Alemaniako kantzilerraren prentsa burua oso lanpetuta dabil azken boladan; izan ere, Friedrich Merzen adierazpen bakoitza polemika iturri bilakatzera ohitu dira alemaniarrak. Egunotan, Philipp Birkenmaier bozeramaileak fama handia lortu du, eta hedabideek behin baino gehiagotan nabarmentzen dute, polemika bakoitzaren ostean, kazetariei leporatzen dien esaldia: «Ez dituzue Merzen hitzak ondo ulertu». Bada, kantziler kontserbadoreak urtebete bete du agintean, eta ezin da esan balantzea positiboa denik.Â
Boterera iritsi zenean, Alemania modernizatzeko erreforma historikoak iragarri zituen Merzek. Azpiegiturak zaharberritu, digitalizazioari astindua eman eta industria berriak erakarri. Edonola ere, urtebeteren ostean, ez ditu promesa gehienak bete. Irango gerraren ondorioz, Alemaniako ekonomiak kolpe itzela hartu du, hain justu, burua altxatzen ari zela zirudienean. Hori hala, aurreikuspenen arabera, ekonomia 0,5 baino ez da haziko aurten. Erreformen aro desiratua «nahi eta ezin» antzeko batean geratu da, eta herritarren artean etsipena zabaltzen doa.
Hori gutxi balitz bezala, Merzek sozialdemokratekin batera gobernatzen du eta koalizioaren baitan ika-mika handiak dituzte akordio handietara iristeko. Alemaniako hedabideek adierazi dute Finantza ministroarekin, Lars Klingbeil sozialdemokratarekin, dituen desadostasunak publikoak eta ozenak bilakatu direla. Der Spiegel-ek argitaratutako azken erreportajeak gobernuaren baitako iturri anonimoak batu ditu, eta denek azaldu dute Merz kantziler inpultsiboa eta erraz haserretzen diren horietakoa dela. Are gehiago, enpresa bateko zuzendari nagusi bat balitz bezala gobernatu nahi du, negoziaziorako gaitasuna eta borondatea erakutsi gabe.
Merkelek eta Scholzek beren adierazpenak asko, agian gehiegi, pentsatzen zituzten, eta Merzek, berriz, ez du ondorioetan pentsatzen
Nolanahi ere, Merzen Alemanian paradigma aldaketa handia sumatzen da. Koalizio gobernuak Bigarren Mundu Gerra osteko zorpetzerik handiena onartu du berrarmatzean inbertitzeko, eta hori guztia ongizate estatuaren bizkar egin da. Gobernuak mozketa handiak iragarri ditu osasun sisteman, eta defentsan oinarrituriko aurrekontuak aurkeztu ditu. Helburua da NATOrekin sinatutakoa betetzea eta BPGaren %5 defentsan inbertitzea. Europako armadarik handiena sortu nahi du Alemaniak, hots, 2031rako 460.000 soldadu izan nahi ditu: 260.000 aktibo eta 200.000 erreserbista.Â
Hala ere guztiz ere, azken urte honetako titular gehienak Merzen hanka sartzeek bete dituzte. Merkelek eta Scholzek beren adierazpenak asko, agian gehiegi, pentsatzen zituzten, eta Merzek, berriz, ez du ondorioetan pentsatzen. Trumpekin izan dituen ika-mika guztiak horren adibide garbia dira. Ikasleen topaketa batean, Iran AEBak umiliatzen ari zela esan eta gutxira, Trumpek Alemania bilakatu du bere etsai berria. Etxe Zuriko buruak Merz «zigortu» du eta handik 5.000 soldadu erretiratuko dituela iragarri. Nola erantzun du kantzilerrak, ordea? Trumpi berriz ere koipea emanez. Argi dagoen datu bakarra da, nahasmen guztiaren erdian, AfD ultraeskuindarra gora eta gora ari dela inkestetan. Bozak gaur egingo balira, eskuin muturrak aise irabaziko lituzke.