Korsika

FLNCk bere gain hartu ditu bart gauean izaniko hogei eraso: «Frantzia kanpora»

Oporretarako etxeak eta zerga biltzeko bulego bat hartu dituzte jomugatzat, lehergaiz eginiko oldarraldi batean.

FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontearen prentsaurrekoa, 2021eko irailean. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 9a
17:48
Entzun

Aspaldiko partez, gau urdina deiturikoa izan dute Korsikan bart. Denera hogei bat leherketa gertatu dira, gehienak oporretarako etxe hutsetan. FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak bere gain hartu du oldarraldia, hedabideetara bidalitako agiri labur baten bidez.

«Ez daukagu etorkizun komunik Frantziarekin», idatzi dute frantsesez agirian, eta korsikerazko «A Francia Fora» esaldiarekin amaitu dute: «Frantzia kanpora».

Gau urdina esaten diete eraso olde handiei, Frantziako Poliziaren autoen argiei erreferentzia eginez. Igande gauean gertatu dira leherketak, uharte osoan. Oporretarako etxeez gain, eraikitzen ari diren etxebizitzetan eta Aiacciun zergak biltzeko erabiltzen zen bulego bati eragin diete, Nicolas Septe Aiacciuko fiskalaren arabera. Ez da inor larri zauritu, baina Coti-Chiavariko Pozzaccion 54 eta 57 urteko bikotekide batzuk erreskatatu behar izan dituzte suhiltzaileek, haien etxebizitzan leherketa bat izan ostean. Aiacciuko erietxera eraman dituzte.

Besteak beste gas bonbonak, eta sua itzaltzeko gailu manipulatuak erabili dituzte; «etxean eginiko» lehergailuak, François Thevenot Bastiako fiskalaren hitzetan.

FLNC-Borrokalarien Batasuna eta FLNC Urriak 22 taldeek armak utzi zituzten 2014an eta 2016an, hurrenez hurren, baina 2021eko irailean erasoak egiten hasi ziren berriz, FLNC izenarekin.

Bi taldeak FLNCtik ateratakoak dira: lehena taldearen Kanal Historiko adarraren ondorengoa da; bigarrena, berriz, Ohiko Kanala adarretik datorren jendeak osatzen du.

Baina, azken urteotan, euren arteko lehia baztertuz joan dira, eta aurtengo martxoaren 21ean agiri bat sinatu zuten elkarrekin, 17 eraso euren gain hartzeko.

Abuztuaren hasieran plazaratu zuten agiri batean, dei egin zuten «erresistentzia abertzalearen plataforma bat» eratzeko. «Frantziak onartzen ez baditu Korsikako herriak bere lurraldean dituen eskubideak, ez da akordio historikorik egongo Korsikaren eta Frantziaren artean».

Macronen bisitatik hamar egunera

Frantziako presidente Emmanuel Macronek uhartera bisita egin zuen iraileko azken astean. Irailaren 28an, Korsikako Asanblean mintzatu zen. Alderdi nazionalistak gehiengoa dira han, eta Macronek autonomia eskaini zien, Frantziaren barruan.

«Izan dezagun ausardia Korsikaren autonomia bat eraikitzeko, [Frantziako] errepublikaren barruan». Agintari frantsesak azaldu zuenez, «autonomia hori izango da tresna etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, estatutik askatu gabe. Ez da estatuaren aurkako autonomia bat izango, ez eta estaturik gabeko autonomia bat ere, baizik eta Korsikarentzako autonomia bat errepublikaren barruan».

Frantziako Konstituzioan autonomia hori «berezko artikulu batean» idaztea proposatu zien. Horretan, Korsika «komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kultural» gisa onartuko litzateke.

Korsikako Asanbleari sei hilabete eman zizkion Macronek Frantziako Gobernuarekin «testu konstituzional eta organiko bat» hitzartzeko, Korsikako estatutua aldatzeko. Horretan oinarrituta, konstituzioa aldatzeko prozesuari ekingo liokete, eta, gero, Korsikan erreferendum bat antolatuko lukete.

Korsikarrek «transferituriko eskumenen» inguruan egin ahalko lituzkete arauak, baina, betiere, Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren «kontrolpean».

Horrez gain, Macronek esan zien «korsikera gehiago» erakutsi behar litzatekeela, eta «elebiduntasunaren aldeko hezkuntza zerbitzu publiko bat» sortuko litzatekeela. «Leku gehiago eman behar diogu korsikerari, hezkuntzan zein eremu publikoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.