NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak esan du Rodrigo Duterte Filipinetako presidente ohia hiru hilketaren eta hilketa saiakera baten «erantzule penala» dela. 80 urteko agintari ohia ez da aretoan egon, bertara joateari uko egin baitio, argudiatuta oso heldua dela eta auzitegiak ez duela hura epaitzeko eskumenik.
Epaiketa egin aurreko entzunaldiaren lehenengo saioa egin dute gaur, Hagan. Eta Duterte egozten dizkioten hilketen erantzulea dela berresteaz gain, fiskalak adierazi du presidente ohiak hiltzaileak kontrolatu zituela eta «pizgarri ekonomikoak» eskaini zizkiela hiltzearen truke. Gainera, narkotrafikoaren aurkako operazioetan parte hartu zuten guztiei «babesa bermatu» ziela ere ondorioztatu du fiskalak: «Davaoko alkate gisa lehendabizi, eta Filipinetako presidente gisa gerora, Duterte jaunak eragin eta botere handia izan zuen hilketa horiek egin zituzten pertsonengan».
Bestalde, fiskalaren ondokoak ziurtatu du «arrazoi sendoak» daudela pentsatzeko Filipinetako presidente ohia drogen aurkako «plan baten erdi-erdian» egon zela, eta plan horren helburuak zirela, besteak beste, Filipinetako delitugileak, droga kontsumitzaileak eta droga trafikatzaileak hil eta desagerraraztea. Horrez gain, adierazi du Filipinetako biztanleria zibilaren aurkako eraso «orokor eta sistematikoen» parte izan zela.
Fiskaltzaren arabera, Dutertek Davaoko heriotzaren eskuadroia delakoa sortu eta gainbegiratu zuen, eta bertako kideei «delitugileak hiltzeko jarraibideak» eman zizkien. Erantsi duenez, Dutertek Davaon abiatu zuen plan hori herrialde osora zabaldu zuen presidente kargura iritsi zenean.
Izan ere, Hagako auzitegiak zehaztu zuenez, 2011tik 2019ra egin ziren Duterteri leporatzen dizkioten krimenak, eta urte horietako batzuetan estatuburu eta gobernuburu izan zen Duterte (2016tik 2022ra, hain justu). Garai hartan Drogaren kontrako gerra deituriko mugimendua eraman zuen aurrera, eta «gizateriaren aurkako krimenak egitea» egotzi zion auzitegiak.
Narkotrafikoari aurka egiteko aitzakian, Filipinetako Poliziak 6.000 pertsona inguru hil zituen garai hartan, datu ofizialen arabera. Giza eskubideen aldeko zenbait taldek salatu dutenez, aldiz, 30.000 pertsona inguru hil zituzten estatu indarrek eta indar parapolizialek.
Entzunaldiaren lehen saioa amaitu da, baina ostiralera bitartean saio gehiago izango dira. Saioak amaitutakoan, epaileek 90 egun izango dituzte epaiketa egin ala ez erabakitzeko.