Sara Duterteren (Davao, Filipinak, 1978) aurkako impeachment-a, hau da, epaiketa politikoa hasi zuten astelenean Filipinetako Senatuan. Filipinetako presidenteordeari lau delitu egotzi dizkiote, eta horien artean daude, esaterako, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta Filipinetako presidente Ferdinand Marcos Juniorri egindako mehatxuak. 2024an, Dutertek eskatu zuen bera hilik agertuz gero agindu zezatela Ferdinand Marcos Jr hiltzeko. Duterte erruduntzat joko balute, bizi osorako inhabilitatuko lukete. Zenbait hilabete iraungo du prozesuak.
Rodrigo Duterte Filipinetako presidente izan zenaren (2016-2022) alaba da politikaria. Presidente ohia Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitzen ari dira, gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita.
Presidenteordearen ibilbide politikoa jaioterrian bertan hasi zen, Davaon. Han, aitaren alkateordea izan zen 2007 eta 2010 bitartean. 2010ean, aitak ordura arte izandako rola hartu zuen, eta, hala, Davaon inoiz izandako alkaterik gazteena bilakatu zen. 2013an alkatetza utzi, eta 2014an Filipinetako Gurutze Gorriko bederatzi gobernadoreetako bat izan zen. 2015ean, aita herrialdeko presidente izateko hauteskundetan parte hartzera bultzatu ondoren, aurreko kargura itzuli zen, Davaoko alkatetzara. Sei urtez izan zen alkate, eta 2022an herrialdeko presidenteorde bilakatu zen.
Duterteren aurkako akusazioak ulertzeko, kontuan hartu behar dira Filipinetako presidentearekin dituen arazoak. Ferdinand Marcos Jr eta Sara Duterte 2022. urtean iritsi ziren gobernura, bien arteko aliantza bat dela medio. Ferdinand Marcos Filipinetako presidente izan zenaren (1965-1986) semea da Marcos Jr.
Bi familien arteko aliantza, ordea, ez dago bere garairik onenean. Tentsioa handituz joan da azken hilabeteetan. Alde batetik, Rodrigo Duterte 2025eko martxoan atxilotua izan ondoren, Marcosek hark eginiko gehiegikeriak salatu zituen. Beste alde batetik, ez dute ikuspegi bera nazioarteko harremanei dagokienez. Sara Duterte, aita bezala, Txinarekiko harremana mantentzearen aldekoa da. Aldiz, Marcosek nahiago du norabidea aldatu eta AEBengana gerturatu. Hala, Duterteren mehatxuak eta orain hasi den epaiketak erabat hautsi dute presidentearen eta presidenteordearen arteko harremana.
Filipinetako Ordezkarien Ganberak maiatzean onartu zuen presidenteordea kargutik kentzeko mozio bat. Ondoren, erabakia goi ganberaren esku utzi zuen. 24 kide ditu ganberak. Duterte inhabilitatzeko, Senatuaren bi herenek bozkatu beharko lukete haren kontra.
Oraingoz, kontra
Lehen saioa astelenean egin zuten, eta 400 pertsona inguru bildu ziren Senatuaren atarian Duterte zigortzeko eskatuz. Manifestatzaileen leloa argia zen: Kondenatu Sara orain. Dena den, Duterte bera ez zen agertu, eta Facebook bidez justifikatu zuen presente ez egotea: «Abokatu batek edo nik hitz egin, horrek ez du ondoriorik gardentasunean». Atzoko saioan, baina, Senatuan egon zen.
Epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago, Rodante Marcoleta senataria atxilotu zuten, Duterte dinastiarekin lotura politikoa izatea eta 2025eko Senaturako hauteskundeetarako kanpainan 75 milioi peso legez kanpo hartu izana egotzita —1,1 milioi euro—. Kasua plazaratu aurretik, Dutertek babes handia zuen goi ganberako kide gehienen artean.
Egoera zeharo aldatu da, ordea. Marcoleta atxilo hartu aurretik, Jinggoy Estrada senataria atxilotu zuten, Duterteren blokekidea, funts publikoak bidegabe erabiltzea egotzita, eta Ronald De la Rosa Bato senatariak ihes egin zuen maiatzean —Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko eskatu zuen, Duterte presidente zen garaian gizadiaren aurkako krimenak egitea leporatuta—. Efe berri agentziak Senatuko iturriak aipatuz kaleratu duenez, orain bederatzi izango lirateke Duterte absolbitzearen aldekoak, eta hamabi, berriz, horren kontra leudekeenak.