François Fillon Frantziako lehen ministro ohiak diru publikoa bidegabe erabili zuela ebatzi du gaur Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Epaileek frogatutzat jo dituzte leporatzen zitzaizkion ustelkeria delituak, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri diote. Bost urte horietatik, bi bete beharko ditu. Epaiak dio Nikolas Sarkozyren presidentetzan gobernuburu izan zenak bere emazteari diru publikotik milioi bat euro bideratu zizkiola, eta lanpostu faltsu bat sortu zuela diru publikoarekin «aberasteko».
Kartzela zigorraz gain, 375.000 euroko isuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri diote Filloni. 2030era arte ezin izango du inolako kargu publikorik izan, beraz.
Penelope Fillon emaztea kopuru bereko isunarekin zigortu du auzitegiak, eta hiru urteko espetxealdia ezarri dio, baina hura betetzeko derrigortasunik gabe.
Epaileek erruduntzat jo dute Marc Joulaud ere. Fillonek 2002an Asanblea Nazionaleko diputatu izateari utzi zionean eta Gizarte Gaietarako ministro izendatu zutenean, haren tokia hartu zuen Joulaudek parlamentuan. Bost urteko inhabilitazioarekin eta hiru urteko espetxearekin zigortu dute, baina ez du kartzelara joan beharko.
Epaileek ebatzi dutenez, Fillonek era iruzurtian kontratatu zuen bere emaztea ,1998an, Asanblea Nazionaleko diputatu zenean, harentzat aholkulari lanak egin zitzan, ez baitzen jardun horretan aritu. «Ordaina proportziorik gabea da egindako lanarekin alderatuta», jaso du epaiak. «Fillon anderea erabilerarik izan ez zuen lanpostu baterako kontratatua izan zen».
Joulaudiri epaileek egotzi diote Fillonek sortutako lanpostu faltsuari segida ematea, 2013 urtera arte.
Errugabe dela ziurtatu dute epaiketa osoan lehen ministro ohiak eta bere emazteak, baina Penelope Fillonek ezin izan du aurkeztu egindako lanaren frogarik. Epaileen aurrean argudiatu du askotariko lanak egiten zituela: posta kudeatu, agenda antolatu eta diskurtsoetarako informazioa bildu, besteak beste. Aldiz, 2016an egunkari bati eman zion elkarrizketan adierazi zuen, hain zuzen, inoiz ez zela aritu bere senarraren bizitza politikoarekin lotura zuten lanetan. Horrez gain, epaileei adierazi die ez dituela ongi gogoratzen parlamentari laguntzaile gisa izan dituen kontratuak.
Lehen ministro ohiaren defentsak iragarri du helegitea aurkeztuko diola epaiari. «Epaiketa berri bat egingo da», ziurtatu du Antonin Levy abokatuak. Haren esanetan, «beharrezkoa» da prozesua berriz hastea, ikerketa egiteko orduan izan diren «baldintza ilunak» eta «harrigarriak» kontuan hartuta.
Macronen mesederako
Parisko Auzitegi Korrekzionalak atzo aztertu zuen auziak presidentetzarako atea ireki zion, parez pare, Emmanuel Macron egungo estatuburuari. 2017ko urtarrilean, presidente hauteskundeetarako lau hilabete falta zirela, Le Carnard Enchaine astekariak ustelkeriarekin lotu zuen Fillon. Argitaratu zuenez, lehen ministro ohiak bere emaztea eta bi seme kontratatu zituen diru publikoarekin aholkulari lanetarako, nahiz eta ez zuten egiaz halako lanik egin —politikariaren semeak ez dira epaituak izan—.Gobernuburu ohiari egotzi zion, halaber, literatura aldizkari bateko zuzendariari presio egitea bere emaztea kontrata zezan, aholkularitza lanetarako.
Informazio horiek argitara atera baino lehen, presidente kargua eskuratzeko hautagai faboritoa zen Fillon inkesta guztietan, eta, «hutsegiteak» onartu bazituen ere, hautagaitzari eustea erabaki zuen. Salaketak kalte handia egin zion, ordea, bere irudiari. Nabarmen egin zuen behera herritarren artean zuen babesak, eta lehiatik kanpo gelditu zen bozen lehen itzulian. Bigarrenean, Macron nagusitu zitzaion eskuin muturreko hautagai Marine Le Peni.