Sanchezek ustelkeriaren kontrako neurriak iragarriz lortu du PSOEren babesa

Batzorde federala egiten ari da Espainiako Alderdi Sozialista, Madrilen. Francisco Salazarrek uko egin dio PSOEko Antolakuntza idazkaritzako karguari, zenbait emakumek sexu jazarpena egotzi ondotik.

Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEko idazkari nagusia, gaur, alderdiaren batzorde federalean, Madrilen. EVA ERCOLANESE / EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEko idazkari nagusia, gaur, alderdiaren batzorde federalean, Madrilen. EVA ERCOLANESE / EFE
Julen Otaegi Leonet - Edurne Begiristain
2025eko uztailaren 5a
11:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Kea dario oraindik Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren auziari, eta hark piztutako garrak itzaltzea zuen asmoa gaurko PSOEk deitutako batzorde federalak, Madrilgo Ferraz kaleko bere egoitzan. Airean zegoen ea nola erantzungo zieten militanteek alderdia zipriztindu duten ustelkeria kasuei; Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEko idazkari nagusiak, eman duen hitzaldian, jopuntuan jarri ditu horiek. Ustelkeriari kontra egiteko zenbait neurriren berri ere eman du; Diputatuen Kongresuan aurkeztuko ditu, datorren asteazkenean.

Horien artean daude, besteak beste: PSOEko agintarien ondarea ausaz eta edonoiz aztertzekoa, alderdiko kideen gardentasuna bermatze aldera; ustelkeria kasuetan auzibideak ebazteko gehienezko epeak aldatzea, «prozedura horien azkartasunean baitatza arrakasta edo porrota»; iruzurraren eta ustelkeriaren kontrako protokolo bat osatzea; eta alderdian gertatutako edozein irregulartasun salatzeko «betebeharra».

Sanchezek bere gain hartu du Santos Cerdan eta Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak izendatu izanaren erantzukizuna: «Mingarria da traizioa, ikuspuntu politikotik zein pertsonaletik ikusita. Haietaz fidatu nintzen, eta ez nuen jakin atzean zer zegoen». Eta errua ere bota die: «Gu ez gara siglak zikindu dituzten horiek bezalakoak; inork ez gaitzala maila berean jarri».

Cerdanen dimisioaren bueltan, Abalosek eta Koldo Garcia haren gertukoak telefonoz izandako elkarrizketak filtratu ziren, zeinetan prostituta batzuen inguruan hitz egiten zuten. Horiexek ere izan ditu hizpide Sanchezek: «Audio horiek agerian utzi dute matxismoa, eta hori ez dator bat gure balioekin eta printzipioekin. Sozialistontzat, feminismoa izateko era bat da. Pentsatzen dugu emakume baten gorputza ez dagoela salgai, eta gure alderdian ez dago lekurik horren kontra doazen ekintzentzat».

Sozialistak, Sanchezen alde

PSOEko hirurehun militante baino gehiago bildu dira Madrilgo egoitzan, bai Espainiako Gobernuko kideak eta bai autonomia erkidegoetakoak, besteak beste. Sanchezek alderdiaren batzorde exekutibo berriaren egitura proposatu die —54 kidetik 48ra igaroko da—, eta bertaratu direnen guztien baiezkoa jaso du, batena izan ezik; hala jakinarazi dute hainbat hedabidek alderdiaren iturriak aipatuz.

Euskal herritar batzuek postuari eutsiko diote PSOEko batzorde exekutiboan: Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministro eta PSOEko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate idazkariak, Patxi Lopezek PSOEren Kongresuko bozeramaile gisa, eta Nora Abetek Merkataritza eta Kontsumo Idazkaritzaren buru gisa. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak urtebetez hartu du alderdiaren batzorde federaleko buruzagitza. Bestalde, Aroa Jiletek Turismo idazkari izateari utziko dio; Arabako PSE-EEren zuzendaritzan dago.

