Palin efektua gaindituta eta finantza krisiaren inguruan konfiantza handiagoa ematen duela baliatuta, AEBetako maparen koloreak aldatzen ari da Barack Obama. Pennsylvanian, Minnesotan, Oregonen eta New Hampshiren aldeko joera zuen atzo gaueko debatearen aurretik ere, baina inkestek garaile ziurtzat ematen dute dagoeneko, hauteskundeetarako lau aste eskas falta direla.
Are garrantzitsuagoa da, hala ere, estatu giltzarrietan eragin duen iraultza. John McCainen aldeko joera izatetik, aurkako bidea hartu dute inkestek Floridan, Virginian, Ipar Carolinan eta Nevadan. Eta baita Missourin ere. Azken estatu horretako emaitzak sinbolikoki garrantzi handia dauka, han irabazten duena Etxe Zurira iritsi izan delako. 1956ko hauteskundeetan izan zen salbuespena, Eisenhowerrek Missourin galdu arren --puntu bat eskas-- irabazi zizkiolako bozak Stevensoni.
Virginian, 1964tik errepublikanoena izan den estatuan, bost puntuko aldea du Obamak; Ipar Carolinan, seikoa; Ohion, laukoa; Nevadan, hirukoa; eta Floridan, jokoan 27 ordezkari direla, hiru puntu aurretik jarri da Obama. Haizea alde dauka.
Floridak, Virginiak eta Ipar Carolinak Obamaren aldeko joera hartu dute
Missouriko irabazlea Etxe Zurira joaten dela dio tradizioak, eta hor ere demokrataren alde jarri dira inkestak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu