Hiroshimako Unibertsitateko Biologia eta Medikuntzako Erradiazio Institutuko ikerlariek erradioaktibitatea aurkitu duet Fukushimako prefekturako hamabost herritarrengan. Herritar horiek 15 eta 77 urte bitartean dituzte, eta zesio erradioaktibo arrastoak aurkitu dizkiete, bi probetan. Nanao Kamada ikerketako zuzendariak gaineratu du, hala ere, aurkitutako maila ez dela osasunarentzat kaltegarria. Beste lau pertsonengan iodo erradioaktibo arrastoak atzeman dituzte.
Kamadaren arabera, erradioaktibitate maila txikia izan arren, bi hilabetetan herritarrek jaso dutena 4,9 eta 13,5 milisievert artekoa da, urtean legez jaso daitekeena baino hogei aldiz handiagoa. Horregatik, herritar horiek ezingo dute oraindik Fukushima zentralaren inguruetan bizi, eta hortik kanpo daudenak ezingo dira etxera itzuli. Ikerketa zentraletik 40 kilometrora egin dute, maiatzaren hasieran eta amaieran.
Fukushimako itsas hondoan, gainera, estrontzio erradiaktiboa aurkitu dutela jakinarazi du Tepco zentrala kudeatzen duen konpainiak. Zehazki, estrontzio-89 eta estrontzio 90 aurkitu dute, uranioaren atomoaren fisioak sortzen duen elementua. Batez beste 29 urte irauten du elementu horrek, NHK telebista publikoak jakinarazi duenez. Azterketa hori ekainaren 2an egin zen, bi lekutan: kostaldetik hiru kilometrora eta hogei kilometrora.
Tepcok barkamena eskatu die konpainiako akziodunei martxoaren 11ko lurrikarak eta ondorengo tsunamiak eragin zuten hondamendi nuklearragatik eta horren kudeaketagatik. 8.600 akziodun bildu dira batzar nagusian, eta Masataka Shimizu presidenteak dimisioa aurkeztu du, maiatzaren 20ean aurreratu zuen moduan. Dagokion erantzukizunari aurre egiteko egingo zuela iragarri zuen orduan. Toshio Nishizawa Tepcoren orain arteko zuzendariak ordezkatuko du.