Cerdanek PSOEko ardurak eta diputatu akta utziko ditu

PSOEko Antolakuntza idazkariak esan du alderdia eta Espainiako Gobernua babesteko eman duela dimisioa. Guardia Zibilak zenbait obra publikoren komisioak kudeatzea egotzi dio. Ekainaren 25ean joango da Auzitegi GOrenera deklaratzera.

(ID_15049045) ESPAÑA CONGRESO
Santos Cerdan, Espainiako Kongresuan, astearteko saioan. FERNANDO VILLAR / EFE
joxerra senar
2025eko ekainaren 12a
14:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak dimisioa eman du. Bere ardura guztiak utziko ditu: bai alderdi barruan zeukana, eta baita Espainiako Kongresuko diputatu akta ere. Hala egingo du bere defentsa judiziala prestatu ahal izateko. PSOEren ikurrik gabe argitaratu duen ohar batean, nabarmendu du ez duela «legez kanpo ezer» egin, ez dela «konplize» izan, eta azaldu du prest dagoela auzitegietan azalpenak emateko. Ekainaren 25ean deklaratuko du Espainiako Auzitegi Gorenean, bere borondatez. 10:00etatik aurrera. Izan ere, orain arte diputatua izanik, foruduna da Cerdan, eta Auzitegi Gorenak eskatu baino ezin zion egin deklaratzera joan zedin.

Apurka, Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari eta PSNko diputatuaren aurkako presio judiziala eta politikoa handitu egin da nabarmen azken orduetan. Ekainaren 5ean, Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak txosten bat aurkeztu zion Leopoldo Puente epaileari, eta, gaur txosten horren edukia ezagutu da. Bertan zera egozten dio: zenbait obra publikoren adjudikazioaren truke bitartekaritza sariak kobratzea eta horiek kudeatzea. Parte hartze horren «zantzu sendoak» daudela iritzi dio epaileak, gainera.

Edukia ezagutzeak guztia bizkortu egin du. Ordura arte, Alderdi Sozialistak irmo babestu zuen, baina audioen transkripzioa ezagutu ahala, egoera errotik aldatu da. Zenbait komunikabidek islatzen dutenez, alderdian oso kezkatuta daude, eta uste dute egoera jasanezina dela.

Cerdanek azaldu du «ohorea» izan dela PSOEko Antolakuntza idazkari izatea. «Hori, eta gobernu progresista bat osatzen lagundu izana». Gaineratu du gobernuaren eta alderdiaren «defentsan» erabaki duela atzera egitea.

Politikoki, Santos Cerdan milagroarra (Nafarroa) figura erabakigarria da alderdi sozialistaren egituran. Pedro Sanchez idazkari nagusiaren konfiantza osoa izan du orain arte, eta negoziazio erabakigarrietan parte hartu du —hala nola Sanchezen inbestidurari begirako Amnistia Legean—. Nafarroan, berriz, 2019an PSOE konbentziarazi eta norabide politikoa aldatzeko rol garrantzitsua jokatu zuen. Horregatik, egoera zailean geratu da alderdia, hala Espainian nola Nafarroan.

Txostenaren edukia

Izan ere, Europa Press albiste agentziak eta beste hainbat komunikabidek gaur aurreratu dutenez, Guardia Zibilaren txostenak 490 orrialde ditu. Grabaketei dagokienez, bitartekaritza sariak kobratzeari buruzko solasaldietan parte hartu zuen Cerdanek, Jose Luis Abalos eta haren laguntzaile Koldo Garcia barakaldarrarekin (Bizkaia) batera. UCOren arabera, bitartekaritzen ordainketen kudeaketaz arduratzen zen. «Jo eta ke ariko naiz, dena eskatzera noa», esan zuen elkarrizketa horietako batean Cerdanek, txostenean agertzen denez. Halaber, Accionak ordainduriko 620.000 euroko diru sari bat aipatzen da.

Audioetan oinarrituta, UCOk uste du Cerdanen eta Garciaren arteko harremana «hierarkizatua» zegoela eta Garcia haren esanetara zegoela. Hori islatzeko, 2014ko PSOEren primarioetan bi boto paper hautetsontzian sartzeko agindu zion Cerdanek Garciari, «inork ikusi gabe». Alde handiz nagusitu zitzaien Pedro Sanchez Eduardo Madinari eta Jose Antonio Perez Tapiari.

