Francisco Galindo Velez da PSOEren eta JxCren arteko negoziazioetako egiaztatzailea

Bi alderdiek gaur egin dute legegintzaldiko lehen bilkura, eta El Salvadorko diplomazialariak horretan parte hartu du.

ander perez zala
2023ko abenduaren 2a
19:15
Entzun

PSOEk eta JxC Junts Per Catalunyak legegintzaldiko lehen bilkura egin dute gaur, Geneva inguruan (Suitza), eta horren ondoren jakinarazi dute, komunikatu banaren bitartez, Francisco Galindo Velez aukeratu dutela «nazioarteko mekanismoa koordinatzeko». El Salvadorko diplomazialari hori arituko da bi alderdien arteko negoziazioen edukia eta inplementazioa egiaztatzeko lanetan —hilabetean behin elkartuko dira—, eta jada ekin dio lanari, gaurko bileran parte hartu baitu.

Galindo Velez El Salvadorren kontsula da Kolonbian, eta, horren aurretik, besteak beste, El Salvadorren enbaxadorea izan zen Frantzian (2010-2015) eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria herrialde horretan, Kolonbian eta Egipton, 1987 eta 2008 bitartean. Huraz gain, Suitzako Henri Dunant zentroak ere zeresana izango du bitartekari lanetan, Espainiako eta Kataluniako hedabideen arabera.

Gaurko hitzorduan, PSOEren ordezkaritzaren parte izan dira Santos Cerdan alderdiko Antolakuntza idazkaria eta haren laguntzaile Juan Francisco Serrano; JxCren kasuan, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohi eta alderdiaren buruzagiak, Jordi Turull idazkari nagusiak eta Miriam Nogueras Espainiako Kongresuko bozeramaileak parte hartu dute. Bilkura horretan, bi aldeek negoziazioetarako duen «prestutasuna eta konpromisoa» eskertu diote Galindo Velezi; horrez gain, ez dute ezer gehiago esan bileraz.

Pedro Sanchezen inbestidurari buruzko negoziazioetan eskatu zuen Puigdemontek nazioarteko egiaztatzaile bat, argudiatuta bi alderdien artean deskonfiantza handia dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.