Frantziako eskuinaren buruzagitzarako hautagai izanen da Fillon

Alain Juppe Atzerri ministro ohiak uko egin dio UMPren lidergoa eskuratzeko hirugarren hautagaia izateari

Erredakzioa
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Frantzian argitzen ari da UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna eskuineko alderdiaren gidaritzarako lehia. François Fillon lehen ministro ohiak eta gaur egun Parisko diputatu denak hautagai izanen dela baieztatu du, beraz, ofizialki bera da oraingoz Jean François Cope egungo idazkari nagusiaren lehiakide bakarra. Nicolas Sarkozyren ondorengo izateko aipatzen zen bertze izen nagusi batek, berriz, Alain Juppe Atzerri ministro ohiak adierazi du ez duela Fillonen eta Coperen arteko lehian sartu nahi, beste hautagai batek UMPren inguruko «zalaparta areagotu» dezakeelakoan. Hala ere, alderdiko buruzagi izateko aukerari ez dizkio ateak itxi, eta Fillonekin eta Coperekin negoziatzeko asmoa agertu du.

«Uste dut nire eginbeharra dela eskuinaren eta zentroaren familia politiko guztiak bateratzea», adierazi du Fillonek Le Journal du Dimanche astekariari eskainitako elkarrizketan. Sarkozyren aldean joera moderatuagoa duela erran izan da Filloni buruz, baina lehen ministro ohiak argi utzi du aitzineko presidentearen «jarrera eta ideia guztiak» bere egiten dituela. «Sarkozyren aurkako kritika orok niri ere erasotzen dit». Presidente ohiaren jarraipentzat aurkeztu nahi du bere hautagaitza Fillonek.

Kontsentsuaren irudia

Juppe UMPren sortzaileetako bat izan zen Jacques Chiracekin batera 2002an, eta, haren hurbilekoa da, Sarkozyren aldean. Atzerri ministro izan aitzinetik lehen ministro izan zen. Fillonek eta Copek duten lehiaren ordez, Juppek kontsentsurako iruditzat aurkeztu nahi izan du bere burua, eta UMPren buruzagia ere hala aukeratzeko deia egin die bertze biei.

Hautagaitzak irailerako aurkeztuko dituzte, eta, ondoren, alderdiko militanteek aukeratuko dute boto bidez —250.000 inguru dira—, bi itzulitara. Azaroan kongresu batek eman beharko lioke bukaera prozesuari. Hor erabakiko da zein den oposizioko burua, eta, beraz, 2017ko hauteskundeetan berriz ere Eliseorako lehian aurkeztuko dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.