde Kamala Harris ere «pozik» agertu da Trumpen aurkako erasoa zapuztu dutelako. Xn bart argitaratutako mezu batean erasoa gaitzetsi zuen: «Indarkeriak ez du lekurik Ameriketako Estatu Batuetan».
Ukrainaren aldekoa
The New York Times egunkariak iaz Ukrainaren alde egin nahi zuten estatubatuar boluntarioen inguruko erreportaje bat kaleratu zuen; eta, bertan, Routh elkarrizketatu zuen. Moskuren aurka egiteko Afganistango soldaduak errekrutatu nahi zituela esan zuen, besteak beste. Elkarrizketa hartan, gainera, 2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi eta gutxira Ukrainara joan zela adierazi zuen. Are gehiago, Errusiako soldaduak Ukrainara sartu zirenean, Xn idatzi zuen «Ukrainaren alde borrokatu eta hil» egin nahi zuela. Trumpek Harrisekin aurreko asteartean egindako aurreneko debatean ez zion Ukrainari babesa zuzenean adierazi; «gerra bukatzearen alde» zegoela esatera mugatu zen.
Beste alde batetik, eta Harrisek eztabaidan leporatu zion gisan, Routhek ere Trump «demokraziarako arrisku» gisa ikusten du. Hala adierazten dute X sare sozialean iaz argitaratutako mezu batzuek: «Demokrazia boto paperetan dago, eta ezin dugu galdu». Are gehiago, hautagai errepublikanoak adierazi zuen Make Amerika Great Again (Egin Amerika handi berriro) leloa erabili beharrean, Make Amerika Slave Again (Egin Amerika esklabo berriro) erabili beharko zuela.