Atzo Fronte Polisarioak zioen Marokoko armadak lagun bat hil zuela Aaiunen (Mendebaldeko Sahara), Gdaim Izik kanpalekuan, baina gaur jakinarazi du hildakoak 11 direla. Mohamed Uld Salek Saharako Atzerri ministroak eman du datua. Zauritutako lagunen kopurua ere eman du: 723. Baita atzotik desagertuta daudenena ere: 159.
Operazio horretan desagertutakoek, gainera, Intifada hasi dutela gaur adierazi dute Aaiunen dauden zenbait kooperantek, Matala eta Haimatar auzoetan. Marokok salbuespen egoera ezarri duela diote, eta komunikazioak eten egin dituela. Aaiunera sartzeko errepideak itxita daude, eta ostiralera arte ezin da hara iristeko hegazkin txartelik erosi.
08:15ean hasi zen Marokoren erasoa, kanpalekuaren ekialdean, eta sutan geratu zen Gdaim Izik. "Biolentzia izugarriarekin sartu dira, bi armadaren arteko borroka balitz bezala. Baina badakite guk ez daukagula armarik, ezta sukaldeko labanarik ere", salatu zuten lekukoek Ahmedek. Erasoan, metrailadoreak, negar eragiteko gasa eta ur beroa erabili zituen Marokok. Jaima guztiak erre zituen, eta kanpalekua erabat txikitu zen. Aaiungo telebista katearen egoitza, postetxea eta Bucraa barrutiko egoitzak sutan geratu ziren.
Dena dela, Marokok eta Fronte Polisarioak bilera informalari ekin zioten atzo bertan New Yorken (AEB), NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatuta. Mendebaldeko Saharari buruzko negoziazio prozesuari berriro ekitea da NBEren xedea. Gaur ere elkartzeko asmoa dute.
meNDEBALDEKO SAHARA
Fronte Polisarioaren arabera, Marokok 11 lagun hil zituen atzo, 723 zauritu eta 159 desagertu daude
Aaiunen dauden zenbait kooperantek gaur goizean Intifada hasi dela esan dute, desagertutakoen senideek abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu