Ilunpetan, arma batzuk eskuetan, aurpegia estalita eta jaka berdeekin jantzita, aitzinean FLNC letra zuriak pankarta beltz batean idatzita zeuzkatela. Irudi horrekin jakinarazi dute Korsikaren independentziaren alde 1976an sortu zute talde armatua "berregituratuko" dutela hainbat lagunek —bost ageri dira Corse Matin-ek argitaratu duen bideoan—. "Guk, abertzale korsikarrok, erabaki dugu elkartzea FLNC berregituratzeko", adierazi dute egunkari horrek argitaratu duen agirian. "Propaganda ekintzak" eginen dituztela jakinarazi dute, eta taldeak ezarri dituen "debekuak eta gomendioak indarrez betearazteko" prest daudela, "beharrezkoa bada". Zehaztu dute, baina, ez dutela "pertsonen aurka" joko, "jabetzaren aurka baizik".
FLNCk 2014an utzi zituen armak, eta uharteko panorama politikoa anitz aldatu da azken urteotan; besteak beste, autonomistek eta independentistek Pe a Corsica koalizioa osatu zuten, eta gehiengo osoa dute uharteko asanblean. FLNCren izenean hitz egin dutenek adierazi dute ez dutela "zalantzan jartzen lurraldeko gehiengoaren ordezkarien zintzotasuna eta konpromisoa", baina "deitoratu" egin dute "Korsikako herria Frantziako gizartean deseginen duen bide bati jarraitzea".