Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari Mas d'Enriceko espetxetik (Herrialde Katalanak) ateratzen utziko diote astean hiru egunetan, egunean bederatzi orduz, boluntario gisa lan egiteko, eta adin handiko familiako kide bat zaintzeko. Generalitateko Justizia Kontseilaritzak gaur eman du erabakiaren berri; 100.2 artikulua ezarriko dute, Jordi Cuixarten eta Jordi Sanchezen baimenekin egin duten bezala.
Forcadelli Mas d'Enricetik ateratzeko eman dioten baimena berehala jarriko dute indarrean, baina espetxe zaintzako epaitegiak eman behar dio abala. Egunero espetxean igaro beharko du gaua. Parlamentuko presidente ohia 2018ko martxoaren 23an sartu zuten kartzelan, eta orain eman diote handik ateratzeko lehen baimena.
Era berean, Justizia Kontseilaritzak adierazi du ez dutela emango Forcadellen irteera egunen berri, eta ez dutela esango zer erakundetan egingo duen lan boluntario gisa.
Lledonersko espetxeko (Herrialde Katalanak) tratamendu batzordeak gauza bera egin du Cuixartekin eta Sanchezekin. Sanchezek egunean 11 ordu igaro ditzake kartzelatik kanpo, astean hiru egunetan, borondatezko lana egiteko. Cuixartek, berriz, astean bost egunetan egin dezake lan, 9,5 ordu egunean. Biek kartzelara itzuli behar dute lotara.