AEB-ak

Floydek konortea galdu ostean, ia beste hiru minutuz izan zuen poliziak belauna haren lepo gainean

Bart istiluak izan dira berriro AEBetako hiri nagusietan. Minneapolisen, etxeratze agindua eman du alkateak. Fiskaltzaren arabera, belauna lepoan jartzea Floyden heriotza eragin zuten hiru arrazoietako bat izan zen.

Protestak Etxe Zuriraino iritsi dira, Washingtonen. JIM LO SCALZO, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 30a
11:21
Entzun

Hennepin konderriko Fiskaltzak aurkeztu du George Floyden heriotzaren txostena. Hor zehaztu duenez, Derek Chauvin Minneapolisko poliziak zortzi minutu eta 46 segundoz izan zuen belauna Floyden lepo gainean; bi minutu eta 53 segundoz, gainera, atxilotuak konortea galdu ondoren. Ostiralean aurkeztu du txostena fiskaltzak, Chauvini hilketa leporatu dioten egunean.

Txostenak baieztatu du ustez hogei dolarreko billete faltsu bat erabili zuelako atxilotu zutela, eta, horren arabera, tirabira bat izan zuten Floydek eta poliziek; fiskaltzak zehaztu duenez, atxilotuak ez zuen sartu nahi poliziaren autoan. Lurrera bota zuten, eta Chauvinek orduan jarri zion belauna lepoan. Floydek arnasa ezin zuela hartu esan eta eskuburdinak jarrita eduki arren, hor mantendu zuen Chauvinek belauna, ia bederatzi minutuz. Atxilotuak konortea galdu ondoren, ospitalera eraman zuten, eta han hil zen.

[YouTube]https://youtu.be/LyXuQ9TyviA[/YouTube]

Fiskaltzak txostenean ohartarazi du atxilotua ez mugitzeko belauna lepoan jartzeko maniobra arriskutsua dela. Txostenaren arabera, hiru izan ziren Floyden heriotza eragin zuten aldagaiak: aurretik zituen osasun arazoak, gorputzean zituen "gai toxikoak" eta Chauvinen maniobra hori.

Hasieran, Floyden atxiloketan parte hartu zuten lau agenteak Poliziatik bota zituzten, baina atzo Derek Chauvin atxilotu eta Ramsey konderriko espetxean sartu zuten. Minnesota estatutan afro-amerikar bat hiltzeagatik auzipetutako lehen polizia zuria da. Hilketagatik zigortzen badute, 25 urterainoko espetxe zigora ezar diezaiokete; nahi gabe hiltzeagatik zigortzen badute, hamar urterainokoa. Beste hiru poliziak ere atxilotuko dituztela iragarri dio Mike Freeman Hennepin konderriko fiskalak Minnesota Star egunkariari.

Etxe Zuria, itxita

Bart areagotu egin dira AEBetako zenbait hiritan polizia arrazakeria salatzeko protestak. Minneapolisen, alkateak etxeratze agindua eman du ostegun gauean izan ziren istiluen ondoren. Protestak Etxe Zuriraino iritsi dira, eta Poliziak piper gasa erabili du manifestarien aurka. Etxe Zuriaren ateak itxi behar izan dituzte protesten eraginez, baita prensa aretoa ere.

Euskal Herrian 09:20ak zirela hasi dira istiluak Washingtonen. Han zeuden kazetariek jakinarazi dutenez, aurrez aurre egon dira manifestariak eta poliziak hainbat orduz. AEBetako zerbitzu sekretua ere han zela azaldu dute. Izan dira tirabirak batzuen eta besteen artean, baina dozenaka gutxi batzuk geratzen zirenean jazarri zaizkie manifestariei piper gasarekin.

Laugarren protesta eguna izan da ostiralekoa. Astelehenean hil zuten Floyd, eta asteartean hasi ziren istiluak Minneapolisen. Pixkanaka, beste hiri handi batzuetara ere zabaldu dira protestak: Los Angeles, New York, Houston, Phoenix, Boston, Atlanda eta, orain, hiriburua.

"Kaosa"

Tim Walz Minnesotako gobernadoreak eta Jacob Frey Minneapolisko alkateak agerraldi bat egin dute gaur goizean, istiluak gelditzeko eskatzeko. Datozen orduetan berriro piztuko direla aurreikusten baitute. "Honek ez du zerikusirik Floyden heriotzarekin, ezta existitzen den bidegabekeriarekin ere: hau kaosa da", esan du Walzek. "Hiri bat erretzea ez da ohoragarria. Arpilatzeak ez dakar ohorerik", esan du Freyk CNN telebista katean.

Ordezkarien Ganberako Justizia Batzordeak —gehiengo demokrata du— Justizia Departamentuari eskatu dio iker ditzala Poliziak afro-amerikarren aurka egindako gehiegikeriak. Batzordeko buru Jerrold Nadlerek ohartarazi du «konstituzioaren aurkako jokabide eredu bat» egon daitekeela Poliziaren azken urteetako jarreraren atzean. Batzordeak Ahmaud Arberyren hilketa «sakon» ikertzea ere galdegin du. Arbery tiroz hil zuten, Georgian, erretiratutako polizia batek eta haren semeak. 

Aurrekariak

Floydena ez da halako lehen heriotza. 2014an, Eric Garner itota hil zuen polizia batek New Yorken, hura atxilotzen ari zela. Homizidiotzat hartu zuten, baina urte hartako abenduan errugabetzat jo zuten polizia. Erabakiak protestak eragin zituen hirian. Martxoan, berriz, Poliziak tiroz hil zuen Breonna Taylor 26 urteko gazte afro-amerikarra, Louisvilleko haren etxean, Kentuckyn.

1992an ere istilu latzak izan ziren Los Angelesen beste kasu batengatik: urtebete lehenago, 1991ko martxoaren 3an, lau poliziak hiltzeraino jipoitu zuten Rodney King taxi gidari afro-amerikarra, eta, herritar batek jipoiaren bideo irudiak hartu bazituen ere, laurak absolbitu egin zituen epaimahaiak. Epaimahaiko kide ia guztiak zuriak ziren, eta azken urteetan gogoratzen diren istilurik handienak piztu ziren kalean: 54 pertsona hil ziren, eta 2.000tik gora zauritu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.