Nafarroa eta Belate

Halaber, baliteke uhinak Nafarroara hedatzea. Batetik, Cerdanek itzal handia du PSNren barruan; bestetik, ikertutako obra publiko horietako bat izan daiteke Belateko tuneletakoa. Nahiz eta epaileak ez duen aipatu, herenegun guardia zibilek Servinabar enpresaren egoitza miatu zuten Iruñeko Alde Zaharrean —tunela zabaltzeko lanak egiteko 76 milioi euroko kontratua adjudikatu zitzaion aldi baterako enpresa elkarte irabazleari, eta bertako partaide izan zen Servinabar, Acciona eta Oses Construccionesekin batera—.

Gaurko Nafarroako Parlamentuko kontrol saioan, Vox eskuin muturreko taldeak Belateko tunelen esleipenaz galdetu dio Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariari. «Oraingoz, ezein erakundek ez digu agiririk eskatu». Kontratazio mahaia organo tekniko eta independentea dela esan du, «kualifikazio handiko pertsonez osatua». Era berean, oraintxe irekirik diren ikerketa judizialen inguruko errespetua adierazi du.

Saioa hasi aurretik, goizean, Ramon Alzorriz PSNko eledunak berretsi du adjudikazio hori «legez eta modu garbian» egin zela. «Aurreko legealdian, Nafarroako Parlamentuan 37 ekinaldi egin ziren, eta legealdi honetan, 46. Galdetu zaizkion zalantza guztiak argitu ditu Nafarroako lehendakariak, eta Nafarroako Kontuen Ganberako presidenteak ere adierazi du erabat legezkoa izan zela». Belateko tunelaren adjudikazioa erabaki zuen epaimahaian zortzi teknikari izan ziren, eta bik boto partikularra eman zuten. «Boto partikularra eman zutenek ere sinatu egin zuten adjudikazioa, eta mahaiaren gehiengoak bozkatu zuen. Ez dugu beldurrik: ez dugu ezer ezkutatzeko», esan du. 

(ID_15053857) ESPAÑA CASO KOLDO
Javier Esparza, UPNkoa, Nafarroako Parlamentuan azalpenak ematen. JESUS DIGES / EFE

Guztiz bestelako mezua eman du UPNk. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ustelkeria kasu larrietan inplikatu ziren PSNko orduko buruzagiak, eta horri egin dio aipamena Javier Esparzak: «Historia errepikatzen hasi da. PSN da harri berean erortzen den alderdia».

Haren esanetan, Belateko tunelen adjudikazioa «guztiz ezohikoa» izan zen, parte hartu zuten epaimahaikide batzuek irregulartasunak antzeman baitzituzten. «Alternatibak proposatu zituzten horiek konpontzeko, eta guztiei esan zitzaien ezetz. Lurralde Kohesioko zuzendariak esleitu zuen. Inongo gobernuk ez zuen erabaki hori hartuko», baieztatu du. «Ziurtatu al dezake Nafarroako Gobernuak Santos Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garciaren arteko obra publikoetako bat ez dela Belatekoa?».

Gobernuko bazkideak, zuhur

Atzo aurreratu bezala, berriro ere ikerketa batzordea irekitzeko eskatu du, baina UPNk, PPk eta Voxek ez dute gehiengorik. PSNren arabera, «zirku politikoa» antolatu nahi dute. Nafarroako Gobernuko bazkideek, berriz, zuhurtzia agertu dute. Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, orain arte jakin denean oinarrituta ezin liteke erantzukizunik eskatu. «Ikerketak informazio berria ateratzen badu, horren inguruko balorazioa eta ardurak eskatuko ditugu». Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek eskatu du epaitegiek bere ikerketa lana egin dezatela.

Zuhur mintzatu bada ere, «amaieraraino» iker dadila eskatu du EH Bilduko Laura Aznalek. Ikerketa batzordeari buruzko eskaera aztertuko dutela esan du. Dena den, haren ustez, «agerikoa da estatu mailan estrategia bat dagoela Pedro Sanchezen gobernua eraisteko. Eskuinak Nafarroara hedatu nahi du estrategia hori». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.