Florentziako Udal Kontseiluak (Italia)Â ebazpen bat onartu du erdigune historikotik kanpoko bederatzi eremutara zabaldu daitezen hiriko parte zaharrean duela bi urte martxan jarritako murrizketak. 2028ra arte, ezingo da baimen gehiagorik eman toki horietan alokairuko etxe turistikoak jartzeko; udal erregistroan izena emanda egon beharko dute aldi laburretarako alokatzen dituzten etxeek, eta bost urterako baimen balioduna eskuratu beharko dute. Gainera, apartamentuek 28 metro karratu izan beharko dituzte gutxienez, birentzako gelek hamalau, eta banakoek bederatzi.
Sektoreko operadoreek kontra egin diote arau horri, baina Eskualdeko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio alkateari, Sara Funaro zentro-ezkerrekoari. «Turismoaren eta herritarren bizimoduaren artean oreka eramangarria izatea» bermatu nahi du Funarok. Turistifikazioak, ordea, kalte handia egin dio 360.000 biztanleko hiri horri. 2025ean, 4,7 milioi turista joan ziren Florentziara, 2024an baino %10 gehiago, eta alokairu turistikoak 17.000 ziren, errentan hartzeko dauden etxe guztien %56. Murrizketak murrizketa, 2024an baino 643 alokairu turistiko gehiago daude orain.
Erabakia hartzeko, udalak oinarritzat hartu du Erromako La Sapienza Unibertsitateko ikertzaileek eta Florentziako Udaleko Estatistika Bulegoak egindako ikerlan bat. Ikerlanaren egileetako batek, Filippo Celata La Sapienzako Geografia Ekonomiko eta Politikoko irakasleak, adierazi du Florentziako alkatea ahal den guztia egiten ari dela aldi laburretarako alokairuen zabalkundea geldiarazteko. «Zaila da neurtzea parte zaharreko moratoriak eraginik izan duen. Beste hiri batzuetan egin ditudan ikerlanen arabera, moratoriari esker %30 gutxiago dira alokairu mota aldatu eta aldi laburretarako alokatzen dituzten bizilekuak. Funarok iragarri du 2028tik aurrera, moratoria bukatu eta alokairu baimenak berriz emateko epea hasten denean, ahal den guztia egingo dutela alokairu turistikoak gutxitzeko, baina oraindik argitu gabe dago zein diren horretarako tresna eraginkorrak», azaldu du geografia adituak. Florentzia, hain zuzen, Bartzelonako ereduari begira dago: Bartzelonako administrazioak ere «izoztu» egin du ostatu eskaintza, baina badira hamabi urte han neurri hori martxan jarri zutela, eta Florentzian, berriz, oraintsu abiarazi dute. «Italian, Florentzia da ostatu eskaintzaren zabalkundeari mugak jarri dizkion hiri bakanetako bat, eta, kontrara, Erroma eskaintza hori sustatzen dabil, adibidez».
«Italian, Florentzia da ostatu eskaintzaren zabalkundeari mugak jarri dizkion hiri bakanetako bat»
FILIPPO ZELATAÂ La Sapienza Unibertsitateko Geografia Ekonomiko eta Politikoko irakaslea
Nolanahi ere, Celataren ustez, ez da nahikoa aldi laburretarako alokairuei mugak jartzea, ekitaldi handien bidez turismoa sustatzearen ondorio ere bada-eta gehiegizko turismoa —esaterako, Amerika Kopa dute Napolin, eta Jubileua Erroman—, eta, era berean, turismoaren alorreko enpresariei laguntza publikoak ematearen ondorio ere bai.
Ezkerreko oposizioko zinegotzia izandako batek, La città manifesta aldizkariaren zuzendari Ornella De Zordok, adierazi du «berandukoak eta eskasak» direla Florentziako Udalaren neurriak. «Celata irakasleari eskatutako txosten teknikoan, argi geratu da parte zaharrean luzaroko alokairuak halako bi direla alokairu turistikoak; inguru batzuetan, %500 dira. Hiriaren erdialdea basamortu bat da biztanleei dagokienez: 9.000 apartamentu turistiko daude bertan. Baina erdigunearen inguruko aldean ere, %50 eta %100 bitartean handitu da eskaintza», esplikatu du Per Un'Altra Citta laborategi politikoko aktibistak. De Zordok onartu du hiri gutxi saiatzen ari direla turistei alokatzen zaizkien etxeen kopurua jaisten, eta Florentzia dela hiri gutxi horietako bat, baina salatu du hartutako neurriek ez dutela ia eraginik izan parte zaharrean.
«Zentzurik badu murrizketak ezartzeak, murrizketa horiek betearazteko tresnarik izan ezean?»
ORNELLA DE ZORDO AktibistaÂ
Alkateak agindu du ezen, 2028an baimen gehiago banatzen hasten direnean, lehentasuna emango dietela jabe txikiei, eta ez enpresa partzuergo handiei. De Zordoren ustez, ordea, «ebazpenean ez dute azaldu bereizketa hori nola egingo duten, eta udalak ez du dirurik jarri halako kontrolak ordaintzeko. Ez da erraza zehaztea jabe txikia zer den eta enpresa handia zer den; izan ere, enpresa gutxi batzuek kudeatzen dituzte ehunka apartamentu, normalean partikularren izenean egoten direnak. Florentzian, hogei partzuergok 1.101 apartamentu kontrolatzen dituzte, gehienak parte zaharrean. Zentzurik badu murrizketak ezartzeak, murrizketa horiek betearazteko tresnarik izan ezean?». Gehiegizko turismoa egiatan mugatzeko, De Zordok gomendatu du etxe handiak etxe txikitan banatzeko bidea ixtea, halako etxe txikiak egokiak baitira turistentzat, baina ez familientzat eta luzaroko bizilagunentzat.
Zerbitzu eske
«Ezinbestekoa da berriz ere zerbitzuak jartzea eremu turistifikatuetan, toki horiek gero eta desegokiagoak baitira jendea bertan bizitzen jartzeko: eskolak eta osasun arta kentzen ibili dira, eta denden eskaintza, berriz, guztiz gentrifikaturik dago». Gainera, De Zordok azpimarratu du etxebizitza sozialak edo prezio erregulatua dutenak eskaini behar dituztela erakundeek, biztanle gehienek ezin baitute alokairurik ordaindu, izugarri garestitu denez gero. «Ikasleek ere, honetara ezkero, Florentziatik kanpo bizi behar izaten dute, ez baitago egoitza publikorik. Aitzitik, gero eta gehiago dira social hub izenekoak: hotelak dira zinez, aldi laburretarako alokairuen baimenak emateko debekua urratuz sortuak».
Turistifikazioaren eta gentrifikazioaren kontrako batzordeen sare Salviamo Firenze-ren ustez, udalaren neurriak «ez dira konponbide egokia honela gaixotutako hiri batean». Mugimendu horrek eskatu du alokairu turistikoak urritzeko neurri zehatzak hartzeko lehenbailehen, eta ez kopurua bere hartan uztekoak bakarrik.