munduA

Frantziak 700 milioi euro erabiliko ditu A/H1N1 gripearen txertoa erosteko

Irailaren 15etik aurrera hasiko dira txertoak ematen eta haurrek eta gaixoek lehentasuna izango dute. Guztira 100 milioi dosi erosiko dituzte.

2009ko uztailaren 9a
16:39
Entzun
Frantziako Gobernuak 700 milioi euro erabiliko ditu A/H1N1 birusaren txertoa erosteko. Guztira 100 milioi dosi erosiko ditu eta irailaren 15 eta urtarrilaren 31 bitartean iritsiko dira Frantziara.

Erosiko dituzten 100 milioi txertoek frantziar bakoitza bi aldiz txertatzeko aukera emango dute -62 milioi biztanle inguru daude Frantzian-. Gobernuak jakinarazi du, haurrak eta A/H1N1 birusa duten gaixoak txertatuko dituztela lehenik. Osasunez ahul daudenak eta birusa zabaltzeko aukera handia dutenek ere -medikuek esaterako-, lehentasuna izango dutela nabarmendu dute. Txertoa ospitaletan, eskoletan eta enpresetan emango dute, besteak beste.

700 milioi euro horiek finantzatzeko gizarte segurantza eta Estatuaren aurrekontuak erabiliko ditu Frantziak, nahiz eta ez duten zehaztu bakoitzetik zein proportzio erabiliko duten.

Frantzian 400 lagun inguruk dute A/H1N1 birusa. Munduan 101.261 dira kutsatuak eta hildakoak 444. Gehienak Ameriketako Estatu Batuetan eta Mexikon -izurritea sortu zen herrialdean-. Osasunerako Mundu Erakundeak, A/H1N1 birusa XXI. mendeko lehen pandemia deklaratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.