Espainia. Nuñez Feijooren inbestidura saioa

Feijook «zentsura mozio bat» egin duela salatu dute EAJk eta EH Bilduk

«Ordularia 1978an» geratu zaio PPko buruari, Oskar Matuteren ustez. Aitor Estebanek dio kanpaina baten «lehen mitina» egin duela

EAJko diputatu Aitor Esteban eta Voxeko buru Santiago Abascal. S. PEREZ / EFE.
xabier martin
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ironia ukituz batzuetan eta salaketa zuzenaz besteetan, EH Bilduko eta EAJko diputatuek gogor kritikatu zuten PPko buru Alberto Nuñez Feijooren atzoko hitzaldia, haren inbestidura saioan. Espainiako presidente izenda dezatela nahi duen hautagai baten gisa ez, baizik «zentsura mozioan» den oposizioko buru gisa aritu baita, haien ustez.

Koalizio abertzaleko diputatu Oskar Matuteren ustez, «ezkutuko zentsura mozio bat» izan da Feijooren hitzaldia, «gezurrez betea». Matutek esan zuen PPko buruari «1978an gelditu» zaiola «ordularia».

Feijook egindako proposamenei begira, ironia utzi gabe, Matutek bere buruari galdetu zion nola hartuko duten PPk gobernatzen dituen erkidegoetako gobernuek 0-3 adinekoentzako doako haurtzaindegien iragarpena. «Eskuin muturrak lagunduta, inora ez daraman hitzaldi bat» egin zuen PPko presidenteak, EH Bilduko diputatuaren arabera, eta, haren proposamenen artean, deigarria iruditu zaio erakundeekiko desleialtasunaren delituaren ekinbidea. Inork zalantzarik balu, Matutek gogoratu zuen PPk ez lukeela izango EH Bilduren babesa, egoera edozein dela ere. Babesari erreparatu zion, hain justu, Feijook helarazi zuelako ganberaren babesa lortuko zuela independentisten nahiei men egin izan balie.

Euskara eta karaokeak

EAJko Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek adierazi zuen Feijook ez dituela beste taldeen botoak bilatu Espainiako presidente izateko. Horren ordez, «ustezko hauteskunde kanpaina baten lehen mitina» egin zuen atzo PPko buruak, Estebanen arabera. «Bere jendearentzako hitzaldia izan da, inbestidura honen pantaila atzean utzita».

Gainera, «harridura» azaldu zuen, Feijook «zuzenketa ugari» egin zizkielako bere alderdiaren politikei. PPko buruari aurpegiratu zion beste hizkuntzekiko errespetua duela ziurtatzea eta, aldi berean, «euskaraz egin ahal izateari 'karaoke' esatea».

Geroa Baiko senatari Uxue Barkosek, berriz, Feijook Nafarroari buruz egin duen «proposamen bakarrari» erreparatu zion: «Trafikoko transferentzia ez garatzea». «Hori al da UPNk babestu nahi duena?», galdetu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.