Frantziako Defentsa Ministerioaren arabera, jihadistak trebatzeko gune bat deuseztatu dute. Hogei bonba jaurti dituztela adierazi dute, eta hamar eraikin eraitsi dituztela. Tartean arma biltegiak zeudela esan dute ministerioaren berri iturriek.
Bart gaueko eraso horiek Fantziak Sirian orain arte egin dituen gogorrenak dira. AEBen laguntzarekin egin ditu, eta, besteak beste, Saudi Arabiak Jordanian dituen base militarrak baliatu dituzte. Hamabi hegazkin militarrek egin dituzte bonbardaketak. Ez dute adierazi erasoek biktimarik eragin dutenik.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak esan du eraso horiekin Estatu Islamikoa "suntsitzea" dutela helburu. Izan ere, lehen ministroaren arabera Sirian pentsatu eta erabaki zen Parisko atentatua.
Cameron, argudio bila
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ez dio eskatuko parlamentuari Sirian egiten ari diren bonbardaketak zabaltzeko. Aurrena, alderdi politikoen artean kontsentsua bilatu nahi du: "Jende gehiago konbentzitu behar dut horren alde", zehaztu du.
Gaur, G-20koen bileraren harira, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin biltzekoa da Siriaz hitz egiteko.