Frantzia salatu dute nazioarteko auzitegian, proba nuklearrengatik

Polinesia Frantseseko independentistek gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkiote Parisi

ander perez zala
2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Oscar Temaru Polinesia Frantseseko presidente ohiak eta Tavini Huira'atira-FLP (Polinesiar Herriaren Zerbitzuan-Polinesia Askatzeko Frontea) alderdi independentistaren buruzagiak asteon jakinarazi du Frantziaren aurkako salaketa bat aurkeztu zutela Nazioarteko Zigor Auzitegian, Parisek 30 urtez Ozeaniako uhartedietan egindako proba nuklearrengatik. Independentistek gizateriaren kontrako krimenak egotzi dizkiote Frantziako Gobernuari, eta probak hasi zirenetik «Frantziako presidente izandakoei azalpenak eskatzea» da helburuetako bat. «Kolonialismo nuklearraren ondorioz hildako guztiei zor genien. Guretzat, proba nuklearrak kolonialismoaren emaitza zuzenak dira», adierazi zuen Temaruk asteartean, NBE Nazio Batuen Erakundearen deskolonizaziorako batzordean.

1966tik 1996ra, Frantziak 193 proba nuklear egin zituen Mururoako eta Fangataufako atoloietan, eta horiek ondorio negatiboak izan zituzten uhartediko biztanleengan; horren harira, Morin Legeak kalte-ordain sistema bat finkatu zuen 2010ean, baina, proben ondorioz gaixotasunak dituzten beteranoen elkarteen iritziz, sistema «murriztailea» da—minbizia duten hogei bat polinesiarrek soilik jaso dituzte kalte-ordainak—. Hain justu, Temaruk gogorarazi zuen 2013az geroztik «elkarrizketa arduratsuak» nahi dituztela «potentzia administratiboarekin» —NBE gainbegirale dela—, baina Frantziari egindako deiei «ez diete jaramonik egin, eta hainbatetan gutxietsi dute» independentisten jarrera.

Temaru luze eta zabal mintzatu zen gaiaz NBEko batzordean. Besteak beste, gogorarazi zuen Frantziako Gobernuari dagokiola NBEren Batzar Nagusian azaltzea zeintzuk izan ziren proba horien ondorioak, eta, aldi berean, kritikatu zuen hori egitera behartzen duen testuko paragrafoa ezabatzen saiatu dela urteotan. Buruzagi independentistarekin batera, Polinesia Frantseseko presidente Edouard Fritch autonomista ere izan zen NBEko batzorde horretan, eta Temaruren guztiz kontrako jarrera erakutsi zuen: «Nire herrialdea, Polinesia Frantsesa, herrialde autonomo bat da, bere burua era aske eta demokratikoan gobernatzen duena. Ez dago egoera kolonialean, ezta jazarpen egoera batean ere». Bi ordezkariak, ordea, bat etorri ziren errealitate batean: Frantzia ez dagoela batzorde horretan, eta ez duela elkarrizketetan parte hartzen.

Oztopo juridikoak

Independentistek, baina, arazo bati egin beharko diote aurre: 2002ko uztailaren 1etik aurrera eta nazioartean eragina duten krimenak ikertzeko eta epaitzeko eskumena du NZAk. Data horren aurretik egindakoak soilik NBEren Segurtasun Kontseiluak eskatuta iker ditzake, baina Frantzia kontseiluko kide denez, eta beto eskubidea duenez, aukera horrek ere zaila dirudi.

Pazifikoko kolonia frantziarra da, eta itsasoz haraindiko herrialdearen estatusa du (POM). 1946tik 2003ra itsasoz haraindiko lurralde izan zen (TOM), eta Frantziako Konstituzioan aldaketa bat egin ondoren, autonomia estatus berria onartu zioten Polinesia Frantsesari, autonomia handiagoa izan zezan.

2013an, Polinesia Frantsesa berriz sartu zuten autonomoak ez diren eta deskolonizatu beharreko eremuen NBEren zerrendan—Frantziak atera zuen handik 1963an, proba nuklearrak hasi baino hiru urte lehenago; aldebakarreko erabakia izan zen—, eta horrek atea ireki dio independentzia galdeketa bati; Paris, ordea, aukera horren aurka agertu da.

Zerrenda horretan sartu zutenetik, Polinesia Frantseseko independentistek eta elkarteek urtero eusten diote NBEn eta herrialdean proba nuklearren auziari. 193 Elkarteak, adibidez, 55.000 sinadura bildu zituen proben ondorioei buruzko erreferendum bat antola dezatela eskatzeko, baina oraingoz ez dute halakorik egin. Elkartekoek hainbatetan kritikatu dute gaiaren inguruko «manipulazioa», eta Frantzia auziaren «parte eta epaile» dela, «gizateriaren kontrako krimenak egin dituen arren».

Azken proba egin eta bi urtera, 1998an, proba horiek debekatzeko ituna sinatu eta berretsi zuen Frantziak, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzian sartzeko eskaria egin zuen, Mururoako eta Fangataufako atoloien bilan erradiologiko eta geometrikoak egiteko; harrezkeroztik, bi atoloiak zaintzapean daude, eta haien erradioaktibitate handiaren eboluzioa aztertzen ari dira.

2016ko otsailaren 22an, urte horretan Frantziako presidente zen François Hollandek onartu zuen, Polinesia Frantseseko ordezkarien aurrean, proba nuklearrek eragina izan zutela bost uhartedietan eta hango herritarren osasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.