(ID_15117961) ESPAÑA PARTIDOS PSOE
Maria Txibite Nafarroako presidentea eta PSNko idazkari nagusia, gaur, PSOEren batzorde federalean, Madrilen. EVA ERCOLANESE / EFE

Maria Txibite Nafarroako presidentea eta PSNko idazkari nagusia ere Madrilen dago, eta alderdiko ustelkeria kasuez aritu da, haren arabera «politika arloren gaineko konfiantza urratzen» baitute. Halere, «ezin dugu amore eman; aurrera jarraitu behar dugu proiektuarekin», esan du. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, adierazi du «kolpe latza» hartu duela alderdiak azken hilabete honetan. Nabarmendu du ez dela garaia erabakiak «itsu-itsuan» hartzeko; aldi berean, Sanchezek hartutako edozein neurri errespetatuko du.

Salvador Illa Generalitateko presidente eta PSCko burua Sanchezen alde agertu da: «PSOEko liderrari eraso egiten dionak alderdi osoari egiten dio eraso». Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako alderdi sozialistako idazkari nagusiak, bestalde, konponbideak exijitu dizkio PSOEri: «Zuzendaritzak ulertu behar du soluziorik eskaintzen ez badu arazoaren parte dela». Ustelkeria «kontu serioa» dela esan du, eta bi aukera eman dizkio Sanchezi: alderdiko kongresuan konfiantza mozio bat aurkeztea edo hauteskundeetara deitzea.

Salazarren uko egitea

Rebeca Torrok ordezkatuko du Cerdan Antolakuntza idazkari lanetan, eta haren taldearen inguruan suspertu da berriro sua, gaur: Antolakuntza idazkari berriaren albokoa izan behar zuenari, Francisco Salazarri, «jokabide desegokia» izatea leporatu diote zenbait emakumek, eta, ondorioz, uko egin dio karguari. Batzorde federala hasi aurretik iritsi da uko egitearen albistea, eta batzarra ordubete inguru beranduago hasi da.

Alderdi sozialistak atzo bertan proposatu zuen Salazar Torreren alboko gisa, eta, gauerdia pasatxo zela Eldiario.es hedabideak aurreratu duenez, zenbait emakumek, tartean Moncloako langile bat, sexu jazarpena egotzi diote; zehazki, «jokabide desegokiak eta matxistak» eta «iruzkin lizunak» leporatu dizkiote. Espainiako Gobernuko Presidentetzako kabineteburuaren albokoa izan zenean (2020-2021) izan zituen, ustez, jokabide horiek —hedabideak galdetutako emakumeek zehaztu dute beren janzkera eta gorputzen inguruko iruzkinak egin zizkiela, eta afaltzeko eta Salazarren etxean lotan geratzeko gonbitak ere bai—. Salazarrek berak PSOEko zuzendaritzatik eta batzorde federaleko karguetatik kentzeko eskatu dio alderdiari, goizean; iazko irailetik gaur arte, Presidentetzako Koordinazio Instituzionaleko idazkari nagusia izan da.

Salazarrek errugabetzat jo du bere burua, Efe albiste agentziak akusatuaren gertuko iturriak aipatuz kaleratu duenez, eta aurretiazko eginbideak irekitzeko eskatu dio bere alderdiari. Presidentetzako Idazkaritza Nagusiak dagoeneko martxan jarri du sexu jazarpenaren kontrako protokoloa. Moncloako iturrien arabera, gaur bertan izan dute salaketa horien berri, eta inork ez du eskatu orain arte protokolorik abiatzea: «Ez dago [Salazarren kontrako] salaketarik PSOEren ezein kanaletan».

Sanchezek ez du zuzenean Salazar aipatu, nahiz eta alderdiko emakumeei eskatu dien erabil ditzatela salaketa bideak «sexu eraso edo jazarpen potentzialak» gertatzen direnean: «Babestu egingo ditugu». PSOEko kideek Salazarren salaketa eta ustelkeria kasuak izan dituzte hizpide. Pilar Alegria Espainiako Gobernuko bozeramaileak argi utzi du, kazetariei egindako adierazpenetan, Salazarrek uko egitea «beharrezkoa» zela: jokaera matxistak ikusita alderdiak «irmo» jokatzen duela adierazi du. Babesa ere erakutsi dio Sanchezi.

Torro hiru alboko edukitzekoa zen, baina oraingoz hutsik geratuko da Salazarrek hartu behar zuen kargua; Antolakuntza idazkari nagusiarekin batera arituko dira Anabel Mateos eta Borja Cabezon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.