Festa biharamuna Montevideon

Uruguaiko presidente aukeratu berri dutenaren jarraitzaileek hiriburua hartu dute, eta etxeetako balkoiak Fronte Nazionaleko koloreekin jantzi dituzte; Alderdi Nazionalekoak, berriz, isilik eta burumakur daude, kexu dira, jendeak «zentzuz» bozkatu ez duelakoan.

Gorka Berasategi Otamendi.
Montevideo
2009ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
La Plata ibaiaren aldamenean, Ranbletan, jendea pilatzen ari zen. Colonia hotelaren parean, bandera gorri, urdin eta zuriak astintzen zituen ipar-haize goxoak. Etengabe iristen ari ziren autoak bozina elkarrizketa zaratatsuetan murgildu ziren. Jendea saltoka, telefonotik garaipenaren berri emanez. Banderak gogotsu astintzen zituzten, mateak eskuak libratzeko aukera ematen zuenean.

Jose Mujicaren, irabazlearen, hitzen zain gelditu ziren denak. Zaparrada indartsua hasi zen gaueko bederatziak aldera, baina inor gutxik alde egin zuen handik. Euria ere ospakizunerako aitzakia bihurtu zen Y llora, y llora, y llora Cuqui llora kantuarekin, Luis Alberto Lacalle Alderdi Nazionaleko hautagaiari erreferentzia eginez. Txorizo usaina bengalen kearekin nahasten zen.

Presidente berriaren adierazpenen ondoren, ospakizuna hiriaren erdiguneko kaleetara hedatu zen. Uztailaren 18ko etorbidean gaueko ordu txikiak arte iraun zuen karabana hasi zuten. Kamioi zahar baten gainean, gerritik gora biluzik, 30 gaztek kale bazterrean bilduta zegoen publikoari egiten zion kantu «Esta mierda de lluvia no quiere parar, esta mierda de lluvia no quiere parar, son los blancos, que no paran de llorar». Atzetik, amaierarik gabeko auto segida, musika ahal bezain altu eta gazteak euritan saltoka.

Gaueko ospakizunen ostean, Montevideon eguzkitsu hasi da eguna. Kaleetako balkoi eta leihoak Fronte Zabaleko koloreekin jantzita jarraitzen dute. Alderdi Nazionalekorik ez da ikusi, ezta hauteskundeen aurretik ere. «Gu ez gara trapu zaleak -dio Rita Billardik- hori haien kontua da. Guk buruarekin defendatzen ditugu gure ideiak. Tamalez, jendeak ez du zentzuz bozkatu, hiltzaile bat aukeratu dute, kartzelan egondakoa. Mujicak jende arriskutsua dauka inguruan».

Rita semearekin dabil paseoan, 25 urte inguru izango ditu, eta horrek ez du xehetasuna egiteko aukera pasatzen utzi nahi. «Mujicak ETArekin lotura izan zuen. Latinoamerikako ETAren ordezkaritza bihurtuko du Uruguai», dio Alfredo Montesek, eta amari sorbaldan eskua jarrita kalean gora jarraitu dute biek.

Mesfidantza

Adela Iribarrenek ez du bi hautagaietako inor gustuko, eta bi aukeren artean hoberenak garaitu duela uste du, hala ere, ez dago presidente berriarekin alai. «Fronte Zabalarekin atsekabetuta nago. Urteetan bultzatu izan dituen proiektu asko geldiarazten ari dira boterera iritsi direnetik. Horren adierazle dira Iraungitze Legea amaitzeko ikusi zaien beldurra eta Abortuaren Legeari Tabare Vazquezek ipini zion betoa. Nik ez dut sekula zurian bozkatu, baina oraingoan hala egin dut. Gaizkile sentitu naiz, baina... Hori bai, bozkarekin batera, Iraungitze Legea amaitzearen aldeko bozka-orria ere sartu dut kartazalean».

Fernando Ruizek ez du bozkatu. «Bietako inor ez dut gustuko. Bata, hiltzailea da. Kartzelan egon da tupamaroa izateagatik. Eta, bestea, eskuineko kontserbadorea», dio taxia gidatzen duen bitartean.

Bozka derrigorrezkoa denez, baina, ez ote lukeen zurian bozkatu beharko galdegin diodanean, ardura zibikotik haratago arrazoitu du Fernandok. «Merkeagoa zait ez bozkatzeagatik isuna ordaintzea, bozka emateko bidaia txartela erostea baino. Gainera, erabakita zegoen dena. Jakina zen Mujicak irabaziko zuela».

Uztailaren 18ko etorbidetik ez oso urrun, Fronte Zabalekoen egoitza dago, eta handik gertu paseoan dabil Manuel Mata. Nikaraguan eta Angolan borrokan aritutakoa da, diktadurako garai gogorrak oroitzen ditu, eta bere herrialdeko historia garaikideari buruz 25 minutuko bat-bateko hitzaldia osatzeko gai da.

«Ni Miarritzen eta inguruetan izan nintzen erbestean. Aurretik, Estrasburgon, Uruguaiko ordezkaritza baten kide, Frente Zabala zer zen hangoei azaltzen ibilia naiz. Ez zuten ezer ulertzen. Sozialistak, anarkoak, komunistak eta kristauak batera? Erotuta daude hauek! Esaten zuten...».

Emaitzarekin gustura dago. «Orain arte nahi genuen guztia egitea posible izan ez bada ere, Gobernu honek gauza dezente egin ditu, eta beste hamar urteko jarraipena behar du, gutxienez, Uruguai progresismoaren bidetik abiarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.