Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Kataluniako Legebiltzarrak urriaren 27an egin zuen independentzia deklarazioa. Espainiako Gobernuak eskatu zion Konstituzionalari berak aurretik emandako epaia betearazi eta independentzia deklarazioa bertan behera uzteko. Joan zen astean, tramiterako onartu zuen eskaera hori Konstituzionalak, eta independentzia deklarazioa behin-behinean baliogabetuta zegoen. Gaur, baina, behin betiko erabakia hartu du. Ezohiko osoko bilkura egingo du horretarako.
Eskaera horren barruan, Carme Forcadellen eta legebiltzarreko mahaiko kideen kontra egiteko ere eskatu zion Espainiako Gobernuak Konstituzionalari. Argudiatu zion ez ziela jaramonik egin Konstituzionalaren aginduei. Auzitegiak baietz erabaki du, eta bere epaiei desobedientzia egiteagatik salatuko ditu. Konstituzionalak berak ez du eskumenik besterik gabe Forcadellen kontra egiteko, eta beraz, Fiskaltzari emango dio abisu neurriak har ditzan.