Frantziako presidente Jacques Chiracek Afrikara egin berri duen bisitak agerian utzi ditu Togoko presidente Gnassingbe Eyademaren heriotzak eta haren semearen kargu-hartzeak kolonia ohietan nagusi den ustelkeria eta jauntxokeria.
Herrialde horien independentziatik, Frantziako Gobernu guztiek hango erregimenen errepresioa eta ustelkeria onartu dute eta askotan Pariseko zerbitzu sekretuek haien buruzagi politikoak babestu dituzte.
Charles de Gaulle, Valery Giscard d'Estaing, François Mitterrand eta Jacques Chirac presidenteentzat koloniak Estatuaren lehentasunetako bat izan dira. Herrialde afrikar horiei lotutako guztia erreserbatua da Eliseoarentzat.
Françafrique izenarekin ezagutzen den politika De Gaullek abiatu zuen eta Chiracek, Charles Pascuak, zein Mitterrand aita-semeek bere egin zuten. Albisteen lehen lerrotik aldentzen ahalegindu dira beti, haien arteko harremanak isilpean gordetzen. Izan ere, kontu handienarekin zaindu eta zuhurtzia handienarekin hartu beharreko gaitzat jo izan du Parisek.
1960ko hamarkadan Afrikako koloniei independentzia ematea onartu zuenetik, estatu berriekiko elkarlana behar moraltzat hartu du Frantziak. Funtsean, haien menpekotasun loturei eusteko modu bat izan da, bere posizio ekonomikoa eta estrategikoa betikotuko duen «egonkortasuna» bermatzeko. Parisek babesten dituen estatuei ematen dizkien diru laguntzak ilunak izan dira beti. Frantziaren diru laguntzei esker, Afrikako herrialde frantses hiztun gehienek hilabetearen bukaeran kontuak biribildu ahal izan dituzte eta horren bitartez buruzagi ezgai, ustel edota tiranoen aurkako haserrea leher zedin eragotzi dute. Frantziak gauza guztien gainetik defendatu duen sistema neokolonial honen adierazle garbienetakoa da Togo. Presidentearen heriotzarekin, eskualdean zuen aliatu estuena galdu du Frantziak.
Eyadema presidenteak zorrotz gobernatu zuen Togo 1967tik. Urte hartan, kolonialismoaren ondoren Afrikan izandako lehenengo estatu kolpea eman zuen eta horrela iritsi zen boterera. Bere agintepeko diktadura giza eskubideen aurkako bortxaketa larriak egiteaz akusatu dute etengabe eta atzerriko laguntzarik gabe gelditu da, demokrazia faltagatik. 2001ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta Afrikar Batasunerako Erakundeak sortu zuen Togorako Ikerketa Batzorde Independenteak salatu zuen 1998an ehunka lagun exekutatu zituztela epaiketarik egin gabe. Oposizioko kideak izan zituzten jomuga exekuzioetan, eta iruzurrezko hauteskunde garaian egin zituzten. Gnassingbe Eyadema, agintean denbora luzeena eman duen Afrikako agintaria, bihotzekoak jota hil zen larunbatean, bere jaioterrian, Piyan, Togoko hego-ekialdean. Bere seme Faure Essozimna Gnassingbe izendatu dute herrialdeko estatuburu berri.
Eyadema hil eta ordu batzuk geroago, Togoko goi buruzagi militarrek Estatuko telebistan iragarri zuten haren seme Faure Gnassingbe zela lehendakari berria. Informazio hori berretsi zuen atzo Togoko Gobernuko webgune ofizialak.
NBEren arabera, indar armatuek hartu dute kontrolpean Togo. Militarrek konstituzioa bertan behera utzi dute, Gnassingbe presidente izendatu ahal izateko. Horrela, Legebiltzarreko eledun Fanbare Natchabari kargua hartzea eragotzi diote. Legearen arabera, azken horri zegokion behin-behinekoz lehendakari izatea, baina atzerrian zegoen, eta Benindik ezin itzulita geratu zen, mugak itxita zeudelako.
Faure Gnassingbe Legebiltzarreko eledun izendatu zuten diputatuek igandean, hark presidente kargua hartu ahal izateko. Gainera, behin-behineko presidente karguaren agintaldia aldatu zuten. Aldaketa horren arabera, aitaren agintaldia amaitu arte beteko du botere hutsunea, hots, 2008a arte.
Legebiltzarreko 81 diputatuetatik 61 hildako presidentearen aldekoak dira. Estatuko irratiari egindako adierazpenetan, Togoko lehen ministro Koffi Samak legeari eta ordenuari eusteko eskatu zien segurtasun indarrei. Herrialdeko lur eta aireko muga guztiak itxi zituzten. Handik denbora gutxira, indar armatuetako buru Zachari Nandja jeneralak deklarazio bat irakurri zuen Estatuko telebistan. Deklarazio horretan zioenez, Togoko indar armatuek leialtasuna agintzen zioten Faure Gnassingberi.
«Estatu kolpea»
Afrikako Batasunaren ustez (AB), Gnassingbek egindakoa estatu kolpea izan da. Frantziako presidente Chirac Afrikako hainbat estatubururekin harremanetan jarri da: batetik, haiei ziurtatzeko legea errespetatzeko eskatuko diola Lomeri; eta, bestetik, Gnassingbe karguan jartzeko modua ez duela babesten adierazteko. Afrikan aliatu estuena duen herrialde horrekiko halako jarrera bat hartzen duen lehenengo aldia da.
Eyadema jeneralak V. Errepublikako Frantziako presidente guztiak ezagutu zituen, De Gaullen garaitik hasita. Amnesty International erakundeak hainbat aldiz giza eskubideen bortxaketak egitea leporatu dion arren, Frantziak beti defendatu izan du. Orain, Togon, Kongon, Boli Kostan eta Senegalen dituen tropak alerta egoeran jarri ditu.
TOGO
Frantziaren lagun leiala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu