Frantziako senatari ohi bat zigortu dute, sexu eraso bat egiteko intentzioarekin diputatu bat drogatzea egotzita

Parisko Zigor Auzitegiak lau urteko zigorra eskatu du Joel Guerriaurentzat, argudiatuta 2023ko azaroan estasia bota ziola Sandrine Josso diputatuari xanpainean, hari sexualki erasotzeko asmoz.

Joel Guerriau Frantziako senatari ohia asteleheneko epaiketan, Parisen. EDGAR SAPIÑA MANCHADO / EFE
Joel Guerriau Frantziako senatari ohia asteleheneko epaiketan, Parisen. EDGAR SAPIÑA MANCHADO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 28a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Parisko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo du Joel Guerriau Frantziako senatari ohia (2011-2025), sexu eraso bat egiteko intentzioarekin Sandrine Josso diputatua drogatzea egotzita. Lau urteko zigorra eskatu du harentzat, eta horietatik hemezortzi hilabete kartzelan igaro beharko ditu. 68 urte ditu Guerriauk.

2023ko azaroan izan zen erasoa, Guerriauren Parisko apartamentuan. Jossok auzitegiari adierazitakoaren arabera, senataria bisitatzera joan zen: «Pozez, berriro ere hautatu zutela ospatzeko. Gaua aurrera joan ahala, erasotzaile batekin egin nuen topo». Gonbidatu bakarra zen Josso. Diputatuaren arabera, Guerriauk xanpain kopa bat zerbitzatu zion sukaldean, eta hura probatzerakoan nabaritu zuen zaporea gozoegia eta itsaskorra zela. «Pentsatu nuen agian xanpaina txarra zela, baina, orduan, topa egiteko esan zidan berriro. Arraroa iruditu zitzaidan». Adierazi zuen ondoren gaizki sentitzen hasi zela, eta alde egin zuela etxetik, ospitalera.

Ikerketen arabera, Jossok droga dosi handi bat zuen odolean. Gainera, estasia aurkitu zuten Guerriauren apartamentuan ere. Senatariak azaldu zuen estasia aurreko egunean hartzeko zuela etxean, hau da, hautaketaren egunean izu atakeak kontrolatzeko. Baina azkenean erabaki zuela ez hartzea. «Laburbilduz, ergela naizela», adierazi zuen.

Guerriauk ezeztatu egin izan du beti droga hori sexu eraso bat egiteko erabili izana. Hala ere, Thierry Donard auzitegiko presidentearen arabera, hori «deduzitu» egiten da, «baldintza intimoengatik», biktimaren adierazpenek duten «koherentziarengatik» eta senatariak Jossori xanpaina edateko «behin eta berriz» eskatzeagatik.

Jossok ontzat hartu du sententzia, eta adierazi du «arindu itzela» hartu duela. Hala ere, senatari ohiaren kartzelatzea atzeratu egingo da, Guerriauren defentsak helegitea aurkeztu duelako auzitegiaren epaia jakin bezain laster.

Frantziako goi ganberan dimisioa aurkeztu zuen Guerriauk iragan urrian, eta, ondoren, Horizons alderdi politikotik —zentro-eskuina— kanporatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.