Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari izendatzea ministro eta idazkari aldaketak egiteko baliatu du Frantziako Gobernuak. Nicolas Sarkozy presidenteak François Baroin aukeratu du Lagarde ordezkatzeko, eta Ekonomia eta Finantza ministro izendatu du.Aldi berean, Valerie Pecresse Goi Mailako Hezkuntza eta Ikerketa ministroak hartuko du orain arte Baroinek zuen Aurrekontuen Ministerioa. Pecresse Laurent Wauquiez Europako Gaien ministroak ordezkatuko du, eta Wauquiez, Jean Leonetti Antibeseko alkateak.
Ministroez gain, idazkarien artean ere aldaketak egon dira. Thierry Mariani Garraio idazkaria postuz igo, eta arlo horretako ministroaren laguntzaile izendatu dute. David Douillet Olinpiar Jokoetako judo txapelduna, berriz,Atzerriko Frantsesen idazkari izango da. Azkenik, Claude Greff diputatua Familia idazkari eta Marc Laffineur GerrakoBeteranoen idazkari izateko aukeratu dituzte.
Aldaketa esanguratsua
Sarkozyk azaldutako ministro eta idazkarien aldaketa kate horretan garrantzitsuena Baroinen izendatzea da. Lagarde ordezkatu eta Ekonomia eta Finantza ministro izatea lortzeko Pecresserekin eta Bruno Le Maire Nekazaritza ministroarekin lehiatu behar izan du.
Frantziako Gobernuan eskarmentu handia du 46 urteko politikariak. Hainbat urtetan kazetari izan ondoren, Jacques Chirac Frantziako presidente ohia agintean zela Estatu Idazkaria izendatu zuten 1995ean. Hamar urte geroago, Itsasoaz haraindiko ministro izan zen 2007ra arte. Horren ondoren, Sarkozy ordezkatu zuen bi hilabetez, Barne ministro zela.
Betidanik Chiracen aliatu fidela izan arren, Sarkozyk Aurrekontuen ministro izendatu zuen 2010ean, Eric Woerthen ordez. Polizia azken hori ikertzen ari zen, Liliane Bettencourt L'Orealen oinordekoaren eskutik Sarkozyren kanpaina finantzatzeko legez kanpoko 150.000 euroko diru laguntza jaso zituelakoan.
Frantziako Gobernuan aldaketak egin ditu Sarkozy presidenteak
Christine Lagarde Ekonomia ministro ohi eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria ordezkatu du Parisek